Uxue Apaolaza: “Geure iraganarekin ados ez egoteak sortzen duen egoeratik datoz galdera asko”

0

Uxue Apaolazak Mea culpa eleberria aurkeztu zuen Hernanin Gorka Bereziartua lagun zuela.

HERNANI. Elkarrizketa moduan bideratu zuen Gorka Bereziartuak Biteri kultur etxean hainbat herritarren aurrean burututako aurkezpena. Galde-erantzunen bidez Mea culpak planteatzen dituen makina bat hausnarketa azaleratu zituzten. Hona hemen elkarrizketa horren hainbat pasarte:

GORKA BEREZIARTUA: Iraganeko traumei buruz diharduen nobela dela esan al liteke?

UXUE APAOLAZA.: Ez nuke iraganeko traumak direnik esango. Lurren nerabezaroaz ari da, ziurtasunez beteriko nerabezaro batez, eta ez dut uste hor traumarik dagoenik. Traumak gero datoz, heldutasunera iritsi eta nerabezaro horrekiko desadostasunak sortzen zaizkionean. Bere iraganarekiko sentitzen duen arroztasun hori da traumatikoa. Eta uste dut liburuak planteatzen dituen galdera asko ildo horretatik datozela, alegia, geure iraganarekin ados ez egoteak sortzen duen egoera horretatik.

G.B.: Aipatzen dituzun ziurtasun horiek neurri handi batean ziurtasun politikoak dira, ideologia mailan kokatzen direnak…

U.A.: Azken finean, horixe da liburuaren helburuetako bat, ideia absolutu horiek puskatzea, alegia.

G.B.: Irakurle bezala, Lurren pertsonaia neurri batean belaunaldi baten erretratua izan daitekeela iruditu zait, hain zuzen ere, adin jakin batean maila politiko edo ideologikoan gauza oso ziurtzat jotzen zituena, beharbada denborarekin puskatzen joan diren ziurtasunak. Ez dakit halako asmorik ba ote zenuen…

U.A: Ezetz esango nuke, gurea bezalako egoeretan, gauzak hainbeste gogortzen direnean, diskurtso kolektiboak nahiko aplastanteak bihurtzen baitira. Nik uste Lurren historia azken batean ñabarduren, ezberdintasunaren aldarrikapena dela, diskurtso kolektibo horren baitan. Aldi berean, ordea, egia da ñabardura hori bereizteko aurretik kolektiboa definitu behar duzula. Baina iruditzen zait liburuan dagoen kolektiboaren definizioa ez dela definizio ponderatu bat, Lurrek bere ñabarduratik egiten duen irakurketa baizik, eta berriz ukatzen da hori egiten duenean. Beraz, ez nuke esango belaunaldi baten isla denik, bai ordea belaundaldi baten baitan nerabezaroa bizi izan duen pertsona baten ñabardurarena, kolektibo horrek uzten dion neurrian.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu