Patxi Iturregik ipuin-bilduma berria ondu du

0

Otsailaren 14an aurkeztuko du Donostian

Dozena bat ipuinez osatutako bilduma besapean hartuta itzuli da Patxi Iturregi euskal letren mundura: Ur biren artean. Lehen Mundu Gerraren garaiko Bilbon kokatu ditu ipuinok, hirian, ontzioletan, barkuetan… Otsailaren 14an aurkeztuko du Xabier Mendiguren editorea bidelagun duela goizeko 11:00etan Donostiako Elkar aretoan.

Patxi Iturregik orain hamahiru urte kaleratu zuen bere aurreko lana, Dioramak.

Ur biren artean
Orain dela 100 urte, 1914 eta 1919 bitartean, munduak ordura arte ezagututako gerrarik gogorrena bizi izan zuen, gerora Lehen Mundu Gerra deituko zitzaiona, Europako lurralde gehienak ez ezik ozeano guztiak ere hartu zituena. Bilboko itsasontziak, bandera neutrala dutenez, ez daude ofizialki gerran, baina gatazka orokorrak ondorio nabarmenak ditu hirian, ontzioletan, barkuetan… Potentzia lehiakideek lehengaiak behar dituzte eta ondo ordaintzeko gertu daude, baita hornigai horiek etsaiarengana iristea eragozteko prest ere.

Giro nabar eta nahasi hori fikzio bihurtu du Patxi Iturregik dozena bat ipuinetan: alde bateko eta besteko espioiak, portuko eta ontzioletako langileak, kontrabando ilegalean dabiltzan merkantzia-ontziak, saltzaileen larriak, langabetuen estutasunak, jauntxoen dibertimenduak… Hiriaren eta itsasadar osoaren taupada biziak jasotzen ditu Iturregik, teknika, gai eta erregistroen ugaritasuna eta kontagintzarako trebezia erakusten duten istorioetan.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu