Danele Sarriugarte: “Noraezaren eta noraez horri aurre egitearen istorioa da ‘Azala erre’ liburua”

0

Ikus-entzunezkoen mundua. Bi sortzaile, Miren eta Jon. Laguntasun harreman bat. Sorkuntza. Arrakasta. Traizioa. Horiek dira Danele Sarriugarte (Elgoibar, Gipuzkoa, 1989) idazleak argitaratu berri duen Azala erre bigarren eleberriko elementuak. Horiek bai, baina ez horiek bakarrik. Besteak beste, erabakiei buruzko liburua ere bada: “Erabaki bat edo beste hartzeko ardura zure egiten duzun unea islatzen du”.

“Intuizioari segika” sortu du bigarren obra, “bizitzaren zirrikituetan”, denbora zeukan une gutxi horietan, eta, sorkuntza prozesua “kostata” osatu badu ere, kontatu nahi duen hori islatzen asmatu duelakoan dago.

Azalberritze baten kronika izan daiteke, indarberritze prozesu baten kontakizuna… Baina, zure hitzetan, zer da zehazki Azala erre eleberria?
Ez dakit nik neuk azalberritze bat bezala ulertzen dudan, zeren oraindik azal berri hori ez dago argi zein den; baina funtzionatzeko modu baten kontakizuna bada, gauzak edo izateko modu bat atzean uzteko prozesuaren istorioa da. Nolabait, momentu batera arte, Mirenek (protagonistak) errealitatea ukatu egiten du, ihes egiten du, joan egiten da… Eta, orduan, eleberria da momentu hori non esaten duen, kito: “Atzetik datorkit, eta hor egongo da. Joan naiteke ez dakit nora, baina arazoa hor egongo da”. Horri heldu eta erabaki bat edo beste hartzeko ardura zure egiten duzun unea islatzen du Azala erre-k.

Azala erre izenburua izanagatik, Ilea mozten ari den neska bat agertzen da azalean. Zer irudikatu nahi izan duzu?
Asko gustatze zait azala, oso ondo geratu da. Iruditzen zitzaidan arriskutsua, baina oso pozik nago. Kontraste hori dago: batetik, azala erretzeari buruz ari da izenburua; besterik, ilea mozten ari da argazkian azaltzen den neska. Gorputzari gertatzen zaizkion bi prozesu dira, baina ezberdinak. Protagonistak erabaki egin du ilea moztea eta azala erre zaio, ordea, ez duelako babestu, inkontzienteki. Erabakien inguruko hausnarketa da . Azala erretzea kaltegarria da, mina ematen du, aztarna uzten du… Ilea mozteak beste gauza batzuk jar ditzake martxan, baina ez da mingarria, norberak erabakita eginez gero.

Ikus-entzunezko munduan dabiltza bi protagonistak, Miren eta Jon, eta arrakastak beren harremanean duen eragina aztertu duzu eleberrian.
Arrakastaren gaiarekin, nahi nuen erakutsi Miren ez dela bat-batean celebritie bat bilakatu eta ezin duela kalean ibili, baizik eta azaltzen dena da arrakasta dela kanpotik jasotako erantzun bat. Ez baldin bazaude ondo kokatuta, sor dezakeela norabidea galtzea, ahaztea zertarako ari zinen gauzak egiten. Eta ez bakarrik arrakastak. Zure gainean jartzen den kanpoko begirada batek, eta harrapatzen zaituenak ondo kokatu gabe, garrantzia ematen badiozu, eta toki asko egiten badiozu, eta elikatzen baduzu, zure bizitzan ona edo txarra izanik, sor dezake galtzea. Noraezaren istorioa eta noraez horri aurre egitearen istorioa ere bada.

Arrakastak sormen prozesuan duen eragina. Hori da landu duzun beste gaietako bat. Asko moldatzen al du?
Bai, egin duzun horrek arrakasta izan badu, jendeari barrena mugitu badio, benetakoa delako eta zintzoa delako zure buruarekin eta egin duzulako behar batetik edo pasio batetik, bada, oso ondo. Baina, gero, uzten badiozu bilatzeari sentsazio hori, zintzotasun hori, galtzen duzu zure ardatza eta hasten zara bilatzen arrakasta bera; kanpoko faktore hori, kanpo begirada hori, eta badirudi neurtu daitekeela, baina jendeak zer pentsatzen duen jakitea ezinezkoa da. Botere hori kanpoan jartzeak mina eman diezazuke, alegia, zure helburua izatea kanpoko faktore horiek ontzat ematea zuk egin duzun hori. Horren bila egindako sormen lan bat normalean ez da izaten gauza bat inor astinduko duena, edo beno, hala nahi baldin baduzu, oso ondo, baina ez da nik nahi dudana.

Eta arrakastaren sokatik tiraka, sare sozialek ere paper garrantzitsua dute liburuan. Zergatik txertatu dituzu?
Iruditzen zitzaidan jarri ez banitu faltan egongo zirela, eta narratiboki oso erabilgarriak zitzaizkidan pertsonaiari ezaugarri batzuk emateko, azaltzeko nola dagoen zain denbora guztian… Iruditzen zitzaidan asko erakusten duela. Hain justu, arrakasta hori deskribatzeko sartu ditut eleberrian.

Laguntasun harreman bat, eta areago traizio baten inguruko argumentua ere bada, Jonek Miren traizionatzen duenean hasten baita dena.
Asko neukan buruan bien arteko harremana, eta islatzea laguntasun harreman desorekatu bat, bata edo bestearen harremana ez dela berdina. Oso ohikoa den gauza bat da hori. Hasieran hori neukan, eta gero sartu nuen traizioaren elementua, erakusteko desoreka hori, edo batak eta besteak bilatzen zutena bestearengan ez zela berdina, ez zela harreman bat batere orekatua, eta Mirenek bazeukala baita ere ardura harreman hori orekatua ez izate horretan.

Nolanahi ere, traizio batean kokatu duzu haria, baina narratzaileak ez du epaitzen pertsonaia bat edo beste, neutraltasunean kokatu duzu.
Bai, hori nahi nuen, ez nuen nahi izatea Mirenen ikuspegitik kontatua, eta, ondorioz, besteek mina egin diotenez, gaiztoak dira eta kito. Bizitzarako lezio izan da niretzat, eta literaturarako ere bai, jendeak bere motibazioak dauzkala ikustea eta gauzak egiten dituela bere motibazioaren arabera. Askok bizi dugu gure bizitza gure perspektibatik denbora guztian, baina jendeak ez du egiten zerbait gu izorratzeko: batzuetan, mina ematen badizute, horrek ez du esan nahi mina egiteko egin dutenik propio; lehenetsi dituzte beren beharrak.
Nahi nuen erakutsi Jonek benetan arrakasta nahi duela, eta ikusten du modu bat, Miren izorratuko duena, baina ez dela benetan min emateko. Kontua da horrela berak arrakasta lortuko duela. Nire erronka da pertsonaiekin ertz horiek erakustea, sakonagoak izatea, konplikatuagoak, osoagoak.

Egiturari dagokionez, liburua ez da lineala. Atzera eta aurrera jauziak dauzka. Zer dela eta erabaki duzu baliabide hori erabiltzea?
Hasieran ez nuen istorio bat, intuiziotik hasi nintzen idazten. Orain, ikasi dudan gauza bat da intuizioa inportantea dela, baina, momentu batean, itsumustuan jarraitu baino, pentsatu egin behar dela, eta nik hori ez nuen egin; beraz, intuizioari segika baneuzkan gauza batzuk eta horrela idatzi nuen. Gero, izan da berridazketa lan asko. Argi neukan, dena dela, hiru fase zeudela: aurrekarien fasea, klimaxa eta osterakoa. Ez nuen nahi kronologikoki antolatu. Nahi nuen hasieratik amu bat bota eta hortik tiraka hasi. Istorioa guztiz ez neukanez, hori bilatzeko modua izan da saiatzea eta okertzea, eta hor atzera eta aurrera ibiltzea zen oztopo gutxien ematen zidan bidea.

Arrakastaren, egoaren, laguntasunaren… inguruko eleberri bat da. Nola erabaki zenuen horren inguruko lana egin nahi zenuela?
Iruditzen zitzaidan hori zela nik kontatzeko neukan istorioa, iruditzen zitzaidan nik bizi izan dudan gauza bat izan dela bat-bateko arrakasta. Eta, hala ere, iruditzen zait ez dela bereziki niregatik izan. Ikusi dut fenomeno hori badagoela eta badagoela promesaren zera hori, eta hori kontatzeko beharra sentitzen nuen; kontatuta, sentitzen nintzen zintzo nire buruarekin. Gainera, egiten du erradiografia bat, zabalagoa, belaunaldi batena: zein bizi baldintza material dauzkagun… Ikusten nuen, ematekotan, hori neukala emateko.
Sinesten dut nire idazteko modua dela ni barruan hartzen nauen komunitateari, taldeari, klaseari, buruzkoa. Ni barruan hartzen nauen horretatik hitz egiten dut, nahiz eta solidarizatu beste batzuekin, beti egongo naiz beste toki batean. Hala ulertzen dut idaztea.

Bi lehiaketetara bidali zenuen lana -Joseba Jaka Beka (2016) eta Kutxa Irun Hiria Saria (2017)- eta ez zenuen saririk jaso. Liburuan kontatu duzu. Azken pasartean. Baina ez zenuen zertan.
Nik egin nuen nire behar bati erantzunez. Urtarrileko lehen astean entregatu nuen nobela eta, hala ere, baneukan buruan, hori zela testua, baina igartzen nuen itxi gabe zerbait geratzen zitzaidala eta, orduan, berriz ere eseri nintzen esker ona idaztera. Baina, horretaz aparte, nire buruari zerbait kontatzeko beharra neukan: eta hasi nintzen idazten, eta idatzi nuen hori. Niretzako askatzailea izan da. Garai batean nik neuk lotsatzeko motibotzat joko nukeen gauza bat aitortzeak askatu egin nau. Anariren kantu batean, aurreko diskoan, Luizia-n, esaten du Beti zuloaren beldur eta zuloa irteera zen. Eta hori zen, hein batean. Eduki diot halako beldurra porrotari… Eta, orduan, bat-batean esatea: “Huts egin dut gauza batzuetan”. Askatzailea izan da. Beharrezkoa izan da ezezko horiek jasotzea, horrek behartu nauelako pentsatzera zer nahi nuen. Nik zer nahi dut? Nahi dut liburu bat publikatu edo ez? Eta baiezkoa izan da erantzuna.
Momentu batean oso blokeatuta egon zen idazketa, kanpora begira nengoelako. Konturatzen nintzen nobela ez zegoela… baina ez nekien zein mugimendu egin behar nuen, eta ezezko hori jaso eta horren aurrean esateak :“Bai, egingo dut, eta hau nahi dut kontatu”. Horrek desblokeatu ninduen.

Eskerrak ere luzeak dira. Kolektibotasunari egindako aitortza da, ezta?
Nik sinatu dut liburua eta segun eta zelan ulertzen duzun, elementuak nik jarri ditut, baina jende pila baten babesa egon da, jende pila bat egon da. Hori gabe iritsiko nintzateke beste toki batera, baina ez iritsi naizen tokira. Agerian utzi nahi nuen hori.

Erraiak-etik bigarren obra honetara, bada aldaketa nabarmena: idazketan, egituran, pertsonaietan, narratzailearen paperean…
Hau ere konta zitekeen Erraiak kontatuta zegoen bezala, Mirenen pertsonaia jarriz narratzaile bezala eta hasiz harrika-edo. Baina ez nuen ikuspuntu bakar hori nahi, muga batzuk baititu. Erraiak-en oso argi neukan egin nahi nuela hori, hori zela. Baina orain zen beste zerbait.
Ez dakit zehazki definitzen, baina uste dut bizitzarekin batera joan den gauza bat izan dela, beste hori erakutsi behar nuela. Erraiak-en badirudi jendeak egiten duela dena narratzailea izorratzearren. Argi neukan orain istorio bat ez nuela horrela kontatu nahi. Modu horretatik nahi nuen urrundu, eta hau izan da saiakera bat.
Erraiak-eko idazketak ematen dio pertsonalitate handia narratzaileari, eta, kasu honetan, nik narratzaileari ez nion hori eman nahi. Narratzaile orojakile bat nahi nuen. Horretaz aparte, atalka hartzearena izan da nire joera ezagutzen dudalako, hasi eta jario hori… Eta nire joerari kontra egiteko era bat bazen atalak egitea. Esatea: “Egingo dut zati bat eta zati bakoitzean zerbait kontatuko dut”. Ez uztea musikak eraman nazala.

2015ean hasi zinen idazten eta orain gutxi argitaratu da liburua. Zer nolakoa izan da sorkuntza prozesua?
Intermitentea. Lehengo pasartea 2015ean idatzi nuen eta 2017ko irailera arte ez diot heldu propio. Bakean uzten ez ninduen gauza bat zen, baina, aldi berean, nire egunerokotasunean ez zegoena presente. Pasa nitzakeen denboraldi luzeak horretan pentsatu gabe, baina beti bueltatzen zen. Izan da inkonstantea, ezegonkorra eta oso tartekakoa.

Eta nola egin duzu? Konstantziarik ez horretan, nola lortu duzu azkenean sorkuntza bideratzea?
Sartzen zitzaidanean, heltzen nion, eta egoten nintzen hiruzpalau egun horrekin buruan. Gauza inportantea da idazterakoan ez dela bakarrik ordenagailu aurreko denbora, baizik eta espazioa eta denbora edukitzea buruan, eta gutxitan eduki ditut. Esan bezala, intuizioari segika idazten nuen bizitzaren zirrikituetan; bizitza oso beteta nuen, eta hori ez da nobela bat idazteko gogo-girorik aproposena, aproposagoa da edukitzea denbora gehiago eta eskaini ahal izatea.
Hemendik aurrera badakit idazketak lehentasuna izan behar duela une batean, eta bolada batzuetan ezin zaio eman, eta listo. Hasi nintzenean, pentsatzen nuen: “Bi elkarrizketen artean jarriko naiz idazten, tartetxo batean”. Bada, orain badakit ezetz. Beharrezkoa da horretan jartzea eta denbora hartzea.
Adibidez, eduki nuen ideia bat orain aste batzuk, baina orain ez nago idazteko momentuan, ez dut idatziko, denbora behar baitut egituratzeko, eta egingo dut denbora dudanean. Agian hau da lanbidea ikastea: hau egiten badut, gero ezin izango dut segitu. Eta egituratzea. Gero, intuizioek eta pertsonaiek eramateak ere tokia dauka, baina segun eta zer nahi duzun idatzi, aurrez jakin behar duzu.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu