Leire Bilbao: “Poetikoak ez diren gauzekin poesia egiteko gogoa nuen”

0

Leire Bilbaok Scanner poesia liburua aurkeztu zuen Tolosan Xabier Mendiguren Elizegi lagun zuela.

TOLOSA. Liburuarentzat Scanner izena zergatik aukeratu zuen azaltzeko eskatuz hasi zuen saioa Xabier Mendigurenek. “Idazterakoan, idatzi nahi dugunean edo buruan idazteko ideiak gordetzen ari garenean eskaner lanak egiten ditugu batik bat”, erantzun zion Leire Bilbaok. “Eskanerrak horretarako balio duela konturatu nintzen, ideia bat hartu eta artxibatzeko, eta badakizu ideia hori artxibo batean eskaneatuta daukazula eta egunen batean errekupera dezakezula. Bestetik,gure bizitzan oso presente daude eskanerrak: lantokietan, ospitaleetan, aireportuetan. Elementu arrotz hori elementu arrunt bilakatu dela ohartu nintzen, etxeetara sartu zaigula plantxa edo labadora bezala. Eta eskanerra bezala hain hotzak, metalikoak diruditen elementu horiei, a priori oso poesia gutxi daukaten horiei beste begiratu bat eman behar diegula. Eta, batik bat, eskaner txiki bat egin dudala esateko aitzakia ederra zen. Begiratzeko modu bat da. Eskanerraren bitartez munduari begiratu diot, neure buruari, neu ez naizen horri, ustez neu naizen horri…”.

Sarrerako azalpen horren ostean liburuko hainbat poema errezitatu eta horien inguruko azalpenak eman zituen Leire Bilbaok. Horietako zenbait bildu ditugu hemen.

TERRANOVA

Berandu jaio zinen
esaten zidan amak.

Bi astez berandutu nintzen
munduari beldurrez.
Beste bi astez izan nintzen
arrain gorri amaren urontzian.

Hiru kilo seiehun
argitu zion irrati-telefonoz aitari.

Ipurdiko bat eta negar egin nuen aitarentzat.

Nire alaba!
Nire alaba!
entzun zen brankan.
Ondo gabiltza arrantzan
cambio y corto.

Gaur hartako marinelen edariak
aitaren kontura izan ziren.
Gau hartan aitak pozik egin zuen lo.

Sei hilabetera ezagutuko zuen
amaren amuko arraina.

Bere besoetan hartu ninduenean
lehen aldiz igeri egin nuen itsasoan.

Badakit ez zela nire negarra
gazitasun busti hura.

“Nire aita itsasgizona zen”, azaldu zuen Bilbaok. “Tokatzen zitzaidana baina hamabost egun beranduago jaio nintzela uste dut, eta aita ordurako itsasoan zegoen, Terranovan. Amak kontatu zidan telefonotik deitu ziola eta ipurdiko bat eman zidala edo atximurka egin zidala aitak entzuteko negar egin nezan. Horregatik, Marguerite Durasek en mi vida muy pronto fue demasiado tarde esan zuela ikusi nuenean, esaldi horixe jarri nuen poema honen hasieran: nire bizitzan oso goiz izan zen berandu.

LABADORA

Zu hil zinen egunean labadora bat erosi nuen.
Atexka zabaltzean
oinak busti zitzaizkidan,
ezustean harrapatu ninduen urak.
Erreka urdinak ditut bularrean, badakizu,
itsasoak gainezka egiten dit ahotik.
Labadoraren eskotillatik itsasoari begira izan zen,
bat-batean xaboi eta trapu artean
olatuak eraman zintuela jakin nuen,
garbigailu barrura atzamarrak sartu
eta zure bila aritu nintzen alferrik.
Ahotik egin nuen negar
belarrietatik zilborretik
eskuetatik azaletik,
eta orain hildako ibaiak ditut zainetan,
eta labadora berri bat.

Xabier Mendigurenek azaldu zuen bezala, Zakurrak labadoran izeneko zatian dator poema hau. “Orain arteko poesiak arrazionalki oso ondo ulertu zitezkeen, nahiz eta metaforak eta sinboloak eduki, horiek guztiak mundu logikora eramateko bideak ez ziren bereziki konplikatuak. Aldiz, horren ostean zati ausartago bat egin duzu, esperimentalagoa, surrealistagoa, ilunagoa…”.

Mendigurenek aipatu bezala, liburuko lehen hiru zatietan identitateari buruz diharduela azaldu zuen Leirek, “familia, sorkuntza, gorputza. Laugarrenean ere identitateari buruz ari naiz baina zerbaitek klask egiten dut, beste puntu batera joaten da. Identitateaz hizketan jarraitzen dut baina eguneroko gauzak sartzen ditut. Oso sinplea da eguneroko kontuekin azaltzeko. Labadora izeneko honetan, esaterako, pertsona bat hiltzen da, etxean aparailu bat izorratzen da eta berria erosi behar duzu. Hori da mezua, bizitzak aurrera darraiela”.

ENBOR MOZTUAK

Autoa errepidearen alkitranean
kamioi baten ostean noa.
Enbor moztuak daramatza
ebakitako atzamarrak bezala
bata bestearen gainean.
Eta nik zure eskua dut min.

Zure eskuaren minez,
ondoko eserlekura luzatu dut neurea
ohi nuen legez zure belaunetan pausatzeko,
eta orduan hezurren hutsunea ukitu dudanean
basoko langileak sentitu ditut
aizkorakadaka.

Zureekin lotu ez ziren
nire atzamarrak doaz kamioian
eta orain ez dakit
nola ukituko zaitudan berriz.

“Gauza ez poetikoekin poesia egiteko gogoa nuela aipatu dut lehen, eskanerra bera ere ez zela poetikoa, eta atal honetan ibilgailuak sartu dira, atal honetako poema guztiak ibilgailu batekin lotuta daude: batean taxia dago, bestean autobusa, bestean hegazkina… Elementu ez poetiko horiekin poesia egin nahi izan dut; egun batean edo bestean denok hartzen ditugu ibilgailu horiek, eta leku horietatik begiratuta zerbait poetikoa egin nahi nuen”. Ibilgailu horiek poesia egiteko aitzakia direla argitu zuen, ez diola poema ibilgailuari berari egin, alegia. “Poema honen kasuan, esaterako, behin enbor moztuak daramatzaten kamioi horietako baten atzetik nindoan gidatzen, eta enbor moztu horiek behatz moztuak zekarzkidaten gogora; horregatik diot zure behatz horiek botatzen ditudala faltan, ondoan ez ditudanak”.

BELAUNALDIA

Neuretik baino ez dakit
bi pauso atzerago noa beti kaletik
ez dut ezer harrapatu nahi
ez dut ezerk harrapa nazan nahi.

Mende oso bat daramat
arnasari eusten
erlojuak hazten
ez naizena irensten.

Ni jaio nintzen urtean
Rimbaudek Lizardiz galdetu zuen
euria egin zuen Etiopian
hondartzak bete egin ziren.

Artean gazteegia nintzen
alegia bihar alegia inoiz.
Artean aurretik nuen
mende oso bat bukatzen.

Orain esaten dut ments
orain esaten dut min.
Esa nahi nuke
hautsi sortu atera.

Bi mende erdik
ez dute mende oso bat osatzen.
Erdibidean bide erdian
erditu gintuzten.

Hemen gertatzen ari dena gara
eta ez dakit zer den.

“Beti pentsatu izan dut zelakoa izango den gure belaunaldia , zelan definituko gaituzten. Zer izango gara, lanaren belaunaldikoak, akaso? Azkenean liburutik kanpo utzi nuen poema batean nioen tupper ware-aren belaunaldikoak garela, amak ematen digula jana eginda eta iraultzaren errezeta ere ahaztua daukagula….”.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments