Idea Vilariñoren eta Cesare Paveseren antologiak dakartza Munduko Poesia Kaierak bildumak

0

Martxoaren 21ean aurkeztuko dituzte Bilbon, Munduko Poesiaren Egunean

Idea Vilariño eta Cesare Pavese poeten antologia berriak eman ditu argitara Munduko Poesia Kaierak bildumak, eta Susa argitaletxeak martxoaren 21erako, Munduko Poesiaren Egunerako iragarri du kaiera berrien aurkezpena. Bilboko Itsas museoan izango da jendaurreko ekitaldia, goizeko 11:00etan, eta Beñat Sarasola bildumaren arduradunarekin batera bertan izango dira itzulpen lanetan aritu diren Garazi Arrula Ruiz eta Ion Olano Carlos.

Cesare Pavese (1908-1950)
XX. mendeko poeta italiar handietako bat da Pavese. Ez zuen poesia asko argitaratu, poemategi bakarra argitaratu zuen bizirik zela: Lavorare estanca (Lan egiteak akitzen du), nahiz eta denbora pasatu ahala poema gehiago txertatzen joan zen. Gero, 1945ean, La terra e la morte (Lurra eta heriotza) seriea argitaratu zuen Le Tre Venezie aldizkarian.Verrà la morte e avrà i tuoi occhi (Etorriko dun heriotza hire begiz), berriz, hilondoan argitaratu zen. La terra e la morte-koez gain, hamar poema argitaragabe agertu ziren liburu horretan, tartean bildumari izena eman zion poema ezaguna, euskarara erruz ekarri dena (Olanorena seigarren bertsioa dugu). Hunkigarria da Paveseren poemetako begirada erdi-xaloa, bizitzaren plazerei bertatik bertara begiratzen diena. Pavesek poesia molde errotik ezberdin bat ekarri zuen bere garaiko italiar poesiara. Iluntasun poetikoaren aldean, poesia askoz ere narratiboagoa zen berea, erritmo eta kadentzia handikoa eta bertso-lerro luzekoa. Kasu berezia da gurean Cesare Paveserena. Poesia gutxi euskaratu den arren, bera izango da gehien itzuli den poetetako bat, bai behintzat izan duen itzultzaile kopuruari dagokionez.Ion Olano Carlosek, zenbait poemaren itzulpen berriak emateaz gain —italieratik zuzenean itzuliak—, Paveseren ibilbide poetikoaren soslai osatu bat eman digu kaier honetan.
Itzulpena Ion Olano Carlosek egin du.

Idea Vilariño (1920-2009) 
XX. mendeko poeta uruguaitar nagusietako bat da Vilariño. Txikitatik etorri zitzaion letra eta pentsamendua lantzeko jaidura. Gazterik hasi zen, bada, poesia idazten —antologia honetako poema zaharrena hemeretzi urte zituenekoa da—, eta gazterik argitaratzen; lehen poema liburua 1945ean kaleratu zuen. 45eko Belaunaldiko kide izan zen Vilariño, sona handiagoa eskuratu zuten gizonezkoekin (Mario Benedetti, Juan Carlos Onetti) eta beste zenbait emakume idazle handirekin (Ida Vitale) batera. Mikaztasuna sumatzen da bere poema askotan, hala inguratzen duen mundu gaixoaren aurka, nola gizonen nagusikeriaren kontra. Inoiz esan zuen animoz pattal zegoenean idatzi ohi zuela, bestela hobe zuela bizitza gozatzeari heltzea, eta akaso horregatik sumatzen zaio ernegua idazkietan. Dena den, bere maitasun poemak izan dira ezagunenak, bereziki Poemas de Amor-ekoak (Maitasun poemak). Baliabide gutxiri etekin izugarria ateratzea, horra Vilariñoren poemagintzaren dohainetako bat. Lerro laburrak erabiltzen ditu gehienetan, errepikapen bereziak (bere marka argienetako bat), eta uko egiten dio baliabide erretorikoen pilaketaren edo hizkuntza bihurriaren bidez epatatzeari. Poesian soiltasuna zeinen zaila eta, aldi berean, zeinen ederra den erakusten digun poeta horietakoa dugu Vilariño.
Itzulpena Garazi Arrula Ruizek egin du.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu