Jon Maia: “Lorcak eta Lauaxetak erakusten digute beste paradigma bat, bizitzaren beste kontzepzio bat: zergatik ez dugu beraien bidea jarraitu?”

0

Bertsolaritzan egindako ibilbideari esker beste diziplinetan ere hainbat ekimen egin ditzakeela dio Jon Maiak (Urretxu, 1972), beste guztiak enbor horretatik ateratzen diren adarrak bezala direla. Esku berberek eraildako Granadako poeta, Lorca, eta Lauaxeta poeta bizkaitarra abiapuntu dituen Ele! Lorca-Lauaxeta antzezlanaren gidoia idatzi zuen Maiak, hortik abiatuta gaur egungo elkarbizitzari ekarpen bat egiteko.

Lauaxetak Lorcari gutun bat idatzi zion elkar ikusteko proposamena luzatuz, baina zein izan zen zehatz-mehatz proiektu honen abiapuntua?
Ideia sortu zen bi autoreen heriotzaren 80. urteurrenera iristear geundelako: urtebeteko epearekin hil zituzten biak, lehendabizi Lorca eta Lauaxeta gero. Ondoren noizbait irakurri izan dut norbaitek esan duela: “Nola liteke Lorca eta Lauaxeta elkartzea?”, kultura espainolarekiko betiko erreferentzia bezala, kolonizatuta ote gauden edo. Baina ez da nire okurrentzia biak elkartzea, beraiena baizik, Lauaxetarena bereziki, zuk aipatu duzun gutun horren bidez. Badakigu Lorcari zita bat eskatu ziola, berak sutsuki desiratzen baitzuen Lorca ezagutzea. Bere poemak ere itzuli zituen bizkaierara. Beraien ideia izan zen elkartzea, beraz, ez gurea.

Lauaxeta olerkari, dramaturgo, antzerkigile eta aldi berean Eusko Jaurlaritzako komandante militar bat zen.
Bai, eusko gudari bat zen ofizialki eta gainera poeta gazte bat, Lorca bezalaxe. Azkenean bere herriaren burujabetzaren defentsan galdu zuen bizitza. Lorcaren eragin handia izan zuen: Lorca irakurtzen zuen, bere estudioetan kanpoko idazle eta autore asko ezagutu baitzituen. Lauaxeta formakuntza handikoa zen eta erreferentzia asko zeuzkan, bazekien zer egiten zen Euskal Herritik kanpo. Hori ez da orain bakarrik gertatzen, Interneti eta telebistari esker. Euskal Herri txiki hartan gai ziren autore eta obra garaikideak ezagutzeko.

Lorcaren eragina literaturan eta bizitzan izan al zuen Lauaxetak?
Lauaxetak ere bazuen literatura herrikoia beste estadio batera igotzeko asmo hori, Lorcak egin zuen bezala, literatura herrikoia beste maila batera igotzeko iturri horietatik edanaz eta literatura arte herrikoi horren erreferentziak erabiliaz. Lauaxetak Lorcaren esaldiak hartzen ditu hitzez hitz, bere poemetan integratuak, bereak balira bezala. Miresmen hori garbia da. Horrez gain, bere herriarekiko konpromiso sozial eta politikoan Lorcak erakutsi zuen konpromisoa ere erreferentziala izan zen Lauaxetarentzat.

Zuk nola jakin zenuen gutun horren berri?
Originala, oker ez banago, Sabino Arana fundazioan dago. Niretzat oso objektu fantasiosoa da: benetako zerbait da, benetako dokumentu bat, ateak zabaltzen dizkiona pentsamendu, ideia, espekulazio eta fantasia askori. Lauaxetak gutun horretan bere miresmena erakusten dio Lorcari. Horrelaxe esaten dio: “Mi profunda admiración“. Eta esaten dio nola gustatuko litzaiokeen berari irakurri ahal izatea bizkaierara itzuli dituen poemak, Europako hizkuntza milenario eder honetan idatziak. Gure antzerki obran beti irakurtzen dugu osorik, gidoian sartuta dago, eta diskoan ere bai.

Lorca Euskal Herrian zegoela bidali zion gutuna Lauaxetak.
Bai, Lorca hemen zegoen bere antzerki obra baten estrenoan, Arriagan. Behin baino gehiagotan etorri zen eta hitzaldi batzuk eman zituen. Bilboko poetek, gainera, omenaldi bat egin zioten eta Lauaxetak saiakera hori egiten du gutun horren bidez, baina ez dakigu elkartzera iritsi ote ziren.

Lorcaren heriotzak ezustean harrapatu zuen jendea. Granadara ez joatea gomendatu zioten arren eta Rosales familia eskuindarrak ezkutatu zuen arren, azkenean erail egin zuten. Lauaxetaren heriotza nolakoa izan zen?
Lauaxeta joan zen kazetari frantses batekin Gernika bonbardatua erakustera, Jaurlaritzaren izenean, eta hori erakusten ari zela atxilotu zuten. Gero epaiketa fartsa horietako bat egin zioten eta Gasteizen fusilatu zuten, kanposantuaren hormaren kontra, ekainaren 25ean. Eta hori izan zen bere heriotza tragikoa. Niri Lauaxetarengandik inpresio gehien egiten didana da heriotzaren atarian mutil gazte hura imajinatzea bere ziegan, idazten. Idazten ditu hainbat eta hainbat poema jakinik hurrengo egunetan hil behar dutela. Egun dezente egin zituen ziegan eta Azken oihua poeman esaten du: “Goiz eder honetan erail behar nabe”. Imajinatu badakidala ni bihar hil behar nautela eta hasten naizela egoera horretatik idazten. Horrek inpresio handia egiten dit. Badago bere autorretratu bat ere, tabako kartoi baten atzealdean marraztua, bere burua eserita idazten, ziegan. Nik kopiak ikusi ditut eta gure antzerki obran ere proiektatzen ditugu.

Nola bihurtzen da hau guztia antzezlan?
Niri osagaiak eman zizkidaten eta horrekin pentsatu behar nuen gidoia. Ele aukeratu nuen izena, elea delako bi horien lan-tresna, hitza; gero ele direlako biak eta ele espresio andaluzarengatik. Niretzat oso sugerentea zen hori guztia, nik urte batzuk baitaramatzat dagoeneko bi poeta horiek ordezkatzen dituzten bi ildoak elkartu nahian, batez ere Francoren garaiko emigrazioarekin.

Identitateen gatazka horri buruz ari zara?
Nire familia Francoren garaian etorria zen Euskal Herrira eta ni bertsolaria naiz. Hor sortzen den identitateen konflikto hori, elkarbizitza gatazkatsu hori, euskal gatazkaren transfondo horrekin asko interesatzen zaidan gauza da. Río mundo izeneko eleberria idatzi nuen nire familiaren esperientzia nobelatuta, eta gero kantuak egin izan ditut horri buruz talde ezberdinekin. Berriak jaio ginen liburuan erehorri buruz hitz egiten dut eta hitzaldi asko ematen ditut. Interesatzen zaidan gaia da. Lorcak eta Lauaxetak erakusten digute hemen Euskal Herrian jaso ez dugun edo izan ez dugun paradigma berri bat, harreman-paradigma berri bat: andaluza eta errepublikanoa eta abertzale-gudaria. Euskal Herrian ez dugu ikasi bi mundu horiek elkarrekin bizitzen, nahiz eta garai batean etsai berdinaren kontra borrokatu. Eta nahiz eta portal berdinetan bizi izan, erabat aparte bizi izan gara eta elkarrekiko aurreiritziz, estereotipoz eta klitxez betetako begiradak izan ditugu elkarrentzat, eta oraindik ere baditugu. Aldiz, Lorcak eta Lauaxetak erakusten digute beste paradigma bat, bizitzaren beste kontzepzio bat: zergatik ez dugu beraien bidea jarraitu?

Lauaxetak, azken finean, miretsi egiten zuen Lorca, beraien ezberdintasunez gaindi.
Bai, abertzale gudari hark, bere herriaren aldeko borrokan Gernika eta gero bizia galdu zuen euskal poeta gudari hark miresten zuen errepublikano andaluza. Eta literaturan bat egiten zuen berarekin, eta nahiz eta biak oso kultura eta identitate ezberdinetakoak izan, biak hil zituzten esku berdinek. Biek galdu zuten bizitza berdinak ziren balore unibertsal batzuen aldeko borrokan. Baina guk ez dugu jarraitu bide hori ondorengo 80 urtetan. Hori interesatzen zait niri, gutun horrek adierazten duen guztia, elkarbizitza berri bat adierazten duten ereduak. Hortik egin dut gidoia, perspektiba horrekin. Eta hizkuntza ezberdinak erabiliz: poemak, beraienak, nik egindakoak eta beste autore batzuenak; dantza, euskal dantzari bat eta bailaora andaluz bat; eta musika, euskal musikari bat eta gitarra flamenkoa. Irudiak ere proiektatzen ditugu. Irudien hizkuntzarekin, dantzaren hizkuntzarekin, musikaren hizkuntzarekin eta hitzarekin osatutako ikuskizuna da.

Duela bi urte antzeztu zenuten lehenengo aldiz, eta jendearen aldetik harrera izugarria izan du, ezta?
Bai, hunkigarria izan da. Ez da bi figura horiei egindako omenaldia: gaur egungo elkarbizitzari ekarpen bat egin nahi dion obra da, eta momentu hau da egokiaobra horrentzat, momentu hau hain justu. Bukaeran gidoiak giro handi bat egiten du: Lorca eta Lauaxeta desagertzen dira eta bihurtzen gara gu, eszenan gauden pertsonak. Eta gu gara emigranteen seme-alabak, euskaraz egiten dugunak eta zuzenean hitz egiten dut horretaz, gure elkarbizitza usteldu honetaz.

Antzerki-obraren diskoa ere atera zenuten.
Bai, antzerki-obra eta diskoa egin genituen, Lorca Lauaxeta ikuskizunean oinarrituta. Disko horren ondoren sortu zen Hezurbeltz taldea. Konturatu ginen oso ongi funtzionatzen duela antzerkiaren atal musikalak eta, gainera, errazagoa dela mugitzen, jende gutxiago dagoelako eta aurrekontu txikiagoa duelako. Talde hau ez da zentratzen Lorca eta Lauaxetarengan bakarrik, ikuspegia zabaldu egiten da. Orain kantu berriak egiten ari gara. Niri gustatuko litzaidake Euskal Herrian bira bat egitea erdal-guneetan, emigranteak bizi diren auzoetan. Horretarako banaketa kulturak horiek edo integrazio politikak lantzen dituzten udaletxeekin nahiko genuke lan egin.

Proiektu honek zer eman dizu?
Niretzat izugarria da azkenean nola etortzen zaizkidan gauzak. 15 urte badaramatzat gai honekin hitzaldi pila bat ematen, integrazio jardunaldietan edo emigrazioari buruzko hitzaldietan, eskoletan… identitate gatazka horri buruz, nire familiaren esperientzian oinarrituta. Eta iritsi zait aukera istorio hori antzerki bihurtzeko, gidoilari bezala lehenik eta aktore bezala gero. Niretzat opari handia izan da, nire ibilbidearen gai nagusietako bat elkartzea bezala izan da, baita nire konpromiso politikotik ere.

Euskal Herrian honi buruz gutxi hitz egin dela uste duzu?
Iraganeko zerbait da, baina gaur egun ere gertatzen da beste emigrante batzuekin: nik uste zatiketa horrek azpian irauten duela, badaudela bi komunitate nagusi elkarrengandik bereiziak, euskal komunitatea eta erdal komunitatea, eta badagoela Euskal Herrian biztanleriaren zati handi-handi bat, ehunka mila pertsona, ez dakiena Mikel Laboa jaio zenik ere, zerbait esateagatik. Politikaz hitz egitean berehala sortzen den krispazio hori desaktibatzeko elkar ezagutu beharra dagoela uste dut eta eredu berriak atera plazara. Urteak dira zuzenean heltzen diodala gai horri, eta konturatu naiz oso gai tabua izan dela, eta zauri asko daudela hor. Eta joatean naizen etxe askotan, adibidez, Andaluziako eta Extremadurako etxeetan normalean esaten didate lehenengo euskalduna naizela gai horretan zerbait egitera edo esatera sartu dena.

Zure ustez integrazioa nondik dator, euskaratik?
Zalantzarik gabe nik beti esaten dut gaur egungo etorkin batentzat euskara dela integrazio kanalik zuzenena. Hori garbi daukat. Euskararen bidetik sartzen zara zuzenean komunitate linguistiko eta kultural batera eta, gainera, euskaraz ikasteak etorkin batentzat bereizgarri bat du beste hizkuntzekiko. Hona etorri eta frantsesez edo gaztelaniaz ikastea normaltzat jotzen da, inertziak horra eramaten zaitu eta hori da normala, esan dezagun, eta errazena ere bai; baina euskara ikasteko ahalegina egiten duen etorkinari jende guztiak errekonozitzen dio esfortzua. Beraz, euskaraz ikasten duen etorkin horrek askoz aukera gehiago ditu integrazio horretarako, gainontzekoek baino. Hori etorkin guztiek jakingo balute…, oraindik ere oso-oso gutxi baitira euskaraz ikasten dutenak. Ez daukate bide zuzenik euskarara iristeko hona etorri eta sartzen diren labirinto horretan.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu