Goiatz Labandibarrek narrazio-bilduma berria kaleratu du

0

Urriaren 2an aurkeztuko du Donostian Hori zen dena

Goiatz Labandibarren hirugarren narrazio-liburua da Hori zen dena, Alberdania etxearen eskutik kaleratu duena eta urriaren 2an Donostiako Udal Liburutegiko sotoan aurkeztuko duena, Jorge Giménez editorea lagun duela. Aurretik Fotogramak eta Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak ditu kaleratuak Oiartzungo idazleak.

“Labandibar kontalaria da senez, eta lañotasun landu batez laguntzen dio irakurleari literatura eta bizitzaren arteko muga ez beti zehatzetan barrena. Xalo-xalo batzuetan, maltzurki bestetzuetan, ironiaz maiz, barrez zein serio, bero nahiz epel, sekula ez hotz. Eta beti dirdiraz eta bizi-bizi”, adierazi du editoreak aurkezpenaren bezperetan.

Hori zen dena
“Hori zen dena” esaten da bitan ipuinotan. Bi ahots desberdinetan. Biak emakumezkoenak, narraziootako pertsonaia guztiz gehienak bezala. Eta balio desberdinekin esaten da bietan. Batean, abisu baten itxiera da. Bestean, aldarria, bizitza berri baterako atea irekitzeaz batera esana. Hamasei dira liburu hau osatzen duten piezak; 15+1, hobe esanda (eta irakurleak berehala antzemango dio zergatik). Hamasei giro, hamasei mundu, eta bilaketa bakarra: egunerokotasunaren ifrentzuaren eta pitzaduren berri ematea irakurleari. Xalo-xalo batzuetan, maltzurki bestetzuetan, ironiaz maiz, barrez zein serio, bero nahiz epel, sekula ez hotz. Eta beti dirdiraz eta bizi-bizi. Labandibar kontalaria da senez, eta lañotasun landu batez laguntzen dio irakurleari literatura eta bizitzaren arteko muga ez beti zehatzetan barrena.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu