Barrura kantatzen duen mezua

0

Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea nobela zinemara egokitzen ari da Fernando Bernues zuzendaria. Bi lagunen arteko adiskidetasun istorioa ardatz hartuta, gure historiaren zati bat kontatzen du filmak eta datorren urtearen hasieran estreinatuko da.

Atal bat itxi nahi izan zuen Bernardo Atxagak Soinujolearen semearekin. Irakurleak ordura arte ezagun ziren elementuekin egin zuen topo, baina, era berean, mundu zabalago eta sakonago batekin. Asteasuarrak 2003. urtean idatzitako nobela leku, denbora eta gertaera desberdinen artean ematen den bidaia da, bi lagunen arteko adiskidetasuna delarik bidaiaria. 30eko hamarkadatik XX. mendera, Obabatik Kaliforniara, haurtzaroko eskolatik 1936ko Gerraren infernura. Memoria, nostalgia, erbestea, traizioa, torturak edota ETA bezalako gaiak azaleratzen dira Joseba eta Daviden arteko adiskidetasunaren bitartez.

Hilzorian da David, eta hura bisitatzera Estatu Batuetara joango da Joseba, txikitako laguna. Bisita horrekin, euren iragana errepasatzen da. Bi lagunen bizitzan zehar eginiko gogoeta 2012. urtean antzerkiratu zen Fernando Bernuesen zuzendaritzapean. Eta, orain zuzendari donostiarra zinemarako egokitzapena ari da prestatzen. Filmaketa lanak bukatuta, Soinujolearen semea datorren urte hasierarako estreinatzea aurreikusten dute.

Nobela irakurri zuenean Bernuesek bere istorioa ikusi zuen bertan, “gure istorioa”, eta zineman kontatzeko beharra sentitu zuen: “Ukitu edo hunkitzen nauen materialarekin egiten dut lan normalean, eta lan honek bizitzan igaro ditudan habitat eta sentsazio asko azaltzen ditu, hala naturarekiko lotura, politika eta nerabezaroa nola konpondu gabeko gatazkak ere. Azken batean, 50-60ko hamarkadako gure DNA ikusi nuen”. Baina, horren guztiaren gainetik, bi lagunen arteko adiskidetasunean jartzen du azpimarra: “Adiskidetasun istorio handi bat da; hainbat egoera bizitzen dituzte, laguntasun hori hautsi egiten da, baina, denboran zehar mantendu, eta elkartu egiten dira berriro une batean”.

Bernuesentzat, “garrantzitsua” da “guk gure istorioak kontatzea”. Baina, azken honen kontaketaren bidea ez da erraza izan. Aspaldian, barruan zuen ideia zen, baina oraintsu arte ezin izan du gauzatu. “Kutxidazu bidea Ixabel egin genuenean planteatu genuen Soinujolearen semea egitea, baina, une hartan eskubideak hartuta zeuden”. Pertsonaia eta lokalizazioei dagokienez, nobela “konplexua” zela kontatzen du, eta zinemara eramatea izan zela bere lehen erreakzioa. Baina, une hartan bide hori itxi zenez, ezinbestean antzerkirako bidea hartu zuen. Behin pelikula egin ahal izateko aukera zabalduta, finantzaketarena etorri zen, “geroz eta konplikatuagoa” den zerbait, baina, hori ere gainditu zuen. Gogo edo nahi “berezia” zuen egiteko eta “poz handia” sentitu du proiektuan barneratzean, “errealitate bihurtzen den amets bat bezala”. Eta, modu horretan, nobelaren egileak bezala, kapitulua ixtea lortu du.

Zuzendariak “idazle iruzurtiak” dira Bernuesen arabera, beste kode batzuekin bada ere, besteen istorioak idazten dituztelako. Hori dela eta, istorioen egileek zuzendarien lana baloratu eta errekonozitzea funtsezkoa da bere ustez. Esan daiteke lan honetan gustura egoteko moduan dela, Bernardo Atxagak hitz onak izan baititu orain arte egindakoari buruz. “Niretzat oso garrantzitsua zen Atxagak bere nobela hor zegoela sentitzea. Berak esan zidan horrela irudikatzen zituela pertsonaiak, horrela behar zutela izan, eta asko poztu nintzen, indarra eman zidan jarraitzeko”.

Bernardo Atxagak prozesuko hainbat puntutan parte hartu du, eta hori ere izan daiteke emaitzarekin asmatu izanaren arrazoia: “Jarrera parte hartzailea izan du hasieratik, gidoia hartuz eta proposamenak eta zuzenketak eginez edota Amerikari buruzko bere jakintzekin gomendioak emanez, eta horrek asko laguntzen du bere lanera hurbiltzen”. Filmaren masterra ikusi dute Atxagak eta bere gertukoek, eta sentsazioa “oso atsegina” izan da denentzat. “Musikarik gabe, efekturik gabe eta irudia ikutu gabeko materiala da, “gatzozpindu gabea”, baina hor dago lanaren esentzia. Tomatea berez ona bada gatzozpindu gabe ere ona izango da, beraz, pozik egoteko moduan gaude”.

Modaketarako bideak
Nobelatik antzerkira eta nobelatik zinemara edo antzerkitik zinemara? Prozesu desberdinak direla argi dago, baina, zinemaratzeko prozesua ez dela zerotik hasi azaldu du zuzendariak. “Antzerkirako gidoia egitea oso zaila izan zen, narratiboki oso irekia zelako; beraz, kontaketaren ardatza aurkitu behar duzu, eta hori pelikulan ere erabili dugu”. Ospitalea da ardatza, antzerkian errealista zen kokaleku bakarra. “Hor elkartzen dira, eta konpontzen da gatazka. Hortik aurrera, iradokitzen ziren espazioak era sinbolikoagoan edo poetikoagoan egin ziren, akordeoiarekin, kasu: ospitaleko arnasbide artifizial bilaka zitekeen, errekako harri, torturaren unean erortzen zen elementu edo hotela erretzean arrastaka zihoan objektu”. Nobelan agertzen ez den eta antzerkian sartu zuten kokaleku bakarra da ospitalea. Pelikulan ere errepikatuko da hori. Baina, zinema antzerkiarekin alderatuta, errealistagoa da. “Kokalekuak, denborak, pertsonaiak… Pertsonaia gehiago dago, esaterako, maitasun istorio gehiago ageri da, baina, finean, esan daiteke bidea ia markatuta zegoela”. Gainera, taula gainean ageri ziren aktoreak pantailan ere ikusiko dira. “Antzerkian zeuden ia aktore guztiak pelikulan egon daitezen saiatu naiz, hori bai, gutxik dute pertsonaia bera, urte batzuk igaro direlako antzezlanetik, eta hiru denbora desberdin agertzen direnez, pertsonaien adinetara moldatu beharra zegoelako”.

Fernando Bernuesek aspaldi azaldu zion ideia Patxo Telleriari. Aktore, gidoilari eta zuzendari bilbotarrari eskatu zion, antzezlanerako egin moduan, gidoia idaztea. “Berarekin adostutako lana izan da. Gainera, kasu honetan, gidoilaria naiz, baina, nobela baten moldaketa da, badago, beraz, material bat aldez aurretik, eta hori zine gidoi bilakatu behar da”. Kasu honetan, zerotik ez abiatze hori “zailagoa” da Telleriak kontatzen duenez. “Errazagoa dela pentsa daiteke, baina, istorio hori beste formatu baterako pentsatuta dago, nobela baterako, eta nobelan eta zineman ez dira lengoaia berdinak erabiltzen”. Eta, egokitze horretan, laburtzearena ere nabarmendu du: “Sekulako lana egin behar da, murrizteko, nobelak 500 orrialde baditu, gidoi bat ez baita 100era iristen. Beraz, sintesira jo behar da nahitaez, ordu eta erdi batean kontatu behar baituzu, asteetan irakur dezakezuna”.

Testua antzerkiratzean ere sintesi ariketa egin zuten, baina, “antzerkiak eta zinemak ere ez dute lengoaia bera erabiltzen”. Antzekoak izan daitezkeela onartzen du gidoilariak, biak ikus-entzunezko materiala direlako, “baina, zinemak antzerkiak ez duen baliabide asko eskaintzen dizu, irudiak, esaterako, eta horien bitartez, eremua zabal dezakezu”. Gidoian, bestalde, narratzailea desagertu ohi dela dio Telleriak, eta “pertsonaiek kontatzen dutena baino ezin dezakezu konta”.

Nostalgikoa eta intimoa
Aitor Beltran, Iñaki Rikarte, Cristian Merchan, Bingen Elortza, Mikel Losada, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Frida Palsson, Miren Arrieta, Laia Bernues eta Eneko Sagardoy dira, besteak beste, pertsonaiak hezurmamituko dituzten aktoreak. Eta, soinu bandaz, Fernando Velazquez getxoztar musikagile eta orkestra zuzendaria arduratu da. Errodatzen hasterako ekin zioten soinu banda sortzeari.

Zuzendariak transmititu nahi duen istorioa ondo ezagutzeari ematen dio garrantzia musikagileak. Hori bai, gisa honetako lanetan pelikularenean baino nobelaren musikan pentsatzeko arriskua edo tentazioa egon daitekeela dio. “Gauza bat da irudikatzen duzun pelikula, gidoian dagoena, errodatzen dena eta muntatzen dena. Nik azken honi jartzen diot musika”. Filmari soinu banda egiteko prozesua desberdina izan daiteke egile batetik bestera. Velazquezen kasuan, gidoiarekin baino beste elementu batzuekin lan egitea nahiago du. “Pelikulak inspiratzen nau, nola dagoen errodatuta eta muntatuta ikusten dut, atmosfera nolakoa den, kameren mugimendua, aktoreen ahotsa…”.

Soinujolearen semea filman, gainera, arreta berezia jarri behar zitzaion akordeoiari, bai baitira, esaterako, akordeoia zuzenean entzuten den uneak. Gaur egun ia ahaztua den soinua, soinuarena. Hala dio musikagileak. “Duela 30- 40 urtera arte festarako soinua zen, ez zegoen talderik, akordeoiak zeuden tabernetan…”. Nolabait, euriaren antza hartzen dio mundu nostalgiko horri, eta hori bere parte hartzeari esker “era majikoan” pelikulan sartu dela pentsatzea pozgarri zaio.

Emaitza soinu banda intimoa izan da, intimoa eta epikoa. “Kontraesana dirudi, baina, ez da. Biak hala biak arrazoi desberdinengatik gatazka batean barneratuko dira, eta garesti ordainduko dute, Frantziara alde egin beharko dutelako, torturatu egingo dituztelako… Hor bada epika bat, baina, ez dago sentimenduen kanporatze bat, barrurako zerbait baizik”. Oso “gurea” den zerbait da ezaugarri hori bere ustez: “Melodia oso politak ditugu eta asko kantatzen dugu, baina, ez dugu era ikusgarrian egiten. Emozionalitate partikularra dugu, nostalgikoa edota intimoa, soinu banda bezala, eta aldi berean sakontasun handikoa”.

Fernando Velazquezek “ilusio eta maitasun” handiarekin egin du lana, baina, “erronka handia” ere izan dela aitortu du. “Gure bizilagunak izan daitezkeen bi lagunen istorioa da, baina, hori baino askoz gehiago ere bai, gure historiaren zati bat kontatzen ari baikara, alboko era batean izanda ere”. Eta, dio, Atxagaz hori asko gustatzen zaiola: “gure mundua kontraesan, min eta poz guztiekin”. Hor barneratzea “oso berezia” izan da berarentzat. “Pribilegioa izan da hor sartzen utzi eta nire sentsibilitatearen zati bat eskaintzea istorioa kontatzeko”. Berarentzat ezezik, berarekin soinu banda egin duten Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikarientzat ere “polita” izan dela dio, “bertakoak izanik bertako istorio bat kontatzen ari zirelako eta Atxaga ezagutzen dutelako”. Euren instrumentuak “era magikoan” jo dituztela kontatzen du musikagileak eta hori “grabazioaren energian nabari da”.

Etengabeko aldaketan
Nobela bat pelikula bilakatzea idazlearen ibilbide profesionalean unerik “ederrenetakoa” omen da, “animatzen duten une horietakoa”. Horrela sentitzen du Bernardo Atxagak. Orain arte bere nobelekin egin diren moldaketekin ez bezala, oso hurbiletik jarraitu du proiektua. Zuzendariaren lan egiteko modua horrelakoa dela dio, “ahal bada ingurukoen iritziak ondo jasotzea gustatzen zaio”. Lan “ederra” egiten ari direla azaldu du, eta zuzendariak eta berak elkar ezagutzea funtsezkotzat du: “Hitz gutxiago behar dugu elkar ulertzeko, eta ziur asko ez da egongo gaizki ulerturik. Emaitza ikustean zure estiloa edo ikuspuntua ikusiko duzu, eta aldiz, ezagutzen ez duzun batekin gerta daiteke emaitza ikusi eta esatea: Nik sekula ez nuke hori egingo”. Talde osoaren lana nabarmendu du, baina, bereziki aktoreena: “Ahaztu egiten zara aktoreak direla, eta hori dela seinalerik onena esaten dute. Niri hori gertatu zait”.

Asteasuarrari “hunkigarri” egiten zaio testua nabarmentzea, ikusi eta entzutea, antzerki eta zinemaren bitartez. Berak dioen moduan, testua irekita dago beti. “Ezin da bestela izan. Beti dago testuan irudikatzeko gaitasun ikaragarria, eta hori ez badu testu txarra da”. Testua nork eta noiz irakurri era batera edo bestera ulertuko da, eta kasu honetan, azpimarratzekoa da duela hamabost urte idatzitako nobela dela Soinujolearen semea. “Gaurko ikusleak ezin du duela hamabost urteko irakurlearen begitik irakurri. Beste garai bat da eta garaiak asko eragiten du. Denborak zuzendu egiten du ikuslearen begia eta aldatu egiten du mezua”, dio Atxagak. Halaber, testua gaur egun kontatuko balitz ere, beste modu batean kontatuko litzateke. “Testua etengabe aldatzen den zerbait da. Gainera, nik gaur egun ez dut duela hamabost urte bezala idazten. Ez dakit noraino aldendu naizen, baina ez da idazteko modu bera”. Horrela geratzen direla historian idazleen lanak dio. “Gero, urte batzuetara, norbait etorriko da, irakurriko du eta agian beste era batera interpretatuko du. Gure ofizioaren eta lanaren legea da, utzi gauzak eta egin gauzak”.

Utzi duen elementuetako bat da Obabaren unibertsoa, eta goxotasunez gogoratzen du bere sorrera: “Duela 40 urte Deuston, ekonomia ikasten ari nintzen, eta apopilo etxe batean nengoen. Karamelo saltzailea zen bertako etxekoandreari erosi berri genuen magnetofoia probatzearren, zerbait kantatzeko eskatu nion, eta sehasta kanta bat abestu zuen. Hori abestu orduko ‘B’ hotsaren indarraz jabetu nintzen. Hizkuntza guztietan gertatzen da. Geroago, Bartzelonan ekonomia utzi eta filosofia ikasten ari nintzela, irratirako gidoiak egiten nituen, eta Basurdearen istorioa bururatu zitzaidan. Konturatu nintzen beste istorioak baina hobea zela, eta gorde egin nuen. Leku horri izena jartzeko sehaska kanta harekin gogoratu nintzen eta Obaba jarri nion”.

Poztasun handia eman dio Obabak Atxagari, Soinujolaren semea zinemaratzeak bezala. “Poza hartzen da, baina, ni ez naiz poz luzekoa”. Bere bizitzaren ardatza bere lanean segitzea da. “Poz horiek kemena ematen dizute, eta ibilbide gozoa ez den gurea bezalako ofizioan hori ezinbestekoa da. Poz hori leihoen koxkan uzten dut, bitxi bat uzten den moduan, eta aurrera egiten dut”, azaldu du.

Hurrengo pausoa izaten du, beraz, jomugan, “nagoen honetan baino aurrerago bizi naiz”. Hori da bere bizitzaren motorra, eta, une honetan, esaterako, hurrengo urtean bukatu nahikoa lukeen proiektu batekin ari da lanean. “Etorkizuneko azenarioarekin” bizi dela dio. Etorkizun horretan, baina, argi du Obabak ez duela lekurik izango. “Ez da agertuko. Beste izen bat erabiliko dut hemendik aurrera nere istorioetako lekuetarako. Beste mundu bat azalduko da”.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu