Harri baten magia

0

Zebrabide asko pasa behar izaten dira bizitzan, eta zebrabide batek eman dio hasiera ipuin honi. Eta gauza asko izan daitezke bizitzan lehen aldiz egiten direnak, eta kasu hori da Nerea Loiola (Deba, 1985) idazlearena eta baita Rocio Irigoyen (Getxo, 1982) ilustratzailearena ere. Harri bat poltsikoan haur literaturako lehen liburua argitaratu dute, Erein argitaletxearekin.

Nerea Loiola idazle lanetan hastearen erruduna bere sei urteko semea izango litzateke. Zebrabide batean ideia sortu, eta horrek eraman zuen bere lehen liburua idaztera. “Irakurle amorratu bat izan naiz beti. Literatura oso presente egon da etxean, bai gaztetan eta baita orain ere. Eta ama naizen momentutik, ideia bat sortu zitzaidan. Zortzi urteko seme bat dut, eta berak eman zidan ideia” gogoratzen du. Pasarte bat izan zela dio. “Horren inguruan istorio bat muntatu nuen, eta arratsalde batean bururatu zitzaidan berari ahoz kontatzea”. Baina ez zen horretan geratu, semeak, berriz ere gauean arratsaldeko istorioa kontatzeko eskatu zion. “Bikoteari kontatu nion, eta berak animatu ninduen idaztera”, azpimarratu du. Gaztetatik datorkio idazteko zaletasuna debarrari: “Nik idatzi izan dut, baina beti ere niretzat, edo bikoteari zerbait… baina beti pribatuan”.

Kontatutako istorioak semeari sortu zion interesak, eta bikotearen bultzadak, idazle lanetan jarri zuten Loiola. Ia bi urte egin behar dira atzera. “Lehenik zirriborro bat egiten duzu, eta gero hori lantzen hasi. Beti dago zer hobetua, eta irakurtzen dudan bakoitzean beti daude hitz batzuk esaten dudana hau jarri beharrean beste hau, baina iristen da honaino esaten duzun momentua”.

Sortutako istorioaren gaineko semearen iritzia zuen, eta iritzi bat zintzoa bada, hori haurrarena izaten dela jakitun, bazekien zerbait polita zuela esku artean. Argitaletxeko atea jo zuen behin testua bukatutzat emandakoan, eta bidaltzeko esan zioten: “Lauzpabost hilabete pasa ziren Erein argitaletxera bidaltzera ausartu nintzen arte”. Eta hilabete barru baiezko erantzuna jaso zuen argitaletxetik. Poz izugarria sentitu zuen.

Orduan jartzen da Nerea Loiola Rocio Irigoyen ilustratzailearekin harremanetan. Bizkaitarrarentzat ere lehen liburua da. Arte Ederretako ikasketak eginak ditu, eta beti marraztu izan badu ere, liburu baterako eta haurrei zuzendutako marrazkiak egiten dituen lehen aldia izan da: “Nerearen proposamena gogoz jaso nuen, eta gustura aritu naiz lanean”.

Getxotarrak bere burua aurkitu behar izan du paper zuriaren aurrean. ”Inoiz ez dudanez honelako lanik egin, ez nuen estilorik. Pintura ikasi nuen batez ere Arte Ederretan, eta nire marrazkiak normalean ilunagoak dira, ez dira oso koloretsuak. Oso ezberdinak dira”. Onartzen du erronka handi bat izan dela liburua ilustratzearena: “Behin testua irakurrita, lehenengoa egitea kostatu zitzaidan”, gogoratzen du. Loiolak, ordea, azpimarratzen du: “Testua bidali eta berehala zirriborroak bidali zizkidan eta oso marrazki onak ziren hasieratik”.

Irigoyenek onartzen du “lehen hiru zirriborroak azkar egin nituen, eta egia da gustatu zitzaizkidala. Gero besteak, gehiago kosta zitzaizkidan”, ekarri du gogora. Zailena marrazkiak bukatzea edota errematatzea egin zitzaion.

Elkarlana nolakoa izan den galdetzean, Loiolak garbi du: “Niretzat parte garrantzitsuena Xana zen, protagonista”. Nahita jarritako izen bat da, “ez nuen sexu batera edo bestera bideratu nahi. Eta horregatik, bai komentatu nion Rociori irudia ere edozein ume izateko aukera duena nahi nuela”. Eta aitortzen du hasiera-hasieratik gustatu zitzaiola Irigoyenen proposamena.

Hortik aurrerako lana erraza izan dela diote, eta ondo ulertu direla. Marrazkien sortzea telefono edota mezu elektroniko bidez bideratu dute, eta Xanaren hegoen adibidea jarri du Irigoyenek; hitz eginez bien artean adostu zutela nolakoak izan behar zuten, azken marrazkia zehaztera iritsiz.

Irigoyenentzat zailena, kapitulu guztien arteko lotura edo haria mantentzea izan da. “Lehenik zirriborroak egin nituen kapitulu bakoitzak bere marrazkia izan zezan. Eta bidean aldatzen dira, baina gutxi gorabehera zirriborrokoa mantentzen da. Zailena, guztiak estilo berean egitea izan da. Osotasuna lortzea. Eszena oso ezberdinak ziren, eta hori praktika falta dela esango nuke”.

Zebrabideko pasarteak eta hegoek eraman dute Xana protagonista duen liburua idaztera. Ez zen hasi idazten liburua gai bat lantzeko intentzioarekin, baina idaztean, konturatzerako, segurtasun gabezia zuen haur bat zeukan, Xana protagonista, hain zuzen ere. “Ez da erraza, ama edo aita izatea, eta nik uste dut inkontzienteki atera zaidan gai bat dela. Agian hor nonbait landatuta neukan loretxo hazia eta loratu egin zen, eta horregatik hartu zuen forma hori”.

Haurrek segurtasun falta izaten dute, baina hori sarri askotan gurasoen erruz izaten da. Hori da Nerea Loiola amak dioena. Errazagoa da besteenak ikustea, baina ziur da berak ere berdina egiten duela bere umeekin: “Kontuz, oraindik txikiegia zara, oraindik ezin duzu… nahigabe guk sortzen diegu babestu behar horrekin konfiantza falta” azaltzen du. Eta “nahigabe gai bat dago nire liburuan, baina ez naiz horren bila joan. Niretzat literatura disfrutatzea da. Nik beti irakurri dut disfrutatzeko eta nahi dut nire umeek ere literaturarekin disfrutatzea. Eta horretarako idazten dut. Garbi dago, sentimenduak daudela, beti dago zerbait. Helduentzako liburu bat irakurri eta beti mugitzen zaizu zerbait, bizipenen bat…”, kontatu du. Eta Xanarekin batera, irakurleek ere, tristura, poza, urduritasuna, negarra, laguntasuna, ezintasuna, zoriontasuna, harrotasuna eta gehiago biziko dituzte.

Nerea Loiolak kontsumitzen duen literaturaren %80a haur literatura da, eta eroso sentitzen da esparru horretan. “Azkenean uste dut idazteko irakurri egin behar dela. Eta orain gehiena haur literaturatik kontsumitzen dut. Egia da, gainera, ilusioa egiten zidala nire semearentzako istorio bat idazteak”.

Lehen aldiz zerbait egiteak beti du hobetzeko tartea, eta ilustratzailearen kasuan, gauza asko ikasi ditu. Ilustrazioaren mundurako formatzen ere saiatu da, baina garbi du gustatu zaiola eta lan gehiago egiteko grina piztu zaiola, eta “berriz egingo banu, askoz hobeto egingo nuke” dio irribarretsu. Haur literaturari begirako liburu batek ilustraziorik gabe bide laburra egingo luke, eta Loiolak balioan jarri nahi izan du ilustratzailearen lana. Harri bat poltsikoan liburuak, ia testua beste ilustrazio du, eta bien arteko lana izan da.

Liburuaren izenari tiraka, irakurle askori bitxia egin zaie edota atentzioa deitu die harri bat poltsikoan izateak. Xanak harri bat du poltsikoan, eta laguntzen dio. Eta ikusi ditu Loiolak gurasoak beren seme-alabei harriak oparitzen: “Helduok ere, sarri askotan, konturatu gabe harri bat izaten dugu poltsikoan eta ahaztu egiten zaigu gure poltsikoetan begiratzea”. Eta mezu honekin, helduak ere gonbidatu nahi izan ditu hori bizitzera eta baita hausnartzera ere. Oso pozik daude hilabete gutxi hauetan jendearengandik jaso duten erantzunarekin. Ekainean ikusi zuen argia liburuak “ingurukoek badakizu iritzi positiboak ematen dizkizutela, eta oso gustura jaso eta baloratzen dira, baina batik bat sare sozialetan eta jende ezezagunetatik jasotzen den horrek betetzen zaitu”. Facebooken Haur Literaturaren taldean liburua proposatzen duela batek irakurtzeak, beste bati oparitu egin diotela liburua entzuteak edota irakurtzen disfrutatzen dutela ikusteak betetzen ditu. Eta ez dute ezkutatzen, beraien izen-abizenak dituen liburua esku artean izateak ilusioa eta lanerako grina piztu dizkie.

Biak ala biak amatasun bete-betean badaude ere, lehen lanak, jarraipena izango du, edo hori nahi lukete behintzat. Loiola bi urte hauetan ez da geldirik egon eta idazteari ez dio utzi. Lan berri bat bukatzear du. Eta elkarrekin zebrabide gehiago zehartzeko prest daude. Aitortu baitute, lan bikote ederra osatu dutela. Esperientzia ona izan dute, eta Loiolak gaineratu du, “Rociorekin lanean jarraitzea gustatuko litzaidake”.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu