Kirmen Uribek bere bigarren poesia-bilduma plazaratu du

0

Une honetan Euskal Herritik kanpo da idazlea baina Gabonetarako etxean izango da, eta lan berri honetan oinarritutako bi irakurraldi musikatu eskainiko ditu abenduan

2001eko Bitartean heldu eskutik entzutetsuaz geroztik poesia lanik argitaratu gabea zen Kirmen Uribe. Hemezortzi urteren ondoren iritsi da ondarroarraren bigarren olerki-bilduma: 17 segundo. Susa argitaletxeak azaroaren 28rako iragarri du Uriberen lan berriaren aurkezpena. Idazlea Euskal Herritik kanpo dagoenez, aurkezpena bideo-konferentzia bidezkoa izango da.

Abenduan da Euskal Herrira itzultzekoa Kirmen Uribe. Hala, abenduaren 6an eta 7an Durangoko Azokan izango da, eta hilaren 18an eta 19an lan berri honetan oinarritutako bi irakurraldi musikatu eskainiko ditu: 18an Bilboko Kafe Antzokian 19:30ean; eta 19an Donostiako Antzoki Zaharrean ordu berean.

17 segundo
Hamazazpi segundo baino ez ditu igarotzen bisitariak koadro bati begira. Hamazazpi segundo batez beste. Egina omen dute ikerketa. Hori da koadro bati eskaini ahal diogun astia gure garai ero hauetan. Pentsatzen jarrita, poesiaren erritmoa guztiz bestelakoa da. Poesia da denbora gelditzea, poesia da begirada, poesia da desagertuko denari arreta jartzea. Inguruari begira egon, pentsatu gauza horiek hortxe egon direla aurretik, eta hor egongo direla beharbada, aurrerago. Liburu honek hamazazpi urtez idatzitako poemak biltzen ditu, 2002tik 2019ra. Hamazazpi segundo bezain hamazazpi urte luze. Intsumisioa, Japonia, Euskal Herria, New York, natura, Artea, haikuak, prosa, ondarruera. Daudenak eta ez daudenak.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu