Lotarako ipuinen bilduma argitaratu du Alberdania etxeak

0

Zortzi idazleren testuek eta Eider Eibarren irudiek osatzen dute LO POTOLO liburua. Azaroaren 28an aurkeztuko dute Donostian

Uxue Alberdi, Leire Bilbao, Harkaitz Cano, Juan Kruz Igerabide, Anjel Lertxundi, Miren Agur Meabe, Mitxel Murua eta Patxi Zubizarreta. Zortzi idazle horien testuak dakartza Lo potolo liburuak, eta Eider Eibarrek ilustratu ditu guztiak. Lotara joaterakoan haurrei irakurtzeko ipuinak, poemak, jolasak edota egitura erritmikoak biltzen ditu Alberdania etxeak azaroaren 28an aurkeztuko duen lan honek. Eider Eibarrekin batera bertan izango dira Uxue Alberdi, Juan Kruz Igerabide eta Mitxel Murua. Aurkezpena goizeko 11:00etan izango da Donostiako Udal Liburutegiko jarduera aretoan.

“Gurasoek haurrek beste gozatuko duten liburu honetan askotarikoak dira piezak, askotarikoak diren bezala lumak eta erregistroak. Liluratik pikardiara, jolasetik gogoetara, goxotasunetik irribarrera, edo algarara…”, halaxe deskribatu dute liburua Alberdania etxeko arduradunek.

Lo potolo
Bidaia etengabea proposatzen dio LO POTOLO liburuak irakurtzen duenari eta entzuten duenari. Gelaren argiantzean, eguneroko afanak itzaltzearekin batera mundu magikoak itzaletatik ateratzen hasten denean, lehen-lehen mailako idazleen istorioak paregabeko bidelagun dira ametsen erresumarako bidaian, marrazki fin jostarinen laguntza ezin hobearekin.
Baina ez bakarrik lotarako, edozein une da egoki eta aproposa haurrekin lehen irakurketaren gozamenean murgiltzeko, elkarrekin eta elkarri kontatuz letra eta marrazkiz osatutako historiak. Inork galtzerik ez duen bizipena baita edertasunarena.

 

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu