Yoseba Peña: “Ezinezkoa da reset botoia sakatu eta erabat zerotik hastea”

0

[2012ko irailean Beterriko Liburua aldizkariaren 55. zenbakian argitaratutako elkarrizketa]

Sodupen jaioa, Zarautzen bizi da egun. Informatikaria ikasketaz, Vienan egin zituen zenbait urte, eta egun Deustuko unibertsitatean dabil irakasle lanetan, Donostiako Campusean. Bere estreinako lana argitaratu du aurten Susa argitaletxearekin, Hodeien adorea.

Zure nobela desberdina dela zioen Javier Rojo El Correon. Asmo horrekin idatzi al duzu?
Desberdina izatea baino gehiago, nik nahi nuena hobeto kontatzeko forma bat topatzea zen helburua. Denbora dezente pasatu da formari bueltak ematen hasi nintzenetik. Iruditzen zitzaidan kontatzen nuena ez zela beste munduko ezer baina akaso forma aldetik zerbait izan zezakeela liburuak; ez dut ‘berria’ hitza erabiliko, hau dena asmatua baitago, baina baliteke euskal literaturan forma hau gehiegitan agertu ez izana. Idatzitakoa Edorta Jimenezi erakutsi nionean zera esan zidan: “Ez dakit ona den, baina ezberdina bada, horregatik ja merezi du”.

Plaza zokoan hil duten droga-saltzaiea da nobelako narratzailea, eta aurreraxeago hilko den beste Joni kontatzen dio istorioa, momentu batzuetan bien arteko elkarrizketa sortuz. Egitura hori osatzeak zailtasunik ekarri al dizu?
Teknikoki arazo handi bat zeukan horrek, eta ez dakit hortik onik irtetea lortu dudan. Narratzaileak elkarrizketa bat mantentzen du beste pertsonaia batek, baina horren barruan beste elkarrizketa batzuk daude, eta hortxe neukan zailtasuna. Hasieran bata eta besteak hizki mota ezberdinak erabiliz desberdin nitzakeela pentsatu nuen, baina editoreak hori baztertzeko esan zidan, hori egitea idazlearen nolabaiteko porrota-edo zela… Alegia, letra tipoa aldatu gabe lortu behar nuen elkarrizketen arazoa konpontzea. Beharbada, horretan eman dut denbora gehien.

Eta narratzaileak darabilen ironiaz eta zinismoz beteriko tonu hori?
Hori nire tonua da, ni horrelakoa naiz. Narratzailea nire alter egoa da, beraz, pentsatzen ditudan gauza asko bota nituen eta kontalari gizajo horren ahotsa islatzea ez zen zaila izan. Lagun batek esan dit ez duela liburua irakurri nahi hizketan neroni ari naizela iruditzen zaiolako, ez dakit hori oso den baina…

Askotan paragrafo berdinean, lerro berberean pertsonaiez eta eszenatokiz aldatzen zara bat-batean, jauzika kontatua dago dena…
Esperimentu dezente egin dut zentzu horretan: paragrafo berberean, lerro berberean pertsonaiak eta eszena aldatzea, horri lotura ematea… Erronka moduan hartu nuen, nobelari nolabaiteko arintasuna emateko, azkarragoa egiteko. Liburua zaila ez dela esan didate, baina arretaz irakurri behar dela, haria galdu nahi ez bada. Hori ona dela uste dut, irakurtzen ari zarenean “paragrafo hau saltatuko dut” esatea seinale txarra iruditzen baitzait, idazleak lasto asko sartu duen seinale dela uste dut.

Baina irakurleren batentzat hain jauzika kontatzea gehiegizko zoramena izan bada?
Lehenbizi, idazle harroaren erantzuna emango dizut: irakurleak bere partetik zerbait jarri behar du. Orain, nire erantzuna: ez dakit, irakurtzen nuenean ez zitzaidan iruditzen hain zaila zenik. Orokorrean, irakurri duen jendeak esan dit haria ez dela hain erraz galtzen, baina gaur pixka bat irakurri eta hiruzpalau egun pasatu arte ez baduzu berriz hartzen, agian gal zaitezkeela. Beharbada jarraian irakurtzea eskatzen du.

Gertakizun berberaren bertsio bat baino gehiago ematen duzu, horretaz ere jabetu behar du irakurleak. Narratzaileak irakurlearekin jolasten du, beraz, baina irakurlearentzat ere jolasa izan liteke hori…
Hasieran ez nuen horretarako asmorik. Baina lehenengo bueltan “Imajinatu Donostia. Imajinatu Donostia baina ez postaleko glamourra:…” hasten denean, liburuaren hasiera bezala hain zuzen ere, jolas polita sor zitekeela konturatu nintzen. Asmakizun bat jartzen badizute, asmatzen duzunean halako poz bat sentitzen da; bada, liburuan antzeko zerbait egin zitekeela pentsatu nuen, irakurlea konturatzen baita irakurtzen ari dena lehenago kontatutakoaren bertsio bat dela eta balitekeela lehengoa benetakoa ez izatea. Horrela bakoitzak bere bertsioa osatzen du, bere gezurra, dena gezurra baita nobela honetan; horretan ahalegindu naiz, denek euren aukera izan dezaten.

Liburuaren amaiera oso modu berezian kontatua dago, Hodei bihurtzen baita narratzaile, seme autista…
Istorioaren bospasei bertsio nagusi idatzi nituen, eta horietako lehenengoa Hodeiren anaia nagusiaren, Txeferen esaldi batekin amaitzen nuen, nolabait iraganarekin bakea egin zuela erakusten zuen esaldi batekin. Aurrerago ordea, Hodeiri bere momentua zor niola pentsatu nuen; niretzat Hodei da nobelako benetako protagonista, eta haren bilakaera erakutsi nahi nuen. Autista batek nola idatziko zukeen galdetu nion neure buruari. Hasieran umeen hizkeran egiten saiatu nintzen, baina ez zen ondo gelditzen. Gero sentimendu barik idazten hasi nintzen, esaldia ondo amaitu gabe, gauzak errepikatzen…, hilabete inguru pasatu nuen egunero modu horretan idazten. Bestetik, amaiera irekia laga nahi nuen neurri batean. Hodeik une batean esaten du bere amak hil egiten duela, baina irakurleak hautatu behar du hori egia den ala ez, zein amaiera nahi duen, esan dudan bezala, hau dena gezurrezkoa baita eta bakoitzak bere gezurra topatu behar baitu.

Orain arten aipatu ditugun estilo kontu guztien harira, akademiakide batek zioen ohiko ildotik atera nahi duten irakurleei gomendatuko liekeela liburua….
Faulkner-en Mientras agonizo irakurri nuenean sekulako shock-a eduki nuen. Ordura arte beti pentsatu izan nuen literatura istorioak kontatzea zela, eta liburu hori irakurri nuenean ikusi nuen lehen aldiz istorio hori kontatzeko erabiltzen zen formak ere berebiziko garrantzia zeukala. Momentu horretan nobelaren bigarren osagai bat deskubritu nuen bat-batean, oso osagai garrantzitsua gainera. Orain zortzi edo bederatzi urte gertatu zitzaidan hori. Bestetik, garai bertsuan hasi nintzen Trainspotting, Amores perros edota Tarantinoren pelikulak ikusten, eta horietan guztietan ere formak garrantzia izugarria dauka. Orduan hasi nintzen nobelarekin lehenengo esperimentuak egiten.

Jon bere iraganaz ahaztu eta bizimodu berri bat hasteko ahaleginean dabil; hortxe du ordea narratzailea, behin eta berriz nondik datorren gogoraraziko diona eta bizitzan reset botoia zapaldu eta zerotik hastea ezinezkoa dela erakutsiko diona. Hori benetan hala dela uste al duzu?
Nik ia-ia lortu nuen. Bi bider aldatu dut bizilekua. Sodupetik Vienara joan nintzen zazpi urterako; lagun berriak egin nituen han, bizimodu erabat berria, baina familia beti daukazu hori. Vienatik itzultzean hilabete batzuk etxean pasatu eta Zarautza etorri nintzen. Berriz ere zerotik hastea bezala izan zen ia-ia, baina beti daukazu iraganera lotzen zaituen zerbait. Nire kasuan oso argi dago ama dela, familia, noski, baina ama batez ere. Eta lagunak ere bai. Beraz, halaxe uste dut, ezinezkoa dela reset botoia sakatu eta erabat zerotik hastea. Egin duzunak beti izango du pisua zure bizitzan. Ezin duzu aurreko guztia aparte uzteko lerro bat marraztu eta aurrera jarraitu, besterik gabe.

Berak ezertxo ere egin gabe, ingurukoek egin dezaketenak bere bizitza zein neurritaraino alda dezakeen ere ederki ikasiko du Jonek…
Garai batean obsesio moduko bat eduki nuen: imajina ezazu autoan zoazela, eta irratia pizten hasten zarenean pertsona bat harrapatzen duzula. Bizitza aldatu zaizu, gura barik. Horixe zen nire obsesioa, irratia piztea bezalako gauza batek nola alda dezakeen dena bat-batean. Ni oraintxe oso ondo bizi naiz, baina bihar ama gaixotu egin dela edo aitari edo arrebari zerbait gertatu zaiola esango balidate, nire mundu osoa kolokan jarriko litzateke. Gure bizitza oso sendoa dela pentsatzen dugu, baina une batean dena pikutara joan daiteke, geu konturatu ere egin gabe. Horixe izan da, beharbada, nobelaren abiapuntua, oharkabean dena aldarazten duen puntu hori.

Nobelan hilketa bat gertatzen da, eta komunikabideek euskal gatazkaren barruan kokatzen dute berehala, benetan hala izan ez den arren, horrek atzetik dakarren guztiarekin. Oraintxe bertan halako zerbait gertatuko balitz, medioek halako joeretara joko luketela uste al duzu?
Baietz iruditzen zait, eta zentzu horretan kritika zuzena egin nahi nuen, euskal literaturak horretarako audientzia nahikorik baduen ez dakidan arren. Hilketaren kontuan testuinguru politiko sartu nuen, baina lagun bati lehenengo bertsioa eman eta hark gatazkaren inguruko beste nobela bat ote zen galdetzea kritika benetan birrintzailea izan zen niretzat, inondik ere ez baitzen hori nire asmoa. Beraz, azken bertsioan dena leuntzen saiatu nintzen, testuinguru hori lausotzen, nobelako protagonista bilaka ez zedin. Baina bai hor dago, bai, kritika hori egin nahi izan dut. Bestalde, Txeferekiko, hiltzailearekiko enpatia sorrarazten ere saiatu naiz. Irakurle batzuek baietz esan didate, nahiz eta hiltzailea izan, neurri batean berarekin identifikatu direla eta barkatu diotela. Egia da gero Txefek bere buelta ere ematen duela. Jokoa zera da, pertsonaia batzuk puntu batean ipintzea, koordenada batzuk ematea eta bultzatzea; kasu honetan bultzada hilketa da, eta gero ikus dezagun bakoitza nora doan, noski, kontuan hartuta bakoitzak aurretik bere historia duela; Hemingway-ren icebergaren teoria famatuan bezala, non zati bat bakarrik erakusten den, gainontzekoa isilduz. Informatikaria naiz, eta matematikako problema bat balitz bezala hartu nuen nobela: Zelan konponduko dut hau? Honek hemen zergatik ez du enkajatzen?

Beti erdi isilpean mantendu dela dirudien euskaldunen eta drogen arteko kontua ere ageri da eleberrian…
Nik drogekin oso harreman txarra daukat, baina nire inguruan jende askok hartzen ditu drogak; eta gai hori inguruan ikusten nuen bezala islatu nuen liburuan, ez da bestelako aparteko intentziorik egon. Gero jendeak esan dit, apur bat kezkatuta, drogaren eta ezker abertzalearen inguruko kontuak jarri ditudala, eta hura eta bestea…. Beharbada urte dezente kanpoan eman ditudalako izango da, baina oso harrigarria egin zait jendea kezka horrekin etortzea. Ezker abertzalearen inguruan ere bada denetik hartzen duenik, beste toki guztietan bezala, zoritxarrez. Jendearen erreakzioei dagokienez, gauza batzuek harrituta utzi naute, eta horixe izan da bat. Bestea, Donostian kokatu izana, normalean erakusten ez den Donostia horretan. Donostia polita da, baina han ere denetik dago, leku guztietan bezala. Idazten ari zarenean gauza batzuekin ez duzu kontatzen, edo ez dituzu espero. Behin idazle bati irakurri nion idatzi eta gero liburua bakarrik joaten dela, bere bidea egiten duela eta jada ez dela zurea. Eta egia da. Nik nire obsesio eta paranoiak kanporatu ditut, eta zentzu horretan oso gomendagarria da idaztea. Baina, kanporatzeaz gain, espero ez nituen sentsazio batzuk sortzen ari da jendearengan, bera bakarrik. Bere bizitza propioa hartu du, eta hori polita da.

Eleberrian autismoa landu nahi zenuela oso garbi zeneukan, ezta?
Jabier Mentxaka nire lagun mina da, eta autista den anaia bat du, Aingeru, Hodeiren pertsonaiaren oinarrian dagoena. Ikerketa lana ere egin dut autismoari buruz idazteko, baina gehiena Jabierri entzundakoa da; horregatik eskaini nion berari liburua. Haren amaren gauza asko hartu ditut, herriko plazan umearekin zegoenean, hau txaloka edo saltoka zebilenean eta gainontzeko umeek ez ikusiarena egiten zutenean,… Jendearen begirada zen niretzat okerrena. Emakume honek ez du sekula oporrik izan; orain sei urte inguru hasi ziren udan bi astez semea udaleku berezietara bidaltzen, eta ama gaizki sentitzen zen, gainera, hori egiten zuelako. Jabierrek eta sendikoek bere anaia zelan tratatzen duten ikusten dut, eta benetan hunkigarria da, maitasun izugarria eskaintzen diote. Esan bezala, kanpoan urte dezente egin nituen, eta itzuli nintzenean, Aingeru ume izatetik morrosko izatera pasea zen. Eta noski, txaloka edo jendearen inguruan jauzika hasitakoan, ezin duzu ume bat bezain erraz gerarazi. Hori ezin duela egin esan behar zaio, baina zelan esplikatu gauzak autista bati gure kontzeptuekin, interakzioa hutsaren hurrengoa denean? Oso zaila da. Liburuan, familiako kide bakoitzak Hodeirekiko zuen lotura sentimentala eta azaltzen zuen jokaera azaleratzea interesatzen zitzaidan, eta zentzu horretan, denak ezberdinak izatea zen erronka. Aitak, adibidez, ezin ditu sentimenduak azaleratu, oso pertsona berezia da. Ama eta Txefe, berriz, oso maitekorrak dira Hodeirekin. Jonek aitaren antza handiagoa du baina hark baino hartu-eman gehiago du anaia autistarekin.

Kontuan hartzeko moduko estreinaldia izan duzula zioen Rojok lehen aipaturiko kritikan, eta Bixente Serrano Izkok, berriz, promes on eta kitzikagarri asko aurreikus zitezkeela, Berrian. Istorio berririk ba al duzu eskuartean?
Udan abenturazko nobela bat idatzi dut gazteentzat, eta ipuin parea daukat amaitzeko. Hurrengo nobela ere buruan darabilt. Lanak lagatzen didanez, urte dezentetik hona egunero idazten dut, droga bezalakoa da, biziosoa naiz, azkenean; nahiko obsesioa ere banaiz eta… Batzuek sufritu egiten dute idazten, baina nik horixe nahi izaten dut. Egunean zehar pertsonaiei bueltak ematen ibiltze hori…, hori ederra da.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu