Harkaitz Canok irabazi du 2018ko 111 Akademiaren Saria

0

Akademiakideek Fakirraren ahotsa eleberria saritu dute. Sari-banaketa ekitaldia ekainaren 6an izango da Amasako Hika txakolindegian

111 Akademiak Harkaitz Canori emango dio 2018ko 111 Akademiaren Saria. Akademiakideek Canoren Fakirraren ahotsa eleberria izendatu dute 2018ko libururik gogokoen, eta idazle lasartearrak ekainaren 6an jasoko du saria Amasako Hika txakolindegian.

199 akademiakide ditu une honetan 111 Akademiak, eta horietako 102k parte hartu dute 2018ko sariduna izendatzeko 2019ko urtarrila eta apirila bitartean burututako hiru bozketa txandetan. Txanda guztietan Canoren eleberria izan da bozkatuena, eta Katixa Agirreren Amek ez dute nobela izan du lehiakide azken bueltan.

Ekitaldi berria
Hainbat urtez 111 Akademiaren eszenatoki izan den Andoaingo Bastero kulturgunea utzi, eta aurten Amasako (Gipuzkoa) Hika txakolindegian ospatuko du 111 Akademiak Harkaitz Canori saria emateko ekitaldia. Hala, eguraldia lagun, bertaratzen direnek paraje paregabeaz gozatzeko aukera izango dute idazleari saria eman eta txakolina dastatu bitartean.

Toki berriak ikuskizun berria ere eskatzen duenez, 111 Akademiako arduradunak ekitaldi berria diseinatzen ari gara uneotan. Eta hori patxadaz egin nahi dugunez, aurten sari-eatea pixka bat atzeratu eta ekainaren 6an jasoko du Harkaitz Cano 2018ko 111 Akademiaren Saria.

Bigarrenez saridun
Harkaitz Canok ez du 2018koa lehenengo 111 AKademiaren Saria izango. Gogora dezagun 2011n ere lasartearrak jaso zuela irakurleen sari hau Twist eleberriagatik. Orduko hartan, gainera, Canok nahikoa izan zituen hiru bozketa txandetatik bi bere nobelak behar adinako babesa eskura zezan bigarren bueltan urte hartako saridun izendatzeko. Aurten hiru txandak burutu dira, baina hiruretan Fakirraren ahotsa gailendu da.

Hala, 111 Akademiaren Saria (2012. urtera arte Beterriko Liburua izenez ezagutua) bi aldiz jaso duten idazleen taldean sartu da Harkaitz Cano. Ur Apalategi, Anjel Lertxundi eta Ramon Saizarbitoria dira lasartearrarekin batera irakurleen sari hau bi aldiz irabazi duten idazleak.

Fakirraren ahotsa
Twistek bezalaxe, gertakari historikoak ditu oinarri Fakirraren ahotsa eleberriak. Imanol Larzabal zenaren bizitza fikzionatu du Harkaitz Canok, gorabehera handiko lau hamarkadetako ibilia jasoz; 30 elkarrizketa inguru egin zituen nobelarako materiala biltzeko. Irakurleari zer pentsatua ematen dion eleberria dugu Fakirraren ahotsa, akademiakide batek bere iruzkinean azaldu bezala: “Asko pentsarazi dit Imanolek jasan behar izan zuen zokoramenduan bakoitzak izan zuen erantzukizunari buruz”.

Laster, mende laurdeneko ibilia
XXIII. edizioa izango du aurtengoa irakurleek hautatu eta ematen duten sari honek. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 1996an jarri zuen abian Beterriko Liburua literatur aipamena (gerora 111 Akademiaren Saria bihurtua) euskal irakurleari literaturaren plazan hitz eta protagonismoa eman asmoz. Honakoak izan dira urte horietan guztietan irakurleen saria jaso duten obrak:
– 1996 Joxean Agirreren Elgeta
– 1997 Ur Apalategiren Gauak eta hiriak
– 1998 Koldo Izagirreren Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri
– 1999 Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion
– 2000 Ramon Saizarbitoriaren Gorde nazazu lurpean
– 2001 Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua
– 2002 Anjel Lertxundiren Zorion perfektua
– 2003 Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea
– 2004 Pako Aristiren Gauza txikien liburua
– 2005 Juan Kruz Igerabideren Hauts bihurtu zineten
– 2006 Karmele Jaioren Amaren eskuak
– 2007 Jokin Muñozen Antzararen bidea
– 2008 Anjel Lertxundiren Zoaz infernura, laztana
– 2009 Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori
– 2010 Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak
– 2011 Harkaitz Canoren Twist
– 2012 Ramon Saizarbitoriaren Martutene
– 2013 Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat
– 2014 Mikel Peruarenaren Su zelaiak
– 2015 Katixa Agirreren Atertu arte itxaron
– 2016 Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua
– 2017 Uxue Alberdiren Jenisjoplin
– 2018 Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu