Irene Aldasoro: “Lehenengo esaldia, lehenengo paragrafoa eta lehenengo orria dira itzultzen zailenak”

0

Irene Aldasoro Katarain (Idiazabal, 1955) itzulpengintzaren barruan esparru ezberdinetan aritu lanean hasi zenez geroztik. Literaturari dagokionez, abenduan aurkeztu zuen bere azken liburua, Emily Brontëren Gailur ekaiztsuak (Erein), bi urte itzultzen eman ondoren. Liburuaren itzulpenari denbora aldetik behar duena eman diola dio Aldasorok, euskal irakurleari Catherine eta Heathcliff pertsonaia unibertsalen liburua euskaraz irakurtzeko aukera eskainiz.

EIZIEren zerrendan Emily Brontëren Wuthering Heights liburua itzultzeko proposatu zutenez geroztik, hiru urtetan hiru lagin ezberdin aurkeztu zituen Aldasorok esleipena eman zioten arte. Itzultzea bizioa dela aitortzen du, eta aisialdian ere beste hizkuntza batean irakurtzen ari denean beti ari dela ariketa hori egiten.

Virginia Woolfek idazlan batean liburu honi buruz dio ikuspuntu orokor batek inspiratu zuela Emily Brontë. Ez zuela, alegia, bere zaurietatik idazten; bere ustez mundua nahastutako zati txikiz osatua zegoenez, liburuan zati horiek ordenatu eta mundu bat sortzen saiatu omen zen. Nola laburutuko zenuke zuk liburua?
Ez dut uste liburu hau laburtu daitekeenik; nik, behintzat, ezin dut. Bada maitasun istorio bat, baina ez hori bakarrik. Eta maitasun istorio bat denik ere kuestionatu daiteke. Catherinen eta Heathcliffen arteko maitasun horri alde askotatik begira diezaiokezu. Dena den, bada niri oso sartuta geratu zaidan gauza bat, eta da bien arteko batasuna. Hori gerta daiteke pertsona haragituen artean, baina badago beste maitasun edo batasun bat ere, haragoko mundu batekin. Batasun horrez gain, beraz, badago mundu hau eta badago desiratzen duzun beste hori: mundu hobe bat, edo hobea izatea nahiko zenukeena. Helduleku asko dauzka istorio honek.

Aipatu duzun batasun hori bi protagonistek behin baino gehiagotan azaltzen dute.
“Ni naiz Heathcliff”, esaten dio Catherinek neskameari momentu batean. Eta beste batean: “Nola biziko naiz bihotzik gabe, nire bihotza lurpean badago?”. Hotzikara ateratzen zait. Hala ere, beste gauza batzuk ere badaude eta iruditzen zait ikus ditzakegula bertan pertsona baten bi aldeak: ona eta txarra. Beraiek esaten dute, “bat gara, ni zu gabe ezin naiz bizi”, baina bat da ona edo, behintzat, Catherine, alde argitsua, eta Heathcliff da alderdi iluna.

Publizitatea

Natura, horrelako eleberrietan ohikoa den bezala, oso presente dago.
Bai. Alde batetik esango nuke naturaren bitartez mistizismoa edo jainkotasun hori ikusteko modu bat agertzen dela, ez dakit panteismoa dei diezaiokegun. Honez gain, natura oinarria da. Bertako parajearen gogortasun hori ere sinbolikoa da. “Gu bizi gara lur soil miserable honetan, latza da, baina libre gara baita ere”. Lur horrek ere, beraz, askatasuna adierazten du. Haiek zohikaztegietara arnasa hartzera joaten dira, libre izatera.

Oinarria eta etxea irudikatzen al ditu?
Bai, natura zure etxea da. Ni baserritarra naiz eta askotan sentitzen dut lurraren inportantzia. Lurra da benetan nire ikuspegitik balio duena. Zure etxea, zure babesa, zure lekua… Donostian bizi naiz ez dakit zenbat urtez geroztik, baina ni naiz lur hartakoa, baserri hartakoa, eta nik uste emakume honi hori asko gertatzen zaiola.

Erlijioa nola azaltzen du Brontëk?
Aita artzaina zuen, eta oso erlijiosoa. Garai hartan, gainera, uste dut bazirela beste zenbait adar, batzuk besteak baino puritanoagoak… Eleberrian muturrera eramandako erlijioari barre egiten dio.

Ellen zerbitzariak giza izaeraren inguruan egiten dituen gogoeta asko gaur egun ere guretzat baliagarriak direla uste duzu?
Dudarik gabe. Emakume hau oso ondo definituta dago. Haritza bezala da, bere gauza onekin eta bere gezurtxoekin, baina bera beti berean ari da, soka mantenduz. Gainera, etxea-edo dena finkatuta mantentzen duen arroka da.

Bere buruarekin bakean bizi dela dirudi, ezta? Eta duintasun osoz, nahiz eta neskamea izan.
Konforme, behintzat, eta gorabeherarik gabe. Nik uste dut, baita ere, askotan ikusten direla eleberrian Emily Brontëk izan zitzakeen ezaugarriak, eta pertsonaia hau horren adibide bat da. Liburuak, esate baterako, Emilyrentzat oso garrantzitsuak ziren, eta Ellen, neskamea izan arren, ez da tuntuna. Esaten du: “Irakurri ditut edo ikusi ditut liburutegi honetan liburu guztiak”. Neskamearen anbizioa ez da aberatsa izatea, baizik eta bere lekuan egotea.

Edgar hasieran Catherinengandik oso urrun ikusten dut, baina gero elkarrekin daudenean oso sinesgarria egiten zait bikote hori, nahiz eta Catherinek bere barruan Heathcliff eraman.
Catherinek argi esaten du zergatik ezkontzen den: bizitzan badaude gauza praktikoak, eta gero erromantizismoa dago. Neskameak ere oinak lurrean ditu. Catherinek bere fantasiak dauzka, baina pentsatzen du: “Zer egingo dut nik Heathcliffekin?”, asko maite arren. Hemen ere agertzen da garai guztietako ezin ikusia pobrea denarekiko edo izenik ez duenarekiko, zeren Heathcliff da ezereza: ingelesez it esaten diote etxera ekartzen dutenean. Zera bezala itzuli dut nik. Ez da pertsona ere.

Dena den, ez da haragizko maitasuna.
Badaude momentu batzuk, besarkada batzuk eta musu batzuk, baina ez bestelakorik. Sexurik ez dago, ezta Edgar bere senarrarekin ere. Batzuk esaten dute maitasun heldugabe bat dela, nerabeen maitasun bat. Anai-arreben arteko maitasuna dela ere badiote. Horren zantzuak baditu eta eduki ditzake, brontëtarrek bai baitzuten anaia bat opiomanoa eta edalea zena. Berarekin ez zuten karrerarik egin. Uste dut oso amaiera txarra izan zuela eta etxeari su ematen ere saiatu zela. Anaia horren argazki bat Heahtcliffen ezaugarri batzuetan ikus dezakegula uste dut, baina batez ere Catherinen anaiaren erretratua da.

Gizarte patriarkalari aurre egiten al zaio eleberrian?
Patriarkatua hor dao. Garai hartan emakumeak ezkondu edo umeei eskolak ematera goernanta gisa joaten ziren. Ez zeukaten beste irteerarik. Dena ezarrita zegoen. Nobelan bertan ikusten da askatasun aire bat neurri batekoa, baina azken finean ezkondu egiten dira. Ez dut hain argi ikusten hor patriarkatuaren askatzea.

Hizkuntzari erreparatuz, Joseph zerbitzariaren hizkera itzultzea zaila izan al da?
Josephena izan da aukera bat, berari kargatu diot lokalismoa. Nik nire inguruko ahoskeran idatzi dut, gehien ezagutzen dudan horretan. Nire iritziz, lekukotasuna adierazi nahi zuen, baina erabiltzen duen hizkuntza ez da barre egiteko. Josephek sortzen du komikotasuna tipoa horrelakoa delako, bere izaeragatik, baina nik uste adierazi nahi duela hangoak direla. Dena den, hau ere ez da tontoa, Josephek irakurtzen bai baitaki: Bibilia irakurtzen du, baina bertakoen moduan hitz egiten du.

Virginia Woolfek esaten du Emily Brontëren idazkera bere ahizpa Charlotterena baino poetikoagoa dela.
Emily poetikoagoa da ez idazkerari dagokionez, hartzen dituen motiboei dagokienez baizik. Hor sartzen du poesia.

Beste edizioren bat erabili al duzu?
Bai. Erabili dut edizio frantses bat, antza denez lehenengo itzulpena izan zena, militar batean omen. Eta gero, gaztelaniazko Rosa Castillorena. Bertsio asko daude. Castilloren itzulpen horretan, adibidez, Josephen hizkera galdu egiten da. Gaztelaniarekin zailagoa da hizkera hori kudeatzea, bi joera daude: Josephen hizkuntzaren lokalismoa mantentzearen aldekoak eta aurkakoak. Batzuek esaten dute ez dela mantendu behar, barregarria gerta daitekeela edo dialekto edo hizkera horretan idatzitakoa gaizki har dezakeela jendeak. Baina niri euskaraz ez zait horrela iruditu.

Brontë ahizpei bi anai-arreba hil zitzaizkien urte berean barnetegira joanda.
Hor badago biografia nahiko negarti bat. Ama gabetuak ziren, baina gara hartan emakumeen bizi itxaropena uste dut 30 urtekoa zela, Emilyk hil zenean zuen adina. Tuberkulosiak hautsa bezala hiltzen zituen.

Eta bizitzan zeri heltzen zioten?
Liburuei eta literaturari. Badirud brontëtarrak bizi ziren txoko hartan baztertuta zeudela, baina ez ziren tontoak, ez ziren ni bezalako baserritarrak. Pobreak izango ziren, baina ikasiak. Eta aita, xelebrea izateaz aparte, esaten dutenez asko irakurtzen zuena zen, anbizio  literarioa zuena, eta dena irakurtzen uzten zien, baita politika aldizkariak ere. Hauen jolasa idaztea zen, lekuak asmatzea: irakurtzen zituzten gauzetatik sortzen zituzten beraien istorioak eta elkarri kontatzen zizkioten.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu