Itxaro Borda: “Karrikan aurkitzen ez den anbiguotasuna aurki daiteke Amaia Ezpeldoiren nobeletan”

0

Itxaro Bordak Boga boga eleberria aurkeztu zuen Baionan Iratxe Esnaola lagun zuela.

BAIONA. Boga boga eleberriko zein lehendik argitaratuak dituen beste hainbat nobeletako protagonista den Amaia Ezpeldoi hartu zuten ahotan solasaldiaren hasieran. Aurrekoekin alderatuz, Boga boga honek berritik zer dakarren galdetu zion Iratxe Esnaolak Itxarori. “Batetik, azken aurreko nobelan bezala, Amaia Ezpeldoik taldean burutzen du bere ikerketa”, erantzun zion idazleak. “Barnealdean zebilenean bakartasun handiz egiten zituen ikerketa horiek, baina hirira etorri denetik beste giro batean, beste testuinguru batean aurkitzen da. Bestetik, ETAren treguaz geroztik hor dugun gai bat jorratzen du eleberri honek, alegia, zer gertatu den Iparraldean erakunde armatuaren presentziak 30-40 urte iraun duelarik: ETAren santuario izendatu den leku honetan zer gertatu den, zer pentsamendu sortu den, zer pentsamendu debekatu den,…”.

Horren harira, Iratxek aipatu zuen bai GALek eta bai Hegoaldetik igarotako etakideek Iparraldean utzi zuten santuario horrek hainbat ondorio izan zituela, eta liburuan nabarmen agertzen dela ondorio horien artean gauza guztiak ez zirela positiboak izan. “Gai horren bihotzean sartu nahi nuen, alegia, zer eragin ukan duen Euskal Herri globalean Iparraldea santuario soil bezala kontsideratua izateak”, argitu zuen Bordak. “Uste dut emeki-emeki horri buruzko gauzak agertuko direla, jendea ere ausartuko dela hitz egiten hastera, eta, beharbada, Boga boga honetan lehenengo hurbilketa bat egiten da fikzioaren bidez. Euskal Herriko baldintza hauetan minbera ditugun gauzak aipatzeko baliabidea bat da fikzioa, nire ustez. Ezin ditugu zuzenki aipatu eta, kontzienteki, fikzioan sartzen ditugu, baita gure historiaren diskurtso ezberdinak ere. Beharbada, karrikan alde bakarreko diskurtsoak aipatzen ditugu, aurkakoak aurkako jendeekin baldin bagara, edo aldekoak aldekoekin baldin bagara. Fikzioan, ostera, aurkakoak diren pertsonaiak sor ditzakegu, borrokaren kontrakoak zein aldekoak, eta nahi badugu bata bestearen alde edo aurka ere mintzarazten ahal ditugu. Uste dut karrikan sumatzen ez den anbiguotasuna aurkitzen ahal dela Amaia Ezpeldoiren nobela guztietan, bereziki honetan”.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu