Heather Morrisen ‘Auschwitzeko tatuatzailea’ euskaraz argitaratu du Alberdaniak

0

Miel Anjel Elustondok ekarri du euskarara nazioarteko best-sellerra

44 herrialdetan bi milioi irakurletik gora izan du Heather Morrisen Auschwitzeko tatuatzailea eleberriak, eta gaurtik aurrera euskaraz irakurtzeko aukera badugu: Miel Anjel Elustondok ekarri du euskarara nazioarteko best-seller hau, eta Alberdania etxeak eman du argitara. Ekainaren 17an aurkeztu dute Donostian, itzultzailea bera eta Jorge Giménez Bech editorea bertan zirela.

Holokaustoaren literaturari begirada luzatuz ekin dio editoreak saioari: “XX. mendeko bigarren erdian eta XXI.aren lehen bosten honetan uzta oparoa eman du Holokaustoak mendebaldeko literaturan, eta euskarazkoan ere bilatu du bere tokia. Alberdaniak bere ekarpena egin du, gai hori aldez edo moldez jorratzen duten hainbat liburu argitaratu baititu”. Horien artean, editoreak aipatu ditu Primo Leviren Hau gizon bat bada, Irène Némirovskyren Suite frantsesa eta John Boyneren Pijama marradunaz jantzitako
mutikoa.

“Oraingo honetan –jarraitu du Giménezek–, fikzioa eta errealitatea maisuki lotzen dituen obra bat ekarri nahi izan dugu gure katalogora. Hori baita, hain zuzen ere, Auschwitzeko tatuatzailea: egarriz eta emozioz hasi eta buka irakurtzen den eleberri bat, benetako historia bat agerian jartzen duena”.

Melbournen bizi den Heather Morris idazle zeelandaberritarra da historia hau paperera eraman duena, eta sekulako arrakasta jasotzen ari da, bai kritikaren aldetik, baita irakurleen onespenari dagokionez ere (44 herrialdetan argitaratua da, eta bi milioitik gora irakurle izan ditu honez gero). Morris ez da, ofizioz, letra-emakumea; aitzitik, Melbourneko ospitale publiko handi batean lan egiten du. 2003an, agure bat aurkeztu zioten, “kontatzeko moduko historia bat izan zezakeena”. Horrela ezagutu zuen Morrisek Lale Sokolov, Auschwitzeko tatuatzailea eleberriaren muinean dagoen benetako historiaren
protagonista, Lalek infernu hartan ezagutu eta bizi osorako bikotekide izan zuen Gitarekin batera.

“Horrela ernaldu zen, bada, eleberri hunkigarri honen hazia –azaldu du editoreak–, eta emaitzak balio literario nabarmenak ditu, erritmo handiz eta kamera maisuki erabiliz kontatutako historia bizi-bizia baita, baina horiek sendoak izanda ere, bada beste balio bat gainerakoei gailentzen zaiena: oso gutxitan irakurri dugu itxaropenaren eta maitasunaren indarraren hain gorazarre argitsurik”.

“Segurtasun osoko itzultzailea”
Eleberriaren idazkerak ere badu, editorearen ustez, mundu mailako arrakastan zerikusirik,
egiantzekotasun osoko hizkera baitarabil Morrisek liburuko pasarte lazgarrienetan bezala baita samurrenetan ere. Argitaletxeak, berezitasun hori kontuan izanik, kontu handiz zaindu nahi izan du euskaratzailearen aukera, eta segurtasun osoko itzultzaile bati egin zion enkargua: Miel Anjel Elustondori.

Itzultzaileak azaldu duenez, hasiera-hasieratik harrapatu zuen historiak, are gehiago jakinda Lale eta Gita Sokolovek bizi izandako historia dagoela eleberriaren muinean: Lale Sokolov tatuatzaile lanetan ari zen Auschwitz-Birkenaun. Zenbaki bana tatuatzen zien bera bezala suntsigai sartzen zirenei. Egun batean, tatuatzeko txandaren zain zegoen neska bat ikusi zuen, Gita, dardar batean, izuak goitik behera hartuta. Laleren bihotza maitasunez goritu zen instantean, eta erabaki irmoa hartu zuen: infernu hartatik biek bizirik atera behar zuten.

Elustondok aitortu duenez, “bizitzak izan ohi dituen kasualitate horietako bategatik, duela hilabete batzuk Auschwitz-Birkenau esparruetara bisita egin nuen, inguru haietan bidaian nenbilela. Artean, noski, ez nuen Alberdaniaren enkarguaren berri, baina gerora oso baliagarria gertatu zait, itzulpenean murgiltzerakoan, han ikusitakoa, marka uzten baitu buru-bihotzean gizakiak gizakiaren kontra erabil dezakeen ankerkeriaren aztarna mutu haiek ikusteak”.

Bere lanari buruzko gogoeta egin du, ondoren, Elustondok: “eleberri honek mundu zabalean horrelako onespena jaso izanak baldintzatzen du, jakina, itzultzailearen jokabidea: bete behar ditu, ahalik eta zintzoen, testua arrakastaraino eraman duten ezaugarriak. Adibidez, hizkera zuzena, baina era berean aberatsa; bizkorra, baina ez sotiltasun gabea; zorrotza, baina eztia izaten ere badakiena. Hitz bakarrean bildu beharko banu eleberri honen idazkeraren nondik norakoa, eraginkortasuna aukeratuko nuke gako-
hitz gisa”.

Azkenik, itzultzaileak eta editoreak Auschwitzeko tatuatzailea eleberriaren publikoaz hitz egin dute: irakurle mota ugarirentzako irakurgai egokia da; bai literaturzalearentzat, bai lekukotza estimatzen duenarentzat, bai testuari bizitasuna eta trama landua eskatzen dizkionarentzat.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu