Garazi Kamio: “Pertsonaien ekintzen aurrean irakurleak sinpatia edo antipatia sentitzea nahi nuen”

0

[2012ko ekainean Beterriko Liburua aldizkariaren 54. zenbakian argitaratutako elkarrizketa]

Andoainen jaio zen 1979an. Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua, hainbat hedabidetan aritu da lanean, besteak beste, udaberrian desagertu berri den Euskal Telebistako Sautrela literaturari buruzko saioan. Aurten plazaratu du bere lehenengo liburua, Beste norbaiten zapatak ipuin bilduma (Elkar), 2010ean Igartza Saria irabazi ondoren.

Hasiera batean Gerizpeko panpinak izenburua jarri zenion proiektuari, azken ipuinak daraman titulu berbera; gero, ordea, aldatu egin zenuen. Azken ipuin horrek indarra du, irakurle bat baino gehiagoren ustez. Zergatik erabaki zenuen aldatzea?
Iazko ekainaren 30a baino lehen aurkeztu beharra neukan Igartza Sarirako prestatutako lana. Ekainaren 26an oraindik bukatu gabe neukan, izenburu bat jarri behar nion derrigorrean, eta Gerizpeko panpinak jartzea bururatu zitzaidan. Baina ez nuen batere gustuko; editoreak ere izenburuaz hitz egin behar genuela esan zidan, eta erabat ados nengoen. Beraz, aldatu egin nion. Gero, liburuko ipuin batentzat Gerizpeko panpinak titulua gordetzea erabaki nuen, hasierako asmoa hori zela ez ahazteko-edo. Baina, berriz diot, ez zitzaidan batere gustatzen.

Nondik atera zenuen bigarren izenburu horretarako ideia?
Castillo Suarez asko gustatzen zait. Souvenir poema liburuaren inguruko lan bat egin behar nuen unibertsitaterako, eta horretan ari nintzela irakurri nituen hiru hitz horiek: beste norbaiten zapatak. Asko gustatu zitzaizkidan, baita estetikoki ere. Loturak egiten hasi nintzen, ipuinotan beste batzuen bizitza kontatzen nuela etab., eta izenburu horrekin geratzea erabaki nuen.

Unibertsitatea aipatu duzula, hain zuzen ere irakasgai batean agindu zizuten lan batean omen du liburu honek abiapuntua…
Bai. Irakasle Eskolan nengoela, euskarako lan gisa Karmele Jaioren Cry baby ipuina irakurtzeko esan zigun irakasleak, Janis Joplinen izen bereko abestia entzuten genuen bitartean. Emakume baten inguruko ipuina zen, bigarren pertsonan idatzia. Eta, hain zuzen ere, irakasleak bigarren pertsonan ipuin bat idazteko agindu zigun hurrengo asterako. Nik Panenka idatzi nuen (liburuko hirugarren narrazioa), irakasleak ipuin hori norabait bidali behar genuela esan zidan eta hortik sortu zen dena. Panenkaren ondoren Nesum Dorma idatzi, eta biak bidali nituen Igartzara.

Gerizpeko panpinak ipuinera bueltatuz, Bixente Serrano Izkok Berrian zioen beharbada “bildumaren tonuaz kanpoago” geratzen dela. Uste berekoa al zara?
Nik ez dut hala ikusten, agian oraintxe bertan ez dudalako ezer ikusten. Egia esan, momentu honetan nahiko baztertuta daukat liburua, nekatuta bukatu bainuen. Beraz, ezin dut oso seguru ere esan. Editoreak, adibidez, esaten zidan Panenka ipuina zegoela borobiltasunetik kanpo… Nik dakidan bakarra da nire kuttunena azken ipuin hori dela, Gerizpeko panpinak, jolas egin nahi izan dudalako, eta batzuekin, behintzat, lortu dudala dirudielako.

Ipuin guztiei tonu berdintsua eman nahi izan al diezu?
Egia esan, atera zaidan bezala idatzi dut, eta gelditu zaidan sentsazioa da denak tonu berdinegia zeukala. Ipuin guztiak berdinak iruditzen zaizkit. Gero editoreak esaten dizu ezetz, ez dela hala, baina… Kontrazala erakutsi zidatenean “era askotakoak dira Garazi Kamioren ipuinetako pertsonaiak” irakurri nuen, eta pentsatu nuen, “baina denak berdinak dira, zer esaten ari zara?”.

Aurkezpenean aipatu zenuen irakurlearengan desasosegua sortu nahi izan duzula…
Bai, asmo horrekin idatzi dut. Pertsonaiek irakurlearengan antipatia edo sinpatia sor zezaten nahi nuen, eta ez enpatia: hau ze gaiztoa den, hura ze zintzoa den, bestea, berriz, gizajo hutsa…. Azaltzen direnak egoerak dira. Noski, enpatia pixka bat badago, irakurleak bere burua egoera horretan jartzen duelako; baina egoera horretan azaltzen dena da norbaitek zerbait egin duela, eta horren aurrean irakurleak sinpatia edo antipatia sentitzea nahi nuen, zerbait sentitzea, desasosegu hori sortzea. Adibidez, niri Nesum Dorma ipuina iruditzen zait desasosegu hori sor dezakeenetako bat. Urduritasun puntu bat sentiarazi nahi nion irakurleari.

Eta idazten ari zinenean pentsatzen al zenuen zein ziren sinpatia sor zezaketen pertsonaiak eta zein antipatia eragingo zutenak?
Bai, sentsazio hori baneukan. Esate baterako, Nesum Dormaren adibidearekin jarraituz, adineko bikote bat lurrera erori eta altxa ezinik dagoela, planteatu nahi nuena zen emakumeak zer sentitzen duen bizitza guztia senarra zaintzen pasa duenean, gizarteak eta gurasoek hala esan diotelako. Eta egoera hori sortzen ari nintzenean pentsatzen nuen halakok “gaixoa” esango zuela edota besteak ezustea hartuko zuela. Baina, noski, gero bakoitzak zer pentsatu duen ez dakit.

Beste norbaiten zapatetan jartzeko gaitasunik ba ote daukagun, horixe lan honen bidez mahai gainean jarri nahi izan duzun beste galderetako bat. Zure ustez, ba al daukagu halakorik?
Diotenez, gizarteak bere abiadura dauka eta azkenean nork bereari begiratzen dio. Norberaren zapatak norberaren oinera eginak daude, eta besteenetan sartzea zail xamarra izaten da. Nik uste gaitasuna izan, badaukagula; gero, horretarako denbora eta joera ba ote ditugun, ez dakit, hori bakoitzaren araberakoa dela pentsatzen dut.

Behatzaile ona zarela aipatu zuen Xabier Mendigurenek, editoreak, liburuaren aurkezpenan…
Gogoan dut, Igartzan ginela Mendigurenek zera esan zidala: “Igandetan lagunekin ateratzen zarenean denek bermuta hartzen dute eta zuk ingurura begiratzen duzu”. Eta nire burua irudikatu nuen Andoaingo Txiti-Bar plazan… Nik uste behatzailea banaizela, baina ez dut uste bereziki nire kontua denik, alegia, esango nuke idaztea gustatzen zaion edonork daukala ezaugarri hori. Gainera, etxetik kalera jaisten garenean errepidea gurutzatzeko ezkerrera eta eskuinera begiratzen dugu, eta gero nork bere zapatekin jarraitzen du, nahikoa dauka horrekin. Behatzaile izatea jende askok daukan ezaugarria dela uste dut.

Egunerokotasunetik hartu omen dituzu ipuinotako elementuak, baina egunerokotasunean bada zer aukeratua…
Gure bizitza daukagu, gure erritmora bizi gara, lanera joaten gara, etxera itzultzen gara eta normalak iruditzen zaizkigun gauzak egiten ditugu; baina niretzat oso normala den gauza bat albokoarentzat oso arraroa izan daiteke, eta alderantziz. Lehen esandakoari helduz, bakoitza bere etxera sartzen garenean gure espazioa daukagu, gure intimitatea, eta horko gauza asko ez dira ateratzen. Baina etxetik jaitsi eta errepidea gurutatzeko ezker-eskuin begiratzen dugunean akaso jendea dago gure inguruan, eta ez gara konturatzen horiek zer egiten duten. Planteatzen ditudan egoerak apur bat kafkianoak direla esan zidan batek, baina horrelako gauzak egunero gertatzen direla uste dut. Gezurrak dira, gure memorian gordeta dauden gauzak, batzuetan atera ere egingo ez direnak. Egoeretatik abiatu naiz eta horien arabera pertsonaiak eraiki ditut. Baina, berriz diot, nire ustez egoera horiek oso normalak dira.

Zeuk aipatu bezala, Panenka eta Nesum Dorma aurkeztu zenituen Igartzara. Beka emango zizutela jakin ondoren, erraz etorri al ziren gainontzeko ipuinak?
Erabakiaren berri izan ondoren, “eta orain, zer?”, galdetu nion neure buruari. Urtebete neukan liburua osatzeko. Lehenengo hilabetea ezertxo ere egin gabe pasa nuen; hortik aurrera, ipuin bakoitzak bere erritmoa izan du, bere historia dauka. Oso azkar pasa zait urtebetea. Eta, azkenean, “itxitzat emango nuke” esaten du editoreak.

Hori esan zizun momentuan zuk ere hala ikusten al zenuen?
Nik ipuin bat gehiago sartu nahi nuen, eta editoreak, berriz, Panenka kendu nahi zidan. Azkenean, bere horretan utzi genuen: nik sartu nahi nuen ipuina ez zen ona, eta Panenka, esan bezala guztiaren abiapuntuan zegoenez, ez nuen kendu nahi.

Neska gazteak euskal literaturan, estilo beretsuko liburuak kaleratu dituztenak…
Horri buruz hitz egin da azkenaldian. Neska gaztea zara, lehenengo liburua kaleratu berria… Eider Rodriguezek zioen bezala, “etiketatzen da ezker abertzalekoa dena, etiketatzen da emakumea dena…” . Esaten da, eta betiko eztabaida da hau, neska gazteei leku gehiago, propaganda gehiago egiten zaiela argitaletxe batengandik. Ez naiz horretan sartuko; emakumezkoa naiz, oraindik gazte samarra naiz eta Igartza Saria irabazi dut. Hortxe utziko dut. Baina egia da, esan didatenaren arabera, gero eta neska gehiago garela idazten dugunak, eta horren adibide bat ere izan daiteke. Lehen, 60-70eko hamarkadetan, idazleak gizonezkoak ziren; gero azaldu ziren emakumeak, Amaia Lasa, Arantxa Urretabizkaia,… Emakumeek ere ikasketak dituzte euskaraz, eta gero eta gehiago agertzen dira. Ez dakit, ez naiz eztabaida horretan sartuko. Emakumea naiz, gaztea naiz eta etiketa hori daukat, ezin dut hortik atera. Multzo horretan sartuko nautela? Bai, eta beste bat mutila delako eta nik ez dakit zer egiten duelako beste batean sartuko dute, eta batzuk ‘tropela’n daude… Hemengoan bakarrik ez, beste literaturetan ere egongo dira etiketak. Sartzen banaute, sar nazatela. Kontu horrek ez dit loa galarazten.

Aurkezpenean garai zailak zetozela zenioen, Sautrelaren bukaera ere aipatu zenuen, eta Igartza bezalako ekimenek jarraipena izatea oso beharrezkotzat jo zenuen…
Sautrela lurperatu genuen, bai. Prentsaren eta zenbait idazleren aldetik egon da halako erantzun moduko bat. Hala ere, azkenean, kazetaritzan beti gertatzen den bezala, albiste batek badu egunerokotasuna gaur, bihar eta etzi, baina gero ahaztu egiten da. Lodosa Sartagudako Ibaialde ikastola gaizki zebilen, eta lagundu egin behar zitzaion. Zer gertatu da? Dagoeneko ez al du laguntzarik behar? Bai, noski, baina gizartea bere abiaduran doa eta ahaztu egin gara horretaz. Sautrela oso jende gutxik ikusten zuen, baina telebista publiko bati buruz ari garen neurrian, beharrezko zerbait zen. Eta ez da desagertu den gauza bakarra, hortxe dago Urruzuno lehiaketa, besteak beste. Oso gutxi dira literaturatik bizi direnak, eta jendeak akuilu bat ez badauka, ez du idatziko, ez neska gazteek eta ez inork. Nire ustez, akuilu horiek beharrezkoak dira.

Baina, hain esparru txikira iritsita, deserosoak?
Ez dakit, boterean dagoen alderdiaren ikuspegitik oso urrun dauden idazleei tartea egitea… Agian ETB anestesiatu egin da neurri batean. Gaztelaniazko katearentzat dirua badago, hori argi dago. Baina hortik euskarazko katera sekulako jauzia dago. Euskarazko telebista ez da kalitatezkoa, nire ustez, interesatzen ez zaielako.

Gaztelaniazko katearentzat dirua badagoela aipatu duzu. Sautrelaren desagerpenearen inguruan, hain zuzen ere, arrazoi ekonomikoak aipatu ziren, ezta?
Bai. Baina gaztelaniazko kateko saio bateko aurkezleak hilean 22.000 euro kobratzen zituen bitartean, nola ulertu hori? ETBko saiorik merkeena zen Sautrela. Beraz, arrazoi ekonomiko horiei ez dago nondik heldu. Berriz diot, ez zaie interesatzen.

Eta itzuliko ote den?
Ez dakit. Programazio buruak datorren urteko urtarrila aipatu zuen, beharbada orduan posible zela…. Akaso egia izango da, baina kosta egiten zait sinestea.

Bitartean, idazten jarraituko al duzu?
Bai, baina orain zenbait hilabetez lasai egon nahi nuke. Ipuinekin oso gustura ibili naiz, baina aldatzea ere gustatuko litzaidake. Ez dakit, aho txikiarekin ari naiz hau guztia esaten, beharbada nobela bat…. Gai bat badarabilt buruan baina lasai-lasai hartu nahi dut, ez dut uste Igartzaren kasuan izandako presiorik edukiko dudanik, beraz,…

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu