Anjel Lertxundi: “Historiari buruzko gure ikuspegiak partekatzen ez baditugu, nekez eraikiko dugu elkarrekin historia bat”

0

Anjel Lertxundik Etxeko hautsa eleberria aurkeztu zuen Andoainen Jorge Gimenez Bech lagun zuela.

ANDOAIN. Nobelan oso presente dagoen oroimenaren gaia jarri zion mahai gainean Jorge Gimenezek solasaldiaren hasieran: ezinezkoa ote da oroimenaren gainean kontakizun bateratu, adostu edo paktatu bat eraikitzea? “Aita oroimena galtzen ari da gaixotasun degeneratibo hori duelako, eta baita berrogei urtetan bere semearekin oroimen galtze bat praktikatu duelako ere”, heldu zion oriotarrak planteatutako gakoari. “Erregimeneko gizona izan da bera, gerra egina, eta ez du sekula semearekin horri buruz hitz egin nahi izan. Beraz, fisikoki oroimena galtzen hasten denean, oroimen historikoari buruz, gerran bizi izan zuen pasarte hari buruz, semeak ez du ezertxo ere jaso. Oroimen klase bat behintzat galduta dago aita-semeen artean, hor isiltasuna izan da nagusi”.

Beraz, oriotarraren esanetan, semea bere egia, bere bertsioa, bere istorioa aitari kontatzen hasten zaionean, horren abiapuntuan eskuzabaltasun handi bat dago, aitak ez baitio sekula ezertxo ere kontatu. “Semeak badaki aitak, duen gaixotasunaren ondorioz, ez duela kontatzen dion hori jasoko, baina kontatu egin nahi dio, baduelako zer kontatua, zer aztertua, eta bere buruari zer galdetua. Bi belaunaldien artean ez dute ezertaz hitz egin, aita-semeen arteko elkarbizitza isiltasunaren gainean eraikia izan da, eta hori horrela izan ez dadin eta elkarbizitza partekatua izan dadin, gauzak partekatu beharra dago. Historiak eta historiari buruzko gure ikuspegiak partikularrak dira, norberak ditu bere saminak, bere zauriak, bere sufrimendua, baina horiek inguruan ditugunekin partekatzen ez baditugu, nekez eraikiko dugu elkarrekin historia bat”.

Horren gainean, memoria ez dela zerbait estatikoa gaineratu zuen Lertxundik, bizitzan aurrera goazen heinean memoria ere aldatzen doala, alegia, norberaren pertzepzioen zein besteekin partekatzen duenaren arabera. “Eta maila pertsonalean horrela bada, herrien historietan ere gauza bera gertatzen da. Memoria ez da beti bera, eta guk daukagun gertakari historikoei buruzko memoria ere urteetan eta urteetan aldatzen doakigu. Gaur atzo gertatu zitzaigunari buruz dugun pertzepzioa eta hamar urte barru izango duguna desberdinak izango dira, baina aldaketa horretan hoberantz jotzea gure esku dagoen kontua da”.

Kritiken harira

Jorge Gimenezek aipatu zuen Etxeko hautsa eleberriak jaso dituen kritiken artean arazoa edo gatazka bere osotasunean ez hartu izana aurpegiratu zaiola Lertxundiri. “Nobela batek ez du, kontatzen duena kontatzen duela, gorabehera horri buruzko osotasun bat emango. Nobela baten helburua, besteak beste eta oso garrantzitsua nire ustez, egiten duzun lan horretan bidea markatu beharrean irakurlearen esku uztea da, ahal den gehiena, pentsatuz irakurlea gutxienez ni bezain zorrotza badela, edo gehiago. Hori abiapuntutzat hartuta, gure herrian ohituta gaude gatazkari buruz ez dela dena kontuan hartu esatera, gauza bakar bati buruz nahiko litzatekeen bezala hitz egiten ez den bitartean. Gatazkari buruz pertzepzio baten baitako kritika txiki bat agertzen denean, orduan ez duzu gatazka guztia bere osotasunean hartu. Baina hori esaten dizunak ez dizu gauza bera esango askoz ere laburragoa eta miopeagoa den ikuspuntua ematen duen batean, edota askoz ere ikuspegi itxiagoa ematen duen liburu baten aurrean. Baina itzul nadin neurera: literatur lan batek ezin du den-dena esateko bokaziorik izan, ez delako posible. Hori batetik. Bigarren, pertsonaia baten barnean sartzen zarenean, pertsonaia haren logikak behartzen zaitu nobela garatzera, ez ideologiaren logikak, ez gatazkaren edo ispilutza politiko baten edo beste istorioren baten logikak. Nobela bat gidatzen duena ez da istorioaren beraren eta pertsonaia horren kanpoan dagoen supraegitura, pertsonaia horren peripezien logika baizik. Hori da garrantzitsuena. Alegia, beste bat aukeratu eta nik horri arnasa eman, ahal den neurrian ni hortik desagertuz. Dudarik ez dago lehendabiziko elementuan, pertsonaia horren hautamenean ni nagoela eta hori hautatzen dudanean ez naizela inozoa, ez naizela kulparik gabea; baina behin abiapuntu hori aukeratuta, horrek errespetu osoa merezi du”.

Hari horri tiraka, eleberri honen amaieraren ingurukoak azaldu zituen Anjel Lertxundik. “Sekula santan ez dut jakiten bukaera nolakoa izango den, eta kasu honetan ere ez nekien. Are gehiago, eleberri honen bukaera oso berandu etorritako kontu bat da. Jorgek aipatu bezala, eleberriaren azkeneko orriak beste ahots batek idazten ditu, baina liburua bukatzear nengoela ere amaiera hori pentsatu gabe neukan oraindik. Eta halako batean ikusi nuen nobelaren logikak berak ninderamala bukaera horretara. Nire buruan beste amaiera bat nuen arren, azkeneko momentuan aldatu egin nuen, bertako hausnarketak hala eskatzen zidalako. Hain zuzen ere, uste dut neurri batean hori dela literaturaren abezea, eta hori egingo ez bagenu ez ginateke mesede handirik egiten ariko ez literaturari, ezta irakurleei ere. Idazle bat irakurlearen hurbileko istorioetara gerturatzen bada, ezin du idatzi, besterik gabe, gustu oso emateko eta txaloak jasotzeko; literaturak deserosotasun pixka bat ere eman behar dio. Alegia, zein dira gehien gustatu zaizkidan liburuak, oroimenean geratu zaizkidanak? Bada, liburua amaitu ostean nire barruan zerbait aldatu egin dela sentiarazi didatenak. Liburuak nire pertzepzioa batere aldatu ez badu, kilikagarria den zerbait edo hausturaren bat sortu ez badu, nahiz eta dibertitu edo nik uste nituenak baieztatu, liburu hori handik bi hilabetera ahaztuta dago”.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu