Gure Jerusalem galdua

2

Izenburua: Gure Jerusalem galdua
Idazlea: Aingeru Epaltza
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2013

Istripua galarazi du, baina ahaleginak izerdi turrustak aterarazi dizkio, bisaian beheiti euri tantekin nahasten direnak. Zaldizkoak ere bere ibilia gelditu du. So ari zaio bere kaparen gibeletik. Belarri erdia falta du ezker aldetik eta eriaren distira hitsa dute haren begiek. Eztula egin du berriz, eztul heze itsusia. Gero listu egin du lurrera, ilun eta likatsu. Hotzikara lotu zaio elizgizonari, bizkarretik. Deabrua bere arimaren bila etorriz gero nola agertuko ote litzaiokeen gogoeta egiten duen guztietan, gisa horretako begirada eta gisa horretako eztula izan ditu gogoan.
Iruñera doa Joanes Mailu, errege Henrikeren mandatuz, erresuma galduko herritarrak matxinarazteko, espainol inbasoreak kanpora egotz ditzaten. Espioi lanak ez dira horren errazak, ordea, nafar gehienen leialtasuna ez baita Mailurena bezain kartsua, eta gaztelau zitalek bai baitituzte euskaldunen artean ere beren zerbitzari eta eskumakilak.
Abenturaz beterik dator Erresuma eta Fedea trilogia goraipatuaren amaierako eleberri hau: gudu odoltsuak eta amodio sutsuak, erregeen aretoak eta kartzela krudelak, mendeku eta traizioak, konspirazio eta sabotajeak, Mediterraneotik Pariseraino; horrez gain, malekonia kutsu batek blaitzen du kontakizuna, urteak iragan ahala Mailu zahartu, mila jipoi hartu eta bere printzipioei uko egin ez dien bakarra ohartzen denean dela; azkenik, bada kontatzearn gorazarre bat ere, Mailuren etsai eta aldi berean miresle den Axular apaizaren bitartez gaurko irakurleoi egindako keinu gisa.
Historia eta istoria modu harrigarrian uztartze asmatzen du Epaltzak, eleberri bikaina sortuz eta garaiko giroa ezin hobeto islatuz, umore eszeptiko bat erabiliz, maltzurtasuna eta pertsonaiekiko maitasuna batzen dituena, idazkera guztiz malgu, adierazkor eta biziaz.

2
Iruzkina idatzi

avatar
2 Comment threads
0 Thread replies
0 Followers
 
Most reacted comment
Hottest comment thread
2 Comment authors
Orexa 64.1Bilbo 54.3 Recent comment authors

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Berriena Zaharrena
Harpidetu
Orexa 64.1
Orexa 64.1

Eleberri ederra, dotore idatzia, entretenigarria eta aldi berean oso pedagogikoa, gure historiaren azterketa fin bate eginez tabu eta aurrejuzkurik gabe.

Bilbo 54.3
Bilbo 54.3

Hilabete bat baino gehiago egon naiz liburu bikain honekin eta gozamen izugarria izan da irakurketa luze hau. Maisuki biribildu du Aingeru Epaltzak Erresuma eta Fedea izeneko trilogia eta penaz gelditu naiz Joanes Mailu pertsonaiari buruz ezer gehiago irakurriko ez dudalako. Irakurketa astirotsua izan da, euskara zaindua, jasoa eta gozoa izan delako. Hamar orriko irakurketa beste liburuen ehun orriko irakurketa bezalakoa izan da, baina inoiz ez naiz horregatik aspertu edo adoregabetu; aitzitik, gero eta zaletuago Nafarroako erresumaren sekulako istorio honekin. Istorioa bikain kontatuta egon da eta onartu behar da Aingeruk guztiz asmatu duela Mailuren pasadizoak Axularrenekin tartekatuz. Izan ere, hasieran ematen… Gehiago irakurri