Mendi-joak

3

Izenburua: Mendi-joak
Idazlea: Aingeru Epaltza
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2017

Mendiak baizik ez ditu bizi, asteburua noiz ailegatuko beti, betizuak larrera bezala ateratzeko: hora zer diren mendi-joak. Inguruko gailurrak etxeko gelak bezain ezagunak eta korritua dituzte; Pirinioetara joan ohi dira ia aste birik behin; eta oporrak iristen diren aldiro plan handiago eta urrunagokoak egiten dituzte: Kilimanjarora igotzea, trekkinga Saharan, zeharkaldia Kaukason…Mendi giroko ipuinak idatzi ditu oraingoan Aingeru Epaltzak, baina atrezzoa besterik ez dira makilak eta kranpoiak, pioletak eta polainak, motxilak eta botak. Dekoratu horren atzean, giza harreman ñabar eta askotarikoak ageri dira: bikote-bizitza higatuak, familia maiz ozpinduak, beldur gauzatuak, poz geroratuak, ilusio zapuztuak, baita asetasun labur eta zorion-une ustekabekoak ere, egileak ohi duen begirada zorrotz-maltzurraz eta esku trebe-jostalariaz.

3
Iruzkina idatzi

avatar
3 Comment threads
0 Thread replies
1 Followers
 
Most reacted comment
Hottest comment thread
3 Comment authors
Ea 83.1Eibar 101.1Bilbo 54.3 Recent comment authors

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Berriena Zaharrena
Harpidetu
Ea 83.1
Ea 83.1

MENDI-JOAK Aingeru Epaltza Bai telebista-grabazioetan bai zinematografikoetan halako pantaila berde bat erabiltzen dute zeinen aurrean akzioa grabatzen duten. Gerora, irudi bat pantaila horretarako aukeratuko dute eta apainketa baten bidez akzioa bertan, irudi hartan, gertatzen dela ikusiko dugu. Aingeru Epaltzak hamar kontaketez hornituriko liburua aurkezten digu. Giza harremanak, sentimenduak edo barne-borrokak nahasten diren kontaketa hauek edonon gerta litezke, gehienbat, baina Aingeru Epaltzak mendian kokatu ditu. Hura ezagutzea ezin hobeto erakusten duenarentzako enklabe bikaina. Ezagutzen ditu bai Epaltzak mendian aurkitzen ditugun eragozpenak; baita ere nolatan areagotzen diren urteen metaketaz. Baina mendiak hor daude. Betidanik. Ez gure zain, ez. Ez guk menperatzeko, ez.… Gehiago irakurri

Eibar 101.1
Eibar 101.1

Mendian girotutako narrazio ederrak. Aingeru Epaltzak ederki ezagutzen dituen inguruetan kokatu ditu gertaerak, eta ziur aski horietatik asko egiazko gertaeretik hurbil daude. Gainera, tokiak ezagunak badituzu, erakagarritasun balio erantsia hartzen dute. Estilo aldetik, idazkera aberatsa eta xehetasunezkoa darabil, eta horregatik komenigarria da patxada uneetan irakurtzea; adibidez, uda aldean Pirinioeotan bazabiltza. Narrazio guztiek maila ona erakusten dute, eta bat nabarmentzekotan kontaketaren originaltasunagatik Erronkariko katamotzarena aipatuko nuke. Hori bai, maisu lanak izateko gauza bat falta zaie: azken momentuko ezustekoak edo aldaerak. Bere mendiko erreka adarren urak ibaian isurtzen du, eta ez dago ur korronte desbidaketarik edo ur-jausirik.

Bilbo 54.3
Bilbo 54.3

Oso liburu interesgarria Aingeru Epaltzaren azkena. “Erresuma eta fedea” trilogia bikaina argitaratu eta ia bost urte geroago, mendiari eta mendizaletasunari buruzko liburua ekarri digu Aingeruk. Hamar narraziok osatzen dute liburua eta denek dute maila ona, nahiz eta batzuk bikainak izan. Lehenengo narrazioak, gainera, maisuki azaltzen du Nafarroan gertatu den aldaketa politikoak Foruzaingoan izan duen eragina; euskararen tratamenduan, batez ere. Idazkera zaindua eta jasoa da liburu osoan eta euskara ederra erabiltzen du Epaltzak. Halaber, idazleak liburu honekin erakutsi du erregistroa alda dezakeela arazorik gabe, Erdi Arotik mende honetako mendizaletasunera. Ondorioz, oso gomendagarria da liburu hau, Aingeru Epaltzaren liburu guztiak bezalaxe.