Beñat Sarasolak DEKLARATZEKORIK EZ nobela kaleratu du

0

Martxoaren 15ean aurkeztuko du Donostiako Groseko Pandora tabernan

Susa etxearen eskutik plazaratu du Beñat Sarasolak bere lehenengo eleberria, Deklaratzekorik ez, eta martxoaren 15erako iragarri dute aurkezpen ekitaldia: Donostian izango da, Gros auzoko Pandora tabernan (Txofre, 2), eguerdiko 12:00etan.

Sinopsia
Puskatu ezin duen iraganaren zamarekin bizi da Beñat Sarasolaren lehenengo nobelako protagonista. Ez baita erraza iragana ahaztu nahi baina utzi ezin duenaren bizimodua. Militante politiko inplikatua izana gaztetan, inplikazio horren kontrakarrean bizi nahi du orain, 90etako mundu gatazkatsu harekiko destaina azalduz.

Udal liburutegian lan egiten du, lagun arteko giroa gordetzen du azaletik bada ere, gaitzak erasandako aitaren zaintzaz arduratu behar du, harreman afektibo korapilatu batzuk ditu —bere bikoteak Madrilen egingo duen masterrak distantzia fisikoa dakarkio bestela ere arrakalatua dagoen harremanari—, eta gutxienik espero duenean atzera bere iraganera ainguratuko duen elementu apurtzailea izango da Poliziaren agerpena.

Ertz oso garratzeko protagonista dakarkigu Sarasolak “Deklaratzekorik ez” eleberrian, bere buruarekin eta inguruarekin bakean bizitzea lortzen ez duen pertsonaiaren bitartez egungo gizartearen erretratu mikatz bat eskainiz.

Egileari buruz
1984an Donostian jaioa, idazlea eta unibertsitateko irakaslea Beñat Sarasola. Filosofia ikasi zuen Donostian eta Literatur teoria eta literatura konparatua Bartzelonan. Bi poema liburu (Kaxa huts bat, Susa, 2007; Alea, Susa, 2009) eta saiakera bat (Bainaren belaunaldia, Labayru, 2015) argitaratu ditu. Philip Roth-en Nemesis itzuli du (2011). Literatura kritikari izan zen Berrian eta hainbat komunikabidetan kolaboratu du. Sautrela telebista saioan erredaktore izan zen lehenengo, eta aurkezle gero. Munduko Poesia Kaierak (Susa) bildumaren editorea da.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu