Miren Asiain: “Irudi politak marraztea baino, elementu arraroak sortzea gustatzen zait”

0

[2012ko abenduan Beterriko Liburua aldizkariaren 56. zenbakian argitaratutako elkarrizketa]

Iruñean jaio zen 1988an. Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Buenos Airesko Universidad del Museo Social Argentino delakoan ikasketak ere eginak ditu; Argentinako hiriburura joana da berriki. Hainbat erakusketetan parte hartu du eta aldizkari eta proiektu ezberdinetan ere lan egin du. Hara! lanarekin Album Ilustratuen VI. Etxepare Saria irabazi zuen.

Egunerokotasunean sortzen diren une magikoak ekarri dituzu orriotara …
Egunerokotasunari buruz hitz egin nahi nuen. Beti iruditu izan zait ipuinetan beste mundu bat azaltzen dela, fantasiazko mundu bat, eta ez diogu egunero inguruan dugunari erreparatzen; aldamenean dauzkagun gauza politetan arreta pixka bat jartzea besterik ez da baina… Kontua da askotan gauza polit edo magiko horiek umeentzako gauzak balira bezala ikusten ditugula, eta helduok ez ditugula hainbeste gozatzen.

Aspaldikoa duzu, beraz, egunerokotasunari buruz idazteko asmoa…
Bai, beti hausnartu izan dut horri buruz. Pertsona arrunten bizitza gustatzen zait, auzoko bizitza. Lehen aipatu bezala, ipuinetan mundu faltsuak erakusten dizkiguten sentsazio izan dut beti, eta ez nuen nik ere nire lanean hori egin nahi. Noski, hemen badira elementu batzuk beharbada bizimodu arruntean egunero ikusten ez direnak, baina ez nuke fantasia denik esango, irudimena baizik; bi gauza ezberdin dira. Eguneroko gauza horietatik atera daiteke irudimena.

Etxepare Sariko epaimahaikide Iñaki Agirrezabalek zioen lan honek testu aldetik leiho eta ate asko irekitzen dizkiola irakurleari eta kontatzen ez dena kontatzen dena baino garrantzitsuagoa dela. Hori lortu nahi al zenuen?
Bai, bai. Esan bezala, oso argi neukan egunerokotasunari buruz hitz egin nahi nuela, ohiko gauzei buruz, eta hortik zerbait atera. Hori hala izanda, irudiekin hasi nintzen lanean, bozetoen bidez ipuina nolakoa izango zen planteatu nuen gutxi gorabehera: orri bakoitzean zer sartuko nuen, istorioaren erritmoa zein izango zen eta beste hainbat aspektu. Eta behin lan hori irudien bidez eginda, testua sartu nuen, baina ordura arte egindakoari lotura pixka bat emateko besterik ez, iruditzen baitzitzaidan irudietan mila gauza zeudela ezkutatuta eta ez zegoela testu askoren beharrik.

Jon Zabaletak, berriz, honakoa zioen irudiei buruz: “Inperfekzio erakargarri bat ere badauka, haur batek marrazten duenean bezalakoa”. Inperfekzio hori bilatu al duzu?
Asmo hori beti dagoela uste dut; alegia, inperfekzio horrek funtzionatu egiten du, eta hori ikasten den zerbait da. Asko gustatzen zait irudietan zikinkeria pixka bat ikustea, arkatzarena edo tresna batzuena, nahiz eta beharbada lan honetan ez den asko ikusten. Horrelako teknikak erabiltzea asko gustatzen zait.

Album honetan teknika bat baino gehiago erabili duzu, ezta?
Bai. Oso ongi pasatu nuen liburu hau egiten. Ez dut lanerako inolako trabarik eduki. Adibide bat jartzearren, irudi bat sortzen ari nintzela horman neukan argazki bati begiratu, eta bat-batean argazki zatia irudian sar nezakeela pentsatu nuen. Pentsatu eta egin. Eta modu berean testu zatiak ere sartu ditut irudietan, testu zati hautatuak. Zentzu horretan diot inolako trabarik gabe aritu naizela lanean. Hasierako ideia baneukan, baina gero lanean hasi eta bide horrek erabat bestelako den puntu batera eraman zaitzake. Eta prozesu horretan oso ondo pasatzen dut.

Teknika nahasketa hori lehen ere erabili izan al zenuen?
Liburu honetarako egin dudala esango nuke. Azken finean, niretzat proiektu bakoitza mundu bat da. Askotan ikusten dut jendeak teknika bat aukeratzen duela eta ez dela hortik ateratzen; nik, ordea, ezin du halakorik egin, asko gustatzen baitzait inprobisatzea eta gauza berriak aurkitzea. Lanean hasi eta ordu batzuk horretan eman ondoren inondik ere espero ez nuen zerbait atera zaidala ikusteak sekulako poza ematen dit. Irudi politak marraztea baino, elementu arraroak sortzea gustatzen zait, arraro uzten nautenak, sentsatzio hori gustatzen baitzait.

Lotarakoan amonak Hara! ipuina irakurtzen dio bilobari…
Bai, halako jokoak asko gustatzen zaizkit. Irudietako hormetan agertzen diren koadroetan argazki errealak ere sartu ditut, adibidez. Haurrek, gainera, xehetasun guztiei erreparatzen diete. Dena den, adinaren kontu hori ez daukat oso garbi, alegia, album hauek umeentzat bakarrik ote diren. Editoreak liburua zein adin tartetarako gomendatuko genuen galdetu zidanean, ez nekien non jarri behar nuen muga. Alde batetik iruditzen zitzaidan irakurtzen ez dakien ume bati heldu batek konta diezaiokeela ipuina eta marrazkiak bere kabuz ikus ditzakeela; eta bestetik, pena ematen dit helduek halako produktuetan ez erreparatzeak. Beraz, haurrentzako den galdetzen didatenean, ez dut jakiten zer esan, ni heldua izanda asko gustatzen baitzaizkit halako produktuak. Kasu honetan, esaterako, istorioko pertsonaiak umea eta amona izango zirela erabaki nuen nik, baina gero bakoitzak bere erara interpreta dezake kontatzen dena, eta zentzu horretan helduentzat ere joko asko eman dezakeela uste dut.

Etxepare Saria da gurean haur eta gazte literaturako irudigintzarako dagoen beka bakarra. Gainera, Pello Elzaburuk aurkezpenean aipatu zuen Nafarroako Gobernuak aurten ez duela parte hartu sariketan. Arriskuan egon al liteke?
Momentuz hurrengo bekarako deialdia ere egina dago, beraz, beste urtebetez behintzat, emango da. Dena den, oso gutxi daude, bai; gainera, hain urriak izanda jende askok parte hartzen du dauden horietan, eta noski, horrek asko murrizten ditu zerbait lortzeko aukerak. Jakina, ezin dugu burutazio horiekin ibili eta animatu beharra dago, baina hotz-hotzean pentsatuta, oso zaila da zerbait lortzea.

Honek bultzadatxo bat emango dizu, ezta?
Hori espero dut. Zoritxarrez, badirudi euskaraz bakarrik argitaratuko dela; aurrekoak gaztelaniaz edota bretoieraz ere kaleratu ziren, baina hau, krisia tarteko, euskaraz bakarrik argitaratuko da momentuz. Baina tira, hala izanda ere aukerak zabal diezazkidake, bai. Orain Argentinara noa eta hara eramango dut, ea zer egin dezakedan. Arte mugimendu handia dago Argentinan.

Etxepare Sariaren aurreko edizioaren irabazle Leire Salaberriak zioen bere ustez Euskal Herrian beste toki batzuetan baino atzerago gabiltzala liburu ilustratuen kontu honetan, pixkanaka zerbait egiten ari garela baina iruditzen zaiola kultura bisual gutxi daukala jendeak, eta ez ote litzatekeen hori hezkuntzatik bultzatu beharko…
Ez dakit. Ni txikitatik Elena Odriozolaren irudiekin maiteminduta egon naiz, esaterako, eta beti iruditu zait Euskal Herrian oso kalitate oneko jendea dagoela. Baina bai, kultura bisual horren falta dagoela egia izan daiteke. Hain zuzen ere, orain egun batzuk bidaiarako gauzak prestatzen ari nintzela, eskola garaiko lan batzuk aurkituko nituen: liburuxkak, fotokopiak eta halakoak, eta hortxe baieztatu ahal izan nuen irudiari ez zitzaiola garrantzi handirik ematen. Aldi berean, hemendik ateratzen diren artistak oso onak direla iruditzen zait. Beraz, ez daukat oso garbi non dagoen arazoa.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu