111 aldizkaria argitaratzeari utziko dio 111 Akademiak

0

Argitalpenarekin jarraitzeko baliabide ekonomikorik ez izateak ekarri du erabakia. Oraingoz, 111 Akademiaren web gunean ahaleginduko dira aldizkariak jasotzen zituen edukiak argitaratzen

111 Akademiak 111 aldizkaria argitaratzeari utziko dio. 2018ko abenduan kaleratu duen 10. zenbakia azkena izango da, bai behintzat, oraingoz. Erabaki horren atzean dagoen arrazoi nagusia ekonomikoa da, 2018an izandako diru-galeraren ondorioz 111 Akademiari guztiz ezinezkoa baitzaio 2019an paperezko argitalpenak dakarren gastua bere gain hartzen jarraitzea. “Momentu mingarrian dator, gainera, erabakia, orain hilabete eskas harpidetzak handitzeko ekinaldia egin eta eskaerak jasotzen hasiak baikinen”, adierazi dute 111 Akademiako arduradunek. Baina 2018ko diru-kontuek agerian utzi dute oraingoz behintzat ez dagoela paperezko argitalpenarekin aurrera egiteko modurik.

111 Akademiak 2014an jarri zuen abian 111 aldizkariaren proiektua, oso modu apalean, krisialdi bortitzak ez baitzuen beste ezertarako aukerarik uzten. Ordutik, erakundeekiko elkarlana bilatzeko Akademiako arduradunek egindako ahalegina etengabea izan da, egitasmoa egonkortu eta bestelako diru-iturriak sendotu bitartean aurrera egitea ahalbidetuko zion elkarlana, hain zuzen ere. “Irakurle arruntari literaturari buruz euskaraz informazioa emango zion argitalpena aurrera ateratzen saiatzeak ahalegin oro merezi zuelako uste sendoa genuen. Ahalegin horiek, ordea, ez dute esperotako fruiturik eman, eta 10. zenbakira iritsi ostean, egitasmoa bertan behera uztea beste irtenbiderik ez zaigu geratu”, diote.

2019an 111 Akademiari eutsiz etorkizunean berriro ere 111 aldizkaria kalean jartzea da Akademiako arduradunen nahia. Horretarako, erakunde publikoen bideak eman zezakeena eman duela ikusita, arlo pribatuan egingo dute orain ahalegina, jorratu beharreko bidea samurra izango ez dela ondo baino hobeto dakiten arren. Bitartean, edukiak sortzen jarraitu eta, paperaren faltan, ahal den neurrian 111 Akademiaren web gunean argitaratuko dituzte.

“111 aldizkariko harpidedunei orain arte erakutsitako babesa eskertu nahi diegu, eta etorkizunean berriz ere euren etxeetan izateko itxaropenarekin esango diegu gero arte” adierazi du Jon Unanuek, 111 Akademiako buruak.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu