Uxue Alberdi: “Gure borroka eta ahalegin sozialak gure borroka eta ahalegin intimoekin lotuta daude”

0

Nagore Vargas izena du Jenisjoplin esaten dioten neskak. Bizitza eta gorputza korapilatu zaizkio, eta izuaren eta erabakitasunaren artean igerian dabil, olatu handien artean, gogor, setati, tinko. Pertsonaia indartsua dauka liburuak erdi-erdian, eta haren inguruan itzulika dabil beti, baina ez da inondik inora ere personaia bati buruzko liburua, ez bada garai eta belaunaldi bati buruzkoa: jendea, kalea, familia, azala, sexua, askatasuna, herria, aberria… horiek dira liburu eder honen zutabeak, denak ere geureak bezain unibertsalak. Asmatu du Uxue Alberdik Jenisjoplin-ekin, bere laugarren liburu honekin, eta 111 AKADEMIA-k ahalegina saritu dio, iazko libururik gogokoena izendatuz.

Berriki 111 AKADEMIA-ren saria jaso duzu Jenisjoplin nobelarekin; nola sentiaratzen zaitu horrek?
Atsegina ematen dit zenbait irakurlek Nagore Vargasekin disfrutatu duela jakiteak. Nik pasioz idatzi dut nobela, eta irakurle batzuei pasio hortatik apur bat iritsi zaiela jakitea ederra da. Baina poza, benetako poza edo betetasuna idazten ari naizenean, eguneroko borroka horretan sentitzen dut aldika, ekidinezinak diren irrika, frustrazio, amorrazio eta mediokreitate sentsazioekin batera: dialogo bati txispa ateratzean, trama bat egoki ixtean, pertsonaia bat “ikusten” dudan momentuan, konplizeekin istorio bati edo literaturari buruzko elkarrizketa apasionatuetan…

Geure tribuan sariekiko halako errezeloa dago, halako zeharka begiratze bat… segundu erdia galtzen duzu saritua izateak sor ditzakeen kontraesanengatik, edo ez?
Uste dut errezelo hori sanoa dela, errezelo horretan hainbat faktore nahastu litezkeen arren. Sariek kontraesanak sortzen dizkidate. Ez hainbeste kontraesan pertsonalak, ez baitiet garrantzia handirik aitortzen. Sariak kokatzen ditut gure merkatu-logikan. Egiturari buruz pentsarazten didate. Liburuak edo bertsoak edo edozein lan artistiko elkarren artean konparatzea deserosoa zait, nahiz eta denoi gustatzen zaigun gustagarri izatea. Sariek norbere buruarengan konfiantza apur bat izaten lagun lezakete batez ere hasieran, egin duzunaren balioa zein den jakitea zaila baita. Baina, bestalde, sariak prekarietatearen isla ere izan daitezke, benetako kultura estrategia baten hutsunea sala dezakete. Sarien berri, beken berri izaten dugu, baina errealitatea da sortzaile gehienak, esparru guztietan, nahiko prekario ari direla lanean, eta gure gizartean ez dugula kultura erdigunean jartzen. Eguneroko lanean eta sortzaileen grinean sinesten dut batez ere.

Nobelak kritika eta irakurleak, biak ados jarri ditu: zeinen iritzia nahiago duzu, lehenarena edo bigarrenena?
Bakoitzak du bere lekua. Bataren aitortza duenak bestearena nahiko du eta bestearena duenak batarena. Horrelakoxeak gara, autoestimatik herren egiten dugu gehienok, ez? Idazten ari naizenean testuaren barne logikan jartzen dut ahalegin eta arreta osoa. Intentzio handiz idazten dut. Sukartuta bezala. Gero, hartzen dut egin dudana eta beti pentsatzen dut: “Ze mediokrea naizen, askoz hobeto idatzi nahi nuke”. Baina iristen da hurrengo proiektua eta berriro hasten naiz lanean munduan beste ezer existituko ez balitz bezala… Absurdoa da, baina ederra.

Noraino da nobela hau zuk barruan zeneukana eta noraino da irakurle jakin bat konbenzitzeko idatzitakoa; esan nahi dut, ba al daukazu irakurle prototipo bat zeina limurtu nahi duzun, edo ez?
Ez naiz inor konbentzitzen saiatzen eta aldi berean denak seduzitu nahi nituzke. “Zure nobela irakurri dut” esaten didaten bakoitzean badago halako pudore bat, izu puntu bat, irrika bat. Norbaitek “biluzik ikusi zaitut” esango balit bezala da. Batez ere argitaratu berritan. “Eta, gustatu zaizu?”, pentsatzen dut, baina normalean ez dut zuzenean galdetzen. Hortxe daude nire mugak, intentzioak, minak, desirak… Eta, aldi berean, badakit irakurleak ez diola nire biluztasunari begiratzen, bereari baizik. Irakurtzen dugun liburu bakoitzak gutaz esaten digu idazleaz baino gehiago.

Posible al da norberarentzat idaztea? Izan ere, idaztea ez al da nolabait hitz egitea bezala, kontatzea, partekatzea… eta partekatze horretan entzulearen keinua edo erreakzioa ez al da funtsezkoa?
Nik ez dut neuretzat idazten, nahiz eta ni naizen aurreneko irakurlea, lehendabizi seduzitu beharrekoa. Arretarri eutsi nahi diogu, interesgarri izan, harritu, pentsarazi, plazer eman, jakina. Erreakzio hori bilatzen dugu denok, bakoitzak dakien edo ahal duen bezala, hala iruditzen zait, baina modu abstraktu samar batean, badakigulako kalkuluetan huts egingo dugula. Inoiz ez da gertatzen zehazki espero duzuna. Eta espero duzuna ere ez da zehatza.

Pertsonaia gogor baten azalean sartu zara nobela hau idazteko, neska borrokalaria, setatia, nortasun handikoa… zer da harengandik zinez erakartzen zaituena?
Grina, gogortasunaren eta zaurgarritasunaren arteko konbinazioa, bitalitatea, umorea, maitatzeko pultsioa, inteligentzia, egoskorkeria, harrokeria, izaera sexuala, azalaren azpiko tristura eutsi hori, amorrua, kutretasun oso humanoa.

Inpresioa ematen du kanpoan bezala barruan daukala lehia Jenisjoplinek, eta askotan biak korapilatzen direla, eta akaso horixe dela nobelaren koxka, nola katramilatzen diren gauzak ezin ezberdintzeraino…
Gure borroka eta ahalegin sozialak gure borroka eta ahalegin intimoekin lotuta daude ezinbestean. Nagorek bere egitura emozionalarekin bat egiten duten ideologiak eta borroka-moldeak hautatzen ditu garai bakoitzean. Oier Guillani Zauri bolodian irakurri berri diot ohartu dela gazteagotan mundua aldatzeaz zentzu utopikoan mintzo zenean, ama salbatzeaz ari zela nolabait. Aipu bat irakurri nuen liburuaren aurkezpenean: “Gaur egun Euskal Herrian asko gara gure aita politiko eta kulturalarekin eztabaidan dihardugun alabak”. Nagore horretantxe ari da besteak beste, Rafa Vargas aitarekin maitasun-amorru trukean, eta era berean aita aberriarekin, aita estatuarekin, aita medikuntzarekin, aita ETArekin… Alabatasunetik ahizpatasunera doa… kostata.

Nobela aurreratu ahala badirudi amaiera gatazkatsua izango duela, baina bare amaitzen da, epel, xuabe… pixka bat zapuztekoa, eta era barean oso erreala, eta nobelari sinesgarritasun handia ematen diona…
Denetarik esan didate amaieraz: irakurle batzuei asko gustatu zaie, eta beste batzuei batere ez. Nik argi nuen Nagore Vargasek bizirik jarraituko zuela eta amaiera lasai bat opa niola. Hain erritmo bizian doan nobela batek amaiera barea behar zuela iruditzen zitzaidan, su artifizialik gabea. Nobela itsasertzean amaitzen da, eta itsasoa bada gure benetako eskalaren kontzientzia ematen digun elementu bat. Nobelaren hasieran elementu basati, ezezagun eta iluna da itsasoa. Nagore bertara jaurtitzen dute literalki oraindik igeri ondo ez dakienean. Ahal bezala mantentzen da azalean. Liburuaren erdialdetik aurrera, aldiz, itsasoa barea da, zeruertzari eta esperantzari lotua, sentsazio atseginen iturri. Badago borrokatik plazererako bide bat, hedonismoarekin zerikusirik ez duena, norbere burua eta ingurua zaintzearekin baino.

Zure bibliografia errepasatzen hasita ohartu naiz liburu guztiek izan dutela harrera ona, baina liburutik liburura beti lortu duzula pauso bat aurrera ematea, pittin bat harago joatea… pausoa nahita amandakoa da, edo oharkabean?
Beti saiatzen naiz hobeto idazten, eta liburu bakoitzean egon da erronka estetiko-ideologikoren bat. Niretzat beti izan dira pauso bat aurrera, esperientzia gehiagorekin, autoexigentzia gehiagorekin idatzi dut liburu bakoitza. Ez aurrekoak ukatzeko asmoz, baina norbera ere aldatuz doa, edo norberaren lekua, ikuspuntua, irakurketak, bizipenak… eta hori islatzen da testuetan.

Idazle bezala nora iritsi nahi duzun argi daukan idazlea zara, edo idatzi egiten duzu, besterik gabe, datorrena kalkulatu gabe?
Istorio bat kontatzeko gogoa edo premia sentitzen dudanean idazten dut. Eguneroko esfortzuan eta pasioan sinesten dut, eta hala lan egiten saiatzen naiz. Zortez, egiten ditudan lan ia denak egiten ditut grinaz, eta hori da nire kalkulua: intentzio osoz lan egin, izan emana, konprometitu lanarekin, disfrutatu ahalik eta gehien. Bertsotan, urte askoan nire buruari lema hau errepikatu diot “eutsi eta dibertitu”. Uste dut plazeraren eta erresistentziaren arteko dantza horrek bizi nauela.

Idazle bezala anbizioa izatea txartzat hartzen da, zergatik ote? Esan nahi dut piraguista batek esan dezakeela urrezko domina irabazi nahi duela, baina idazle batek ezin duela hain erraz esan zer irabazi nahiko lukeen…
Nik irabazi nahi nuke Truman Capoteren talentua, Alice Munrorena, Harkaitz Canorena eta Eider Rodriguezena… Baina hori ez dute inon saltzen, ez oparitzen. Beraz, izorrai! Lanean segi behar, kamarada.

Zuek etxean bi artista zarete, zu zeu eta Eñaut Elorrieta, Ken zazpiko kantari bezala ezaguna… horretaz publikoki hitz egiteak traba egiten duzu? Galdera egiten dizut askok “intimitatetzat” daukatelako norekin bizi diren, eta ez dutelako horretaz hitz egiterik nahi…
Traba egiten dit, intentzioaren arabera. Zu laguna zara eta badakit zure interesa ez dela morbosoa (edo ez morbosoa bakarrik).
Niretzat, ordea, norekin bizi zaren ez da kontu intimoa; intimoa da etxeari lotutakoa, baina, adibidez, sortzaile batek besteari nora eragiten dion kontu artistikoa da, intimoa baino askoz ere gehiago…
Ez dakit zer litzatekeen ofizio ez-artistiko bat leukakeen norbaitekin bizitzea. Sortzaile batekin bizitzeak pentsarazi eta negoziarazi digu bakoitzaren denborez, bakoitzaren lanaren aitortzaz, bakoitzak sortzeko behar duenaz… Kalendario konpartitu bat dugu etxeko atean, eskuz egina, eta hor nahasten dira idazteko eta kantak egiteko denborak, bertso-saioak, kontzertuak, irakurle-taldeak, hitzaldiak, elkarrizketak… Eta bi ume. Hilabetero jartzen gara egutegiaren aurrean, solapatzen diren kontuak aztertzen ditugu, soluzioak bilatzen… Hori, alderdi logistikotik.

Niretzat gauza bitxia da bi sortzailek etxe berean topo egitea, eta sortzaile gisa dauzkaten erronkak konpartitzea, baita elkarri soluzioak aportatzea, besteak dudaren bat, edo dilemaren bat daukanean…
Bai. Gure lanez hitz egiten dugu oraindik zalantzaz beteta gaudenean, prozesu osoan zehar, amaitu eta gero… Kanten enbrioiak erakusten dizkit berak, letrak… Nik poema-liburuak pasatzen dizkiot testuak markatuta, iritzi artikuluren bat… Ni Eñaut baino erraietakoagoa naiz, zakarragoa ere bai, eta iritzia ematen diot filtrorik gabe. Uste dut batzuetan amorragarria izan naitekeela, baina eskertzen didala zintzotasuna. Berak niri, batez ere, lasaitasuna ematen dit. Ni “joan” egiten naiz, eta Eñautek “ekarri” egiten nau. Abiadura handiegia hartzen dudanean frenoa jartzen dit modu goxoan. Ni ere amorratzen naiz horrelakoetan, baina eskertzen diot, horma jo arte ez naiz-eta espabilatzen bestela. Bestalde, gure lanetan askotan sortzen diren talka edo gatazkatxoak (antolatzaileren batekin, beste sortzailerekin batekin, kazetariren batekin…) irakurtzen eta kudeatzen ni baino abilagoa da bera, eta horretan ere asko laguntzen dit. Uste dut, batez ere, sorkuntza-prozesuek dakartzaten gora-beherak konpartitzea eta kudeatzea dela etxe berean bi sortzaile bizitzearen ederra eta zaila: irrikak, egoa, obsesioak, frustrazioak, loezina, euforia… Eider Rodriguezi irakurri nion maitatzea erraza dela, zaintzea dela zaila, edozein ofizio izanda ere.

Askotan pentsatzen dut euskaldunok intimitatearekiko daukagun sentimendu mesfidatia nondik ote datorren, zer kendu ote zieten geure arbasoei guk halako beldurra izan dezagun…
Oso komunitate txikia gara, eta behar dugu arnas apur bat. Publikotasunak ito egin gaitzake eta saiatzen gara gure burua babesten. Normala iruditzen zait.

Zure kasuan gainera intimitatea oso kontu zaila da, pertsonaia publikoa zarelako, eta gainera egiten dituzun bi gauzetan eskatzen zaizulako nolabait ireki zaitezen: idaztean eta bertsotan… oso oreka zaila behar du.
Norberarenetik kantatzea eta idaztea gauza bat da, eta intimitatea beste bat. Intimitatea lagunekin konpartitzen dut, ez entzuleekin edo irakurleekin. Literatura eta bertsoa bera aldi berean dira leiho eta errezela. Beste sortzaile batzuei begira jartzen banaiz ere, nik ez dut haien intimitaterik ikusten. Eta, egia esan, ez zait askotik interesatzen.

Artista handia izan behar duzu zugandik gehiegi esan gabe, gehiegi kontatu gabe idazteko eta bertsotan egiteko…
Niretik esaten dut, ez niri buruz. Ni ez naiz interesgarria, inor ez da oso interesgarria. Sortzailea gehiago ikusten dudanean haren lana baino… normalean ez da seinale ona. Pornografikoa egiten zait. Nik ez dut inork bere egunerokoa irakur diezadan nahi. Ez dut bertsolari batek bere bizitza konta diezadan nahi. Nik dardarazi nazaten nahi dut. Alda nazaten, harri nazaten, hunki nazaten, dibertitu nazaten. Eta hori ez da biluztuz lortzen.

Intimitateaz ari garela, utzidazu galdera intimo samar bat egiten: nolako harremana daukazu idazleekin? Batzuetan sentipena daukat ez ote zaren bertsolarientzat idazle eta idazleentzat bertsolari…
Idazle batzuekin lagunarteko harremana dut, beste batzuekin gertukoa, beste batzuekin kortesiazkoa eta beste batzuekin ez dut harremanik. Bertsolarion artean hartu-emana sarriagoa da, astebururo egoten gara batarekin ez bada bestearekin, baina hor ere badira konplizeak, lagunak, ezagunak. Zer naizen, nola ikusten nauten… uste dut ni baino gehiago arduratzen dituela horrek kazetariak, beti galdetzen baitidate. Nik bi jardunetan sentitzen dut aitortza. Ez denena, jakina. Baina hori ezinezkoa da.

Imaginatzen ditut hainbat idazle gaizki esaka eta inbidiak jota, bertsolari batek (nork eta bertsolari batek!) haiek baino liburu hobeak idazten dituelako…
Tentsiotxoa dago bertsolariek eta idazleek jasotzen duten arretaren artean, aldika azaleratzen dena. Baina ez dut uste euskal kulturaren arazo larrietarik bat denik, ezta orokorra denik ere. Gerra txikia da, izatekotan. Ez gara kontrarioak. (jejeje)

Touche!… Zein da zuretzat testu on, potente baten gakoa? Zerk liluratzen zaitu zu irakurle bezala?
Pertsonaia onek liluratzen naute eta baita gutxirekin asko esateko gaitasunak ere. Zehazki esan nahi dutena esaten duten idazleak miresten ditut. Idazkera biziak gustatzen zaizkit, dialogo txinpartatsuak, ondo egindako digresioak. Puntxa gustatzen zait, baina baretasun elegantea ere bai. Batzuetan bisturia nahi dut, besteetan zeta, mailua, lupa, mugimendua, pausa… Edertasunak hunkitzen nau -ez politasunak-. Edertasuna, giza-kondizioaren kutretasunari lotuta.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu