Aritz Mutiozabalek helduei zuzendutako lehen narrazio bilduma kaleratu du

0

Maiatz argitaletxearen eskutik ikusi du argiak Piztiak lanak

Duela zazpi bat urte hasitako proiektua da Aritz Mutizobalalen Piztiak narrazio bilduma, eta apirilaren 22an ikusi zuen argia, Sarako Idazleen Batzarrean. “Su oso geldoan lantzen joan naizen lana izan da, jarraikortasun konstanterik gabe, bidean bestelako proiektu batzuri lehentasuna emanez; haurrentzako literaturari eta poesia bildumei, hain zuzen ere. Azken urteetan, gehiegi luzatzen ari ote zela eta, adarretatik heltzea erabaki nuen, goitik behera berridatziz eta ordukoak gaur egunera ekarriz”, azaldu du Mutiozabalek.

Oraingo honetan ere, Maiatz argitaletxeari esker argitaratu du liburua. “Hirugarrena dut Lucien Etxezarreta eta Baionako lagunekin plazaratzen dudana; aurreko biak poesia izan ziren, eta honako hau, berriz, narrazioa da. Aurretik haur eta gaztetxoentzat idatzi badut ere, helduei zuzenduta nire lehenbiziko narrazio lana da Piztiak. Horrek erregistro aldaketa bat suposatu du, eta agian gehiegizko errespetuz aritu naizenez ez naiz ausartu proiektuari lehenago heltzera”.

Sinopsia
Nolabaiteko desoreka batek bultzatuta, liburu honetako pertsonaiek beraiek instintu primarioenak aterako dituzte. Sei piztia dira sei narrazioetan galduta. Narrazioak ondorengo hauek dira, hurrenez hurren: Lubakia, Aura, Houdini, Itzalik gabekoak, Performance eta Rorschach. Kontakizunetako pertsonaiak ustez arruntak dira, baina
bakoitzaren arrruntasun horren barruan bada zerbat beraien onetik aterako dituena, beraien baitan daramaten piztia aterako dutena. Kontakizunak oro har fikzio hutsak badira ere, tarteka autofikziotik ere jo izan du egileak, beraz, irakurleak asmatu beharko du zer den irakurritakotik errealitatea.

Azaleko argazkia eta liburu barruan, narrazio bakoitzaren hasieran, agertzen diren argazkiak Bittor Mutiozabalenak dira. “Guztietan animaliak agertzen dira, apur bat irudikatu nahian bestiario hau”, argitu du Aritzek. “Azalean bi sugandila agertzen dira, eta Obabakoak-i keinu bat egin nahi izan diodala dirudien arren, ez da izan hori nire hasierako asmoa. Subkontzienteak omenalditxo bat egin behar niola erabaki badu, bada aurrera!”.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu