Patziku Perurenaren eta Jesus Ondarraren saiakerak dakartza Pamiela etxeak

0

Ekainaren 20an aurkeztuko dituzte Iruñean

Patziku Perurenak eta Jesus Ondarrak saiakera bana kaleratu berri dute Pamiela etxearekin: Bordarien sorrera eta bilakaera Leitzan eta Areson (1427-1925) da Perurenaren lana eta Bakaikuko leku-izenez hausnarrean, Ondarrarena. Ekainaren 20an aurkeztuko dituzte biak Iruñeko Elkar dendan goizeko 11:00etan, eta aurkezpenean bidelagun izango dute Mikel Arregi Perez, Euskarabideko zuzendari-kudeatzailea.

Bordarien sorrera eta bilakaera Leitzan eta Areson (1427-1925)
Leitzan bordarik zaharrena 1614 aldekoa da: Franki, Manuel Lasarte bertsolari haundia jaio zenekoa; eta 1726ko etxe erroldan 69 bordari ageri dira, nor bere bordan bizi dena familian; eta gezurra badirudi ere, lau ardiborda besterik ez.
Aresoko kasua, guziz bestelakoa da, 1636an Arantzegietan galerazitako bordaren auziak hauxe baitio 1636 urtean: «aunque an querido obrar bordas en sus propias heredades se les a denegado y an dejado de edificar»; eta 1786ko erroldan oraindik, bordari bat bakarra ageri da jendea bizi denekoa: Bordaren borda, hain zuzen; nahiz ordurako 101 bordatan jendea bapo bizi Leitzan.
Eta holako beste mila datu zehatz, interes haundiko ikerlan honek jasotzen dizkizunak, 1427tik 1925era arte, etxe bakoitza bere bordarekin uztartuz, Patziku Perurenaren estilo bizi eta jostarian.

Bakaikuko leku-izenez hausnarrean
Lan honen egilearen asmoa bere belaunaldira bizirik etorri diren toponimo guztiak biltzea izan da; baita izenak ulergarri egitea (esanahia) ere, dagokien lekuarekin lotuz, atzera berriz erabilgarri bihur daitezen, gaurko bakaikuarrek, gazteago izan eta areago, ahazturik baitauzkate izen asko.
Artxiboak arakatuz, batik bat Nafarroako Artxibo Orokorreko dokumentuak XVI. mendetik hasita, lekuetan oinez ibiliz, lekuen geografia eta historia –izenen historia (aldaerak)– aztertuz, leku-izenen bilakabidea eta esanahia zehaztu nahi izan da.
Nabarmentzen dira agertzen diren Bakaikuko toponimiaren eta euskararen beraren berezitasunak, kontuan hartuta, beti ere, Burunda eta inguruko testuingurua.
Bakaikuko toponimiaren ikuspegi osoa emateko asmoarekin, toponimo historiko guztiak ere ekartzen dira, etxe-izenak, historikoak gehienak, barne.

 

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu