Xabier Amuriza: “Errealitateak eman ez didan eta eskatu ezin diodan garaipena literaturan lor dezaket”

0

Hogeita sei liburu idatzi dituen norbait aurkeztea ez da erraza. Ezta hirurogeita hamazazpi urte dituen pertsona baten bizitza zabala eta oparoa elkarrizketa batera mugatzea ere. Xabier Amuriza (Etxano -gaur Amorebieta-Etxano-, 1941) oraingoan ere bere bizitzako gertaera batean oinarritu da bere azkeneko eleberria idazteko: Neska bat leku inposiblean (Elkar).

Eleberri honetan zure bizitzako pasarte garrantzitsu bat kontatu duzu.

Berez ez da ziklo baten barruan agertu, baina nik ziklo baten barruan bosgarrentzat kontsideratzen dut. Ziklo horretan, bizitzaren aroetara joan naiz, eta aro bakoitzean zerbait zentrala hartzera. Dinosauroak horizontean aurkeztu nuenean esan nuen: “Ni Proust zale handia naiz, eta beharbada kalitatez ez baina kopuruz berdinduko dut”. Proust askotan irakurri dut. Hark Denbora galduaren bila egin zuen bezala honek ere pixka bat darama halako kronologia bat. Nik banaketa bat egin nahi nuen, ikusi edo bizi izan dudana aro batzuetan banatuta jarri, eta kartzelakoa halako hurrenkera batean dator. Zikloaren izena zen Joan ziren.

Tunelaren istorioa aipatzen duzu.
Bai, baina istorio bat kontatzeko orduan kriterioak oso inportanteak dira. Nik badakit tunelarena egia izatetik aparte, ihes egitea argumentu unibertsala dela, bai kartzeletatik, bai zerbaitetik. Beraz, banekien tunela argumentu handia dela, baina ez daukat helburutzat kronika bat egitea: nire helburua da kontaketa literarioa eta kontaketa bikain bat egitea, arte on bat.

Nola lortu duzu?
Alde batetik kontaketa hori dago, tunelarena, eta gero erantsi diot neskaren fikzioa, eta hori ondo eramaten saiatu naiz. Hizkuntza aldetik ere kontaketa on bat egin nahi izan dut, kontaketa artistiko bat, argumentu on bat idazle txepel batek txepeldu baitezake, eta argumentu txepel batetik idazle onak atera dezake izugarrizko kontaketa. Nik banekien argumentu ona neukala, baina horri eman behar zaio indarra, eman behar zaio bizitasuna, eman behar zaio progresioa eta eman behar zaio intentsitatea. Eta horiez guztiez gain fikzio horri eman behar zaio sinesgarritasuna: neska bat han sartzeak ez du gauza arbitrario bat izan behar. Ez bada sinesgarria edo gertagarria, ez du balio. Alde horretatik ni ez naiz errealismo magikoaren aldekoa. Dena den, hasten bazara Samsa Kafkaren Metamorfosia-n bezala, “labezomorro bihurtu naiz” esanez, hortik aurrera badakizu non zauden. Baina zu egia bat edo errealitatea kontatzen hasita, hor sartu ezin diren gauzak txertatzea nik ez dut literariotzat. Nire erronka hori izan da.

Izenburuak zalantzak sortu ditu?
Bueno… Galdetu didate: “Zergatik ez duzu jarri Neska bat leku ezinezkoan?”. Ezinezko eta inposible ez dira berdinak. Hitzek balio duten edo ez ikusteko hitzen mikroklima hori aztertu behar duzu. Posible eta inposible hitzek pentsamenduan, filosofian, zientzian… historia luzea daukate, eta konnotazio luzeak dauzkate. Mundu posiblea esaten baduzu, zer da, mundu ahalezkoa? Nik inposible nahi nuen. Horrek konnotazio filosofiko, teoriko denak dauzka, ezinezkoak ez dauzkanak. Lexiko aldetik hutsune ikaragarriak dauzkagu eta horrek inprezisiora eramaten gaitu.

Zein izan dira zure maisuak?
Hasi ginenean, balio literarioen bila baino gehiago euskararen bila gindoazen gu, eta euskal nortasunaren bila, eta hori zen gure eskakizuna eta gure borroka. Niri, adibidez, inpresio handia egiten zidan Orixeren Euskaldunak-ek, euskararengatik, oso zaila baitzen. Gero mundu hura ikusi nuen gezurrezkoa zela. Ni baserrikoa nintzen, banekien baserriko bizitza ez zela horrelakoa, han agertzen den modukoa, baina han ematen zion forma harekin nik ebasio hori sentitzen nuen. Axular hartu nuenean ere inpresio izugarria egin zidan. Ia 24 urterako euskaraz oso alfabetaturik nengoen. Seminarioan baziren gaztelaniaz literatura unibertsaleko liburuak eta han Espainiako klasikoak irakurtzen genituen. Kixote 17 urterekin irakurriko nuen eta honek ere inpresio izugarria egin zidan.

Eta erdal idazleak?
Proust asko gustatzen zait, Kafka zer esanik ez. Kartzelan irakurri nuen 100 años de soledad eta inpresio izugarria egin zidan, García Márquezen gerokoek ez hainbeste. Eta poesiari dagokionez, seminarioan irakurri genituen poeta frantsesak ere, espainolak, euskarazkoak… Aresti ezagutu nuen, gainera; lagunak ere baginen. Arestiren poesia eta nirea oso diferenteak izanik, badugu antzekotasunik… Aresti ez zen poeta lirikoa eta ni ere ez. Hurrengo poemategirik egiten badut, ikusiko da lirismotik gutxi daukala. Arestik ere lirismo gutxi zeukan.

Euskarara itzultzen saiatu zinen lehenengo liburua Jorge Manriquerena izan zen.
Bai, Coplas a la muerte de su padre. Ederra zen, eta pentsatu nuen: “Hau euskaratu egin behar dut”. Baina ikusi nuen ezin zela eta dezepzio handia hartu nuen.

Zergatik?
Gero deskubritu nuen zer gertatzen zen. Kontua luzea da, baina euskaraz aditza tramankulu handiegia da, izugarrizkoa, eta aditza trinkoa tokatzen ez zaizunean, aditzak berak okupatzen dizu espazio gehiena. Hasteko hori. Eta gero deklinabidea daukan moduan edukita, hitzak ez zaizkizu errimatzeko gelditzen, mugagabean izan ezik, eta horiek oso gutxi dira.

Nola hasi zinen literaturan eta euskararen munduan?
Seminarioan nengoenean, 15-16 urterekin zerbait irakurtzen banuen, Julio Verne eta horrelakoak izaten ziren, denbora pasa, baina inolako asmo eta kontzientzia literariorik gabe. Behin 16 urtetatik aurrera, ni bezala, beste batzuk piztu ginen, gure kontzientzia hartu genuen eta orduan gure lehentasuna zen euskara bera lantzea, euskal kontzientzia eta horren inguruan datozen gehigarri guztiak: kontzientzia politikoa, kontzientzia nazionala, baina oso isilpean eta azpitik. Eta hortik hasi ginen, bertsoekin, euskarazko testuekin… baina euskararen kontzientzia, kontzientzia soziala eta politikoa, nahiz eta seminarioan egon, nonbaitetik etorri zen. Orduan izan zen inflexio bat, Euskal Herri osoan eta seminarioetan ere bai. Hortik hasi nintzen.

Zer sentitzen zara gehiago: poeta, idazle, bertsolari…?
Zer sentitzen naizen? Nik sentitu nahi nuke artista. Bertsolari bezala, adibidez, bertsolaritzak bi adar dauzka, oso ezberdinak. Ni bertsolaritzan bat-batekotik erretiratu nintzen. Eta gero bigarren adarra dago bertsolaritzan, hori bezain inportantea dena eta literarioan aurrera doana beti: bertso jarriak. Nik hor asko egin ditut, bai bertsoak, bai kantak, Mendian gora, adibidez. Hori egiten dudanean, horiek poemak dira, ez dira bertsoak. Ni noanean sorta bat egitera, ez noa bertsolaritzaren bat-bateko irizpide horiek jarraitzera, banoa poema bat egitera, neurtua eta errimatua, baina poema bat. Orduan, alde horretatik helburu literarioa da nagusi: arte bat egin nahi dut. Bat-batekoa artea da, baina beste osagarri batzuk ditu: jendaurrea, inprobisazioa… hori gustatu izan zait, baina horren emaitza ezberdina da. Nik bat-batean egin ditudan bertsorik onenak pilatuta sinbiosi bat egin ahalko balitz ere ez nintzateke ailegatuko Mendian gora-ren poemaren mailara, literarioki. Ezin da. Lehenengoan ateratzen dira txinpartak, ateratzen badira, landuta bazabiltza, baina zaila da gauza landu bat ateratzea. Baina zergatik ez da beste adarra poesia kontsideratzen? Zergatik ez datoz antologia poetikoetan bertso jarriak, poemak direnak?

Bat-bateko bertsolari bezala, bidea ez zen erraza izan.
Ni nahiko bertsolari polemikoa izan naiz, aldekoak eta kontrakoak sutsuak izan ditut. Hogeita hamabost urterekin atera nintzen kartzelatik, hogeita hamaseirekin hasiko nintzen plazan, eta orduan ezaguna nintzen beste motibo batzuengatik. Garai hartan apaizak Euskal Herrian Julio Iglesias baino popularragoak ginen. Etorri zen inflexio bat eta apaizak ere, talde handi bat, hor sartu ginen. Hori izan zen fenomeno sozial inportante bat. Beraz, nik karga hori guztia banekarren.

Kartzelan egona zinela ere jendeak bazekien.
Bai, jendeak ezagutzen zuen tunelaren kontua. Elizak eta estatuak egin zuten kartzela bat apaizak sartzeko, Zamorakoa, eta kartzela hori berezia izan zen. Mendebaldeko historian nik ez dut horrelakorik ezagutzen. 1976an egin nuen debuta eta orduan bertsolari karreradunik ez zegoen. Lopategi, esate baterako, nire aurrekoa, sakramentinoa izan zen, beraz kultoa zen; baina gainontzekoak bertsolaritza tradizionaletik zetozen eta nik bat-batean ekarri nituen esateko modu berriak. Bertsolaritzan hasi nintzenerako Egin-en ari nintzen lanean, hasieratik, zutabe bat egiten nuen. Orduan, idazle ere banintzen. Kartzelan Aldous Huxley-ren liburua ere itzulia nuen eta kartzelan klandestinoki ateratako Hil ala bizi ere bazebilen beste izen batekin. Alde horretatik ni ezaguna nintzen, eta pertsonaia polemikoa. Nik sentsazioa daukat apaiz izan nintzenean orduko herriaren aldetik estimatuago nintzela bertsotan hasi nintzenean baino. Bertsotan hasi nintzenean, nonbait, ez nintzen tradizionala… Nire proposamenak txokanteak ziren. Badirudi bertsolaritzan halako sakrilegio bat eginez sartu nintzela.

Baina txapelak ere irabazi zenituen.
Bai, lehenengoa irabazi nuenean jende asko neukan alde, baita kontrakoak ere, eta pentsatu nuen: “Hau bada bertsolaria, aitormen hori lortu dut, txapela irabazi dudanez gero”, baina sektore handi batek kontra jarraitu zuen. Txapela irabazita atsekabe handi xamarrak irabazi nituen, jende kultoarengandik. Idazle kultuek postxalbadorismoaren dekadentzia eta horrelakoak aipatzen zituzten niregatik.

Zer irakurtzen duzu orain?
Gaur egun irakurri gutxi egiten dut, irakurtzeak denbora askoa baitarama, eta nik nahiago dut, geratzen zaidan bizitza zatiagatik, ona dela badakidan hori berriz irakurri, dudako bat irakurtzen hasi eta astebetean bueltaka ibili baino. Orain laster erabakitzen dut hori.

Idazteko orduan ohiturarik baduzu?
Normalean goizez gehiago idazten dut eta lehenengo zirriborroa orduan egiten dut. Gero bigarren lana da batez ere gozamena, lehenengoan hutsik baitzaude, arkitektura bat baduzu buruan, baina zirriborro nagusia egiten duzunean, gozamena gero dator, hura lantzen. Bigarren lan hori da inportantea eta niretzat idazle bezala gozatzekoa. Goizean burua argiago egoten da, baina behin lehenengo lan gordina egindakoan, gero hori edozein ordutan landu dezaket.

Estiloari dagokionez, apainketen aldekoa zara?
Apainketak bai, baina kontzeptualak; ez naiz adjektibazio gehiegizkoaren aldekoa. Adjektiboa bat, baina ona. Bigarrena badator eta ez badio aurrekoari zerbait gehitzen, bat sobran dago. Euskara batuaren bigarren jaiotza-n horregatik euskararen inguruan beste irizpide batzuk defendatu nituen eta defendatzen ditut.

Artea gizakiarentzat ezinbestekoa da zure ustez?
Ezinbestekoa, ez. Nik sinetsiko banu, esaterako, beste munduan, zeruan, edo zerua egiazkoa balitz, han ez da arterik behar. Artea gertatzen da gatazka edo konfliktoa dagoen tokian. Orduan artea da, nolabait, bizitzeko beharrezkoa, bizitzari aurkitzen dizkiozun aterabideetako bat, baina hipotetikoki zoriontsuak bagina ez genuke arterik beharko. Ni liburu honetan garaipen baten bila joan naiz, neska hori sartu da hemen eta garaipen bat behintzat lortu dut. Hori egin dezaket. Beharbada errealitatean ezin dut egin. Nik ezin izan nuen ihesik egin, baina hori kontatzen dudanean egin dezaket zerbait. Baldin bada sinesgarria, garaipen bat da. Errealitateak eman ez didan eta eskatu ezin diodan garaipena literaturan lor dezaket; ni horren bila ere banoa eta irakurleari ere hori eman nahi diot, hori baita nire filosofian sartzen den printzipioa: “Literaturan, gutxienez, irabaz dezagun zerbait”. Eta literaturan irabaztea izan daiteke ez bakarrik argumentuagatik, dialektikoki gainditu dezakezu indar zapaltzailea, baina ez indar zapaltzailea arbitrarioki tontotzat jarriz, hori argudio erraz bat da. Ona izateko, alderdi biek egon behar dute goian, bestela desoreka dago.

Euskal Herriko poetak gaur egur ere hutsari topeka jarraitzen al du?
Bai. Normalean poesia nahiko iluna izaten da eta poeta lirikoak hutsean bilatzen dabiltza. Baina bilaketak ez du ekartzen bilaketa gehiago besterik. Bilatu behar duzu, noski, hau da, hutsean, baina ez badago ezer, ez dago ezer; beraz, alferrik ibiliko zara. Poema azken batean irudi bat da: nik ez dut sinesten ni hildakoan, ni, Amuriza, orain kontatzen ari naizen moduan eta kontzientzia hori, bost urterekin eskolara sartu nintzenean eta orain arte jarraitzen dudana, kontzientzia horrek, nortasun, indibidualitate horrek, jarraituko duenik. Eta horrek jarraitzen ez badu, izan naiteke reenkarnazio baina niri horrek ez dit ezer ematen, nire kontzientzia ez bada.

Euskararen etorkizunarekin optimista edo baikorra zara?
Ez dakit… Optimismoa, pesimismoa… baikortasuna, ezkortasuna… Baikortasuna ez da optimismoa. Optimismo eta pesimismo hitzek historia osoa daukate poesian, filosofian, pentsamenduan, denean. Nik optimismoa esan nahi dudanean optimismoa jartzen dut. Nik bilakaera ikusten dut eta optimista oso ezin dut izan. Pesimista ere ez. Kontzientzia soziala kontzientzia indibidual askoren batuketa bat da. Ez badago, hizkuntzak ez du zereginik. 500.000 kontzientziarekin ezin da hizkuntza nazional bat luzaroan mantendu. Hemen, gauden tokian, 500.000 baino gehiago behar dira. Afrikako tribu batean izan dezake iraupena, baina hemen ez. Ikusi sintomak egiten ditut, positiboak eta negatiboak. Hori da beste bat. Positiboa eta negatiboa ere esateko baikorra eta ezkorra. Eta optimista eta pesimista esateko ere bai. Horrela dabilen hizkuntzak ezin du urrutira joan.

Mendian gora abestia guretzako enblema bat da.
Hitzak ez dira txarrak, baina nik uste dut Imanolen doinuak ere asko eman diola. Azken batean bizitzaren balorazioa da. Ez da espreski esaten, “ez dago besterik”, baina indartzen da hau: “Ez ibili hutsari kolpeka, ez ibili bila ez dagoen tokian, zeren bitartean, badagoen tokian zerbait galtzen ari zintezke eta hori da okerrena”. Horregatik bukaera: “Ni hiltzen naizen gauean egin ezazue lo lasai. Bukatu da nirea, zuek segi, nire kontzientzia bukatu da, baina lasai. Honela da”. Eta gero hipotesi txarrenean han zerbait badagoela? Eternitate osoa daukagu hura konpontzeko.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu