Pantzo Irigarai: “Gidatzen noanean neure buruari gaiak jarri eta bertsoak egiten saiatzen naiz baina, Potori bezala, ez zaizkit ateratzen”

0

Pantzo Hirigaraik Poto eleberria aurkeztu zuen Urruñan Odei Barroso eta Aimar Karrika lagun zituela.

BAIONA. Eleberriaren hasieran agertzen den bertsoa abestu zuen Aimar Karrikak aurkezpenaren hasieran:

Irakurlea entzun baduzu BECeko oihu ozena
bertsuen jaia oin eta doinu neurri eta hitzena.
Milaka ahots kantatzen ari Maialen baten izena
zu ere izan zira lilura baten biktima zuzena.
Hona hementxe abendu hartan benetan gertatu zena.

“Umoretik hartuta, 2009ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean ‘benetan’ gertatu zena kontatzen digu Pantzok”, jarraitu zuen bertsoaren ostean Karrikak. “Abenduaren 13 hartan Andoni Enganak ez du bere maila erakusten, hasieratik trabatzen da, aldioro errima berarekin errimatzen du eta bertsoek ez dute zentzu handirik. Orduan, publikoa momentu batean ohartzen da ez dela benetako Andoni Engana, eta publiko horren artean Aimar Poto detektibea dago, bertso-friki bat bezala kalifika genezakeen gizona”. Bertsolari elkarteko zuzendari den Iñaki Puruak ikerketa abian jar dezan eskatzen dio Potori, Engana non dagoen eta zer gertatu zaion argitzeko. Ikerketa gorabeheratsu bezain deskalabratu horretan bertsolaritzako beste izar batzuk ere desagertu direla ohartuko da Poto, eta elkartearen inguruko sekretu harrigarri bat ere atzemango du, Fernando Amezketarra jainko duen sekta bat dela, hain zuzen.“Azken finean fikziozko bertso mundu batean murgiltzen gaitu Pantzok berrehun orrialdeko liburu irrigarri eta umoretsu honetan, bertso aunitzez hornitua eta, gure ustetan, bertso munduko edo inguruko jendearentzat gomendagarria dena. Pantzok errango digu nola sortu zen ideia hori eta plazer hartu duen hau eginez”.

Idazle baigorriarrak argitu zuen bezala, antzerki asko idatzia zuenez beste zerbait probatu nahi zuen, “bereziki eleberri baten idaztea. Ez nekien gai nintzenez baina laster ikusiko nuen aunitzez zailago dela eleberri baten idaztea antzerki bat baino, esaldiak gehiago joritu behar baitira. Antzerkia beti solasaldiak dira eta niretako aunitzez errazago da hori, ez du, eleberri batekin konparatuz, hainbeste ariketa galdatzen. Baina entseatu nahi nuen. Hasieratik segurua zen antzerkian erabiltzen nituen bi osagaiekin ariko nintzela: umorea eta suspentsea. Beraz, inkesta bat behar nuen sortu, inkesta umoretsu bat, baina gaia falta zitzaidan. Bilaketa horretan ari nintzela, bertso saio batean egokitu nintzen behin, eta hantxe piztu zitzaidan argia: istorioa bertso munduan kokatzea erabaki nuen, bertsozale fidela bainaiz eta biziki maite baitut bertsolaritza. Behin hori jakinda istorioan pentsatu behar nuen, inkesta edo ikerketa bat egin behar zenez zerbait larria gertatu behar zuen, eta bertsolaritzako izar batzuen desagertzea sartzea pentsatu nuen. Ikerketa hori burutuko zuen inkestalaria ere behar nuen eta horrela sortu nuen Aimar Poto: berehala jin zitzaidan bertsozale errabiatua izanen zela hau ere, pixka bat ene irudikoa, bat-bateko bertsorik egiten ez jakitea frustrazio bezala bizi duena”.

Bertsolaritzarekin eguneroko harremana

Liburuaren ardatza bertsolaritzaren mundua izaki, Odei Barrosok egunerokoan bertsolaritzarekin zer harreman mota duen galdetu zion Pantzori. “Nire buruan egunero dut harremana bertsolaritzarekin, askotan saiatzen bainaiz bertsoak egiten. Egunero denbora pixka bat pasatzen dut autoan eta, gidatzen noan bitartean, neure buruari gaiak jarri eta bertsoak egiten saiatzen naiz baina, Potori bezala, ez zaizkit ateratzen”. Barrosok azaldu zuen bezala, bertsolaritza munduaren inguruko erreferentzia asko agertzen da liburuan: bertso elkarteko zenbait pertsonen deskribapenak, izaerak, batzuetan erabat karikaturizatuak eta beste zenbaitetan pixka bat zehatzagoak…

Poto eleberria irakurle ororentzako liburua den ala erreferentzia horiek zertxobait mugatzen ote duten galdetu zion idazleari. “Irakurle orokorrarentzat izanen da atsegina ene irudikoz, bai baitira abenturak, bai baita umorea…, baina egia da bertso mundua zein erreferentzia horiek ezagutzen dituenak abantaila bat izango duela”, zehaztu zuen. “Liburuan agertzen diren pertsona batzuk taula gainean ikusten ditugu eta ia denek ezagutzen dituzte, baina gero badira beste zenbait hain jendaurrekoak ez direnak eta liburua irakurtzeko horien ezagutza ukaitea aldeko izan daiteke”.

Poto eta Soto Julio

Sotoren irudia dakar liburuaren azalak, eta horri buruz galdegin zion Karrikak Hirigarairi. “Hik pentsatu duk bazela Soto eta Poto hitzen artean joko bat, baina ez dago halakorik, akats tekniko baten ondorio da guztia. Azalean beste argazki bat jartzeko asmoa genuen, BECeko publikoa bizkarretik ikusita, publiko anonimo bat alegia, baina inprimatu behar zen egunaren bezperan Luzien Etxezaharretak deitu zidan arrazoi tekniko bat tarteko argazki hori ezin zela sartu esanez. Ordezko argazkia biharamunerako aurkitu beharra zegoen, Sotoren hau proposatu zidan eta baietz esan nion. Baina ez nintzen ohartu ere egin bertan agertzen zena Julio Soto zela. Gero askok galdegin didate zergatik aukeratu genuen Julio Soto, gainera bera ez da liburuan batere agertzen… Ez dakit Sotok berak ikusi duen baina agian galdetuko du “zergatik ni?”…

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu