Iñigo Errasti: “Itzulpen onak ditugu; orain, goazen ondo egindako hori saltzera”

0

[2012ko irailean Beterriko Liburua aldizkariaren 55. zenbakian argitaratutako elkarrizketa]

Bilbon jaioa, Diman bizi da egun. Euskal Filologian ikasi zuen, baita aurrerago Itzulpengintza eta Interpretazioa ere, eta zenbait urtez irakasle ibili ondoren, egun administrazioan egiten du lan, itzultzaile gisa. egiten du lan. Nancy Hustonen Jaiotze markak aurki dezakegu itzuli dituen liburuen artean. Aurten John Steinbeck-en Saguak eta gizonak eleberri ezaguna ekarri du euskarara.

AEBtako eskoletan derrigorrezko irakurgaia da Saguak eta gizonak. Zein esango zenuke direla horren arrazoiak?
Batetik, Steinbeck autore garrantzitsua da AEBtan. Steinbeck lehen aldiz irakurri nahi dutenentzat, gazteentzat edota irakurtzeko ohitura handirik ez duten haientzat adibidez, liburu aproposa dela uste dut. Laburra da, baina aldi berean oso trinkoa, eta esango nuke irakurlea oso erraz harrapatzen duela, berehala “hemen badago zerbait arraroa” pentsatzen baitu. Uste dut hori arrazoietako bat izan daitekeela, gazteak engantxatzeko aproposa delako. Bestetik, XX. mendeko AEBtako garai berezi bat azaltzen du, zeharbidez bada ere, Depresio Handiaren aldi hura alegia. Eta horrekin batera, gai orokorragoak lantzeko ere aukera asko ematen du: laguntasuna, bakardadea, biolentzia, heriotza, justiziarik eza… Alde horretatik, oso emankorra da ikasgeletan lantzeko.

Inazio Mujika Iraolak euskal ikasleek halakoak liburuak ere irakurri behar lituzketela aipatu zuen aurkezpenan…
Liburu hau itzultzeko proposamena egin zidanean horixe esan zidan hain zuzen ere, hemengo ikasleentzat ere liburu aproposa izan zitekeenaren susmoa bazuela, eta halaxe planteatu zidan, printzipioz, nahiz eta literatura unibertsala izan eta klasikotzat jo, helburu nagusia gazteak izango zirela, institutuetako gazteak. Eta hori koltxoi majoa da lehenengo irakurle potentzialak izateko.

AEBtako literaturaren historiako parte den arren, garaiko kritikarien artean harrera txarra izan zuen Steinbeck-en nobelak. Besteak beste, hizkuntza zatarrarekin eta araurik errespetatu gabe idatzitako lana zela aurpegiratu zioten…
Egia esan, itzultzeko garaian ez naiz autorearen edota liburuaren inguruan gehiegi ikertzen ibiltzen, baina gaur egun interneten dena hain erraz topa daitekeen honetan, garai hartako egunkari batzuk begiratzen ibili nintzen, eta kritika horiek oso deigarriak iruditu zitzaizkidan. Alegia, alde batetik kritika txarrak jaso zituen lanaren balioari zegokionez, ez zela nobela ona zioten; baina bestetik, zerabilen hizkeraren inguruan ere oso kritika gogorrak jaso zituen, hizkera oso zabarra zela, ez zegoela horrela idazterik, etab. Aspektu bietatik begiratuta txartzat jo zuten. Seguru asko Depresio Handiaren garai hartan gaia apur bat sensiblea ere izango zen batzuentzat, mundu guztiak ez zuen errealitate hori autoreak bezala ikusiko. Alde puritano hori badago gizartean, hemen eta toki guztietan, eta han ere oso nabarmena da. Beraz, beharbada horrek ere izan zuen eraginik jasotako kritika txar horietan.

Gerora, ordea, sari bat baino gehiago jaso du eleberriak, filma ere egin zen…
Bai, eta telesailen bat ere badagoela uste dut. Gerora asko eman du, bai. Makina bat lanekin gertatu da hori, bere momentuan ez dira aintzat hartuak izan, baina denborarekin jendeak beste modu batez ikusi ditu eta jaso dute merezi zuten onarpena.

1929ko Depresio Handian Steinbeck bera ere rantxoz-rantxo ibili omen zen, eleberriko protagonistak bezala…
Bai, bai. Badira idazle batzuk bizitza xelebre xamarra edo behintzat oso mugitua izan dutenak. Steinbeck bera ere dezente ibili omen zen hara eta hona. Guk normalean idazlearen beste irudi bat jasotzen dugu, gehienetan adinean sartuxeagoak daudenean ezagutzen ditugu. Baina bai, Steinbeck bera gazte denboran rantxoz-rantxo ibili omen zen, eta ondo ezagutu zuen giro hura, eta behar ere bai, gero idatzi zuen moduan idazteko. Giro horretan sartua egon behar izan zuen uneren batean, berak kontatzen duena ez da kanpotik ikusten.

Eleberriko testuinguruak gaur egungo egoera ekar dakioke gogora irakurleari…
Niri halaxe gertatu zitzaidan, bai. Halako liburuak unibertsal egiten dituena horixe da, alegia, irakurleak, kontatzen diren egoera horiek identifikatu egin ditzakeela idatziak izan ziren unetik denbora batera edota beste espazio batean, hurbilago edo urrunago, baina irakurleari ez zaizkio erabat ezezagun. Eta kasu honetan horixe gertatzen da, guk ere egoera ekonomiko kaxkarra bizi dugu eta injustiziak egunero ikusten ditugu. Beraz, normala da liburuan ikusten diren gai asko gure gizarteko zenbait egoerekin identifikatzea.

Idazkera sinplea darabil Steinbeck-ek, baina indar handikoa. Etengabe sumatzen da zerbait tragikoa gertatuko dela, kontuak itxura onik ez daukala, eta amaieran halaxe gertatzen da. Itzulpenean ere sentsazio hori sorrarazteak lanik eman al dizu?
Estiloarekin asmatzen ari naizen edo ez jakiteko, zera egiten dut: erabiliko dudan hiztegiaren eta sintaxiaren inguruko hausnarketa labur bat egin eta gehiegi luzatu gabe itzultzen hasten naiz. 20-30 orri idazten ditudanean atzera bueltatu eta irakurri egiten dut idatzitakoa. Gutxi asko, hor egoten da estilo hori. Batzuetan ikusten duzu ez duela batere balio eta berriz idatzi behar izaten da; beste batzuetan, handik eta hemendik leundu, eta asmatu egiten da. Kasu honetan ere, ez nuen gauza sistematikorik egin. Alde batetik narratzailearen ahotsa neukan eta bestetik, elkarrizketak. Eleberriko zenbait zatitan pausa momentu bat dago, pixka bat lirikoagoa dena, eta beste pasarte batzuetan oso azkar gertatzen dira gauzak. Kontraste hori sortu behar nuen, beraz. Bestetik, elkarrizketetan ahozkotik hurbilago dagoen hizkera erabiltzen saiatu naiz, gramatika eta gainerakoak errespetatuz, noski, baina ahozkora gerturatuz. Askotan irudia sortzen nuen buruan, kontatu behar nuen horretan gertatzen zenaren irudia, gero hori paperera ekartzeko. Dena den, liburu honek beste kontu bat ere badauka estiloari dagokionez. Jatorrizkoan alde handia dago narratzailearen ahotsaren eta pertsonaien ahotsaren artean, sekulakoa. Pertsonaiena oso hizkera zabarra da; gizarte klase oso baxuko jendea da, oso giro gogorrean bizi dena. Eta, lehen esan dugun bezala, horixe kritikatu zioten Steinbecki, oso hizkera zakarra zerabilela, biraoz eta hitz zatarrez josia. Idatzita ere halaxe dago, laburtzapenez, gaizki hitz egiten duen baten hizkeran jasoa. Gaztelaniazko bertsioan ez da halakorik ageri, akaso putaren bat agertuko da halako batean, baina asko gehiago ez, eta frantsesezko bertsioan ere, beste horrenbeste. Guk euskaraz ez daukagu halako erregistrorik garatuta, eta ez dakit inoiz garatzera helduko garen. Horixe zen itzulpen honi ikusten nion arazo nagusia, eta halaxe esan nion editoreari, ingelesetik euskarara itzultzerakoan galdu egingo zela hori guztia. Eta galdu egiten da. Horregatik, bi ahotsak oso ondo bereizten saiatu naiz, Hiztegi Batuan sartu eta ‘behe-mailakoa’, ‘herri-mailakoa’, ‘lagunartekoa’ edota ‘peioratiboa’ laburdura daramaten hitzak jaso eta horiek erabiltzen. Baina, zaila da. Eta horixe da euskara literarioak daukan arazoetako bat. Susmoa daukat euskaraz idazten dutenek, idazleek, itzultzaileok baino libreago jokatzen dutela halako gauzak testuratzerakoan. Hori zen kezketako bat eta ez dakit ze neurritaraino konpondu dudan. Muga jarri beharra zegoen: honaino itzul daiteke eta hemendik aurrera ez. Baina beti dago itzuli ezin daitekeen zerbait. Bestetik, nire ustez, eta beharbada erratuta egongo naiz, gurean kaleko hizkera oso hurbil dago gaztelaniatik, eta agian nolabaiteko lotsa-edo ematen digu hori testura ekartzeak, erdarakadak direlakoan. Ez ditugu erregistro baxuko hizkera moduan identifikatzen. Eta bada beste kontu bat ere. kaleko euskara erabiltzea erabakiko bagenu, nongoa erabili behar dugu? Nirea? Zurea? Ez baitira berdinak.

Garbi al zeneukan muga hori non jarri?
Inazio Mujika Iraolak lehenengo aldiz Saguak eta gizonak itzultzeko proposamena egin eta ezezkoa eman nionean hauxe zen horretarako arrazoietako bat. Askotan gertatzen da, testu bat irakurtzen duzu eta pentsatzen duzu, “eskerrak ez daukadan hau itzuli beharrik”. Bada, liburu honekin horixe bera gertatu zitzaidan; ingelesez irakurria neukan eta itzultzea sekulako lana izango zela pentsatzen nuen. Orduan, behin itzuliko nuela erabakitakoan, muga non jarri? Ezin nuen gaizki idatzi, ingelesez apropos zegoen gaizki idatzia, baina euskaraz ezin da halakorik egin, edo behintzat ez gara laburtzapenekin eta halakoekin idaztera heldu.

Eta heldu beharko al genuke horra?
Beharbada bai, baina nik uste dut idazleek egin behar dutela bide hori; itzultzaileok ere bai, noski, baina idazleekin eskutik edo pixka bat atzerago. Haiek landu behar dute hori. AEBtako literaturaren kasuan, beltzek hizkera bat dute eta hori garbi ikusten da. Klase ertain edo baxuko jendeak beste hizkera bat du eta nahiko onartua dago. Gaur egun AEBtan Steinbeck irakurtzen duenak ez du pentsatuko gaizki idatzita dagoenik, hizkera modu jakin bat jasotzen duela, baizik. Baina, hori gurean egiten hasiko bagina… Nik zer egingo nuke, herrian egiten dugun bezala bizkaieraz idatzi? Ez da erraza. Normalean beti ondo eta polit idazten saiatzen gara, eta has zaitez orain apropos gaizki idazten…

Ander Aranak honakoa zioen nobelaren amaierari buruz: “Saguak eta gizonak eleberriaren alderdirik azpimarragarriena da, nire ustez, Steinbeckek apurka-apurka eta maitasunez prestatzen duela irakurlea amaierako gertakari latz eta tragikoak guztiz sinesgarriak –eta are ekidinezinak- izan daitezen”. Amaierak kezkarik sortu al dizu?
Hasieran pentsatu nuen, bai, amaiera eztanda bat zela, oso efektista. Hara heldu baino lehen askotan pentsatzen nuen lortuko ote nuen momentu hori ondo ematea edo irakurlea zain eduki eta aho-zabalik uztea. Baina bukaerara iritsi nintzenerako hain nengoen nekatua, idatzi egin nuen, besterik gabe, bi egun geroago irakurri nuenean ondo zegoela iruditu zitzaidan, gauzak batzuk aldatuta, noski. Baina, egia esan, amaierak gehiago kezkatu ninduen bertara iritsi baino lehen huraxe lantzea tokatu zitzaidanean baino.

Gaur egun gutxik jartzen du ezbaian euskal itzulpenaren kalitatea. Irakurtzen ote diren, ordea, ez dago hain garbi…
Nik uste dut euskarazko literaturak gaur egun irakurleen aldetik militantzia handia eskatzen duela, eta ez dakit militantzietarako garaia den. Azkeneko urteetan idazleek, itzultzaileek, gramatikariek, testugileek orokorrean sekulako lana egin dutela iruditzen zait, azken 10-15 urteetan lan asko egin dela testuak hobetzeko. Baina esango nuke irakurleek, eta irakurleok, ez dugula horrenbesteko ahaleginik egin horren pare jartzeko. Gero eta itzulpen hobeak egiten dira. Denok daukagu buruan lehengo ideia hori, alegia itzulpen bat irakurtzen hasi eta ez zegoela modurik, faltsua ematen zuelako, ez zelako sinesgarria. Hori gero eta gutxiago gertatzen da orain. Baina orain falta dena zera dela uste dut, euskal irakurlea etortzea eta esatea, “bai, nik euskaraz irakurriko dut”. Horrek lana eskatzen du, kosta egiten da, eta gozatzera heltzeko asko irakurri behar da. Horren aurrean badut beldur pixka bat, ez baitakit jendea behar adina inplikatuko ote den; baina argi daukat gutxienez eskaini egin behar zaiola. Beste arlo askotan egiten da lana, promozioa eta gainerakoak; bada, irakurketa bultzatzeko ere egin liteke halakorik.

Eta zer egin irakurlearen ahalegin horri begira?
Lehen aipatu dudan ideia hori, euskal itzulpena eskasa dela alegia, mundu honetan gabiltzanon artean nahiko gainditua dagoela esango nuke, baina ez dakit hori bera gizarte osoari ondo helarazi zaion. Publizitatea, gauza guztietan bezala, oso garrantzitsua da, eta publizitatea egin behar da: bereziki ondo eginiko itzulpenak gehiago bultzatuz, gizartean ospea edo itzala duen jendea itzulpen horien erakusle jarriz,… Nire ustez publizitatea egitea nahitaezkoa da. Militantziari buruz aritu gara lehen, baina militantzia oso garestia da jada, eta ez dakit emankorra den. Publizitateak, ordea, dena saltzen du, eta azkenean, ondo saltzen asmatuz gero, jendeak erosi egiten du. Bestetik, prestigioa ere eman beharko litzaioke, prestigioa duen edozer gauza ondo saltzen baita. Hortxe ditugu, adibide modura, smartphone-ak. Atzo bertan sekulako zalaparta eragin zuen I-Phone 5 berriak. Ondo egindako gauza bat da. Bada, uste dut itzulpenaren kasuan badaukagula ondo egindako produktu bat, oraindik hobetu daitekeena, noski, baina Apple-k ere beti hobetzen ditu telefonoak, edo hobetzen omen ditu behintzat. Ondo eginiko gauza bat daukagu, badirudi hobetzen ari garela, beraz, goazen ondo eginiko zerbait saltzera. Batek esan dezake, “ez ez, baina irakurleak berez izan behar du gogo hori….”. Jendea liburu-dendara doanean, ordea, aurre-aurrean jartzen dutena erosten du gehiengoak, bere kabuz atzeko apalategietara joango denik ere badagoen arren…

Hizkuntza normalizazioaren bidean, itzulpenak duen garrantziaz zalantza handirik ez dago…
Ez gara hizkuntza normalizatu bat, gure hizkuntzaren egoera ez da normala, eta literaturarena ere ez. Orduan, halako liburuen argitalpenak laguntza gehiago jaso beharko lukete; sarien bitartez, bekak emanez, diru-laguntzekin…, ez dakit oso ondo nola egin beharko litzatekeen hori, baina egin behar da. Euskaraz literatura on bat eduki nahi badugu, kalitatezkoa, itzulia, horrek denbora eta dirua behar ditu, ez dago besterik. Berriz ere batek esan dezake, “ez ez, merkatuaren legeen arabera doa hori, euskal irakurleak ez badu nahi, ez da egongo”. Edo bai. Dirua jartzen da futbol taldeei emateko, ez dakit nongo elkarteei emateko, mila adibide daude, mundu guztiak jasotzen du dirua, batzuek gero eta gutxiago baina… Bada, literaturak ere behar du dirua, kultura baita, hizkuntza normalkuntzaren bidean oso garrantzitsua, nire ustez. Oso garrantzitsua da jendeak ondo bereiztea badagoela literatura bat hemen idazten dena, eta badagoela beste bat kanpotik etorri eta hemen itzultzen dena. Nire ustez, itzulpengintzak funtsezko tokia dauka normalkuntzan. Eta lortu behar dena da euskal irakurlea euskal itzulpen batera beldurrik gabe gerturatzea. Gaztelaniazko itzulpena bat erostera goazenean normalean dugu pentsatzen ondo itzulita egongo ote den. Beraz, euskal irakurleak euskal itzulpen bat erostera doanean ere jarrera hori izan dezan lortu behar dugu, ez dezala zalantzarik izan ondo itzulita egongo ote den. Nolabait, bermatua dago ondo itzulita dagoela, eta irakurleak egin behar duena titulu bat edo bestea aukeratzea da, besterik ez. Hori da, nire ustez, bidea.

Konbentzi ezazu Saguak eta gizonak irakurri ez duen irakurlea, gaztelaniazko itzulpenera jo beharrean euskarazkoaren alde egin dezan…
Euskaraz irakurtzen ohituta baldin bazaude, nik hemen denbora eta nire gaitasun guztia jarri dut, uste dut erraz irakurtzen dela, ohituta dagoenak gozatu egingo duela irakurtzen, eta egin apustu bat honen alde.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu