“Garbi Losada: Zuzenean egiten den edozein espektakuluk balio ezberdin bat dauka, jendearekin topaketa bat dago”

0

30 antzezlan baino gehiago zuzendu ditu Garbi Losada antzerki zuzendariak (Getxo, 1959) pedagogia ikasketak amaitu eta antzerkiaren munduan lanean hasi zenetik. Dublindarrak izan da Ados Teatroaren azken proposamena. James Joyceren lan horren egokitzapenaren bitartez, besteak beste, gizakiaren hauskortasunaren inguruko istorio bat taularatu du eta dagoeneko beste proiektu batzuetan ari da lanean.

Zergatik Joyce?
Konpainian ideien kutxa baten antzeko zerbait daukagu, egitea gustatuko litzaigukeen gauzak dira, proiektuak…, argazki bat ere izan daiteke. Hau horietako bat zen, aspalditik zegoen kutxa horretan, baina zaila zen martxan jartzea aktore asko behar direlako, gaur egun antzezlan asko aktore gutxiagorekin egiten baitira. Kasu honetan 8 aktore dira eta egin genezakeela uste genuenean egin dugu. Eta hemen gaude.

Euskaraz jarri duzue martxan bira lehenengo, eta aurrerago gaztelaniaz egingo duzue aurkezpena.
Bai, euskarazko bertsioa egin dugu eta hiriburuetan egindako aurkezpenen ondoren plaza gehiago egitea da gure asmoa. Gero, udazkenean gaztelaniaz aurkeztu eta estatuan barrena egingo dugu bira. Askotan gaztelaniazko birek euskarazkoak jaten dituzte, eta oraingoan lehenengo euskaraz egin dugu eta gero etorriko da gaztelaniazkoa. Beste batzuetan alderantziz egin dugu, eta bi hizkuntzetan aldi berean.

Antzezlan honen mezua zein da?
Joyceren lan hau Irlanda zintzilik dagoen une batean kokatzen da: oraindik britainiar erregetzaren zati da, baina segituan izateari utziko dio. Agortzen ari den mundu batean kokatua dago, eta aldi berean jaiotzen ari den beste batean, baina oraindik ez da abiatu. Antzezlana tarte horretan gertatzen da. Emanaldi honetatik gustatzen zaidana da gai asko zolitasunez jorratzen dituela. Gure bizitzetan eman daitekeen edozein unetan ere badago kokatuta aldi berean. Horrez gain, guk eztabaida politiko gehiago sartu dugu, tentsioa areagotuz, errepublikanoen eta britainiar erregetzaren aldekoen artekoa. Lehenengo sufragistak ere azaltzen dira, langileen borroka… Haustura une bat da. Badago tradizioetan oinarritutako mundu horrekin elkarbizitza ere, bertan azaltzen diren pertsona helduen belaunaldiak mundu horri eusten baitio.

Pertsonaia zentrala belaunaldi horretakoa da.
Bai, badirudi tradizio horren testigu dela eta aldi berean ongi finkatutako bizitza duela, eta etorkizuna ere ziurtatua duela ematen du, baina tontakeria batengatik, abesti batengatik hain zuzen, dena pikutara doa.  Berak ziurtzat ematen zuen guztia kuestionatu egiten da eta etorkizuna ere orain ez du argi. Dublindarrak, beste gai batzuen artean, bizitzaren hauskortasunaren inguruan mintzatzen da.

Zenbat denbora behar izan duzue antzezlana martxan jartzeko?
Azkeneko ipuinean dago kokatuta, elkarrizketa gehien dituena da eta egitura markatuena duena, baina beste gai batzuen inguruan ere hitz egin nahi genuen. Horregatik beste ipuin batzuetan azaltzen diren pertsonaien elementu batzuk ere hartu ditugu. Gainera, hain sotila izan ez zedin dramaturgia asko landu dugu, eta denbora asko pasa dugu Joyceren liburua gidoi bilakatzen. Ondoren aurreprodukzioarekin hasi ginen, hau da, alderdi teknikoen prestakuntzarekin, eta aktoreekin entseguak egiten bi hilabete pasa ditugu.

Antzezlanean betiko aktoreek hartzen dute parte, bizitza guztia buru belarri lanean daramatenek.
Bai, aktore profesionalak dira. Azkenean zure bizitzeko modu bilakatzen da. Funtzio honetan dauden aktore gehienek, batzuk gazteagoak izan arren, bide luzea egin dute, eta nire ustez beti izango dira aktoreak. Oso onak dira eta lana daukate. Behin aktore bati esaldi hau entzun nion: “aktore izaten hasten zarenean ia ezinezkoa da ogibidea uztea”. Edozein bokazio bezala da, ezta? Ez du nahitaez artistikoa izan behar.

Dublindarrak jada martxan jarri duzue. Zure burua beste zerbaitetan dago dagoeneko?
Beno, Dublindarrak oso gaztea da oraindik, baina segituan proiektu berria idazten hasiko gara. Ogibide hau horrelakoa da.

Ados Teatroa sortu zenuen zuk.
Bai, baita Ttanttaka konpainiaren hazia ere. Bost kide inguru ginen, baina gero gertatu ohi den bezala bakoitzak bere bidea hartu zuen eta 11 urte eta gero proiektu berri bat egiteko beharra sortu zitzaigun. Ados Teatroa sortu genuen Koldok eta biok, horregatik du izen hori: bi ginelako eta ados geundelako. Jose Antonio Vitoria ere tartean zen. Enpresako muina pertsona gutxik osatzen dugu, baina jende askorekin egiten dugu lan, proiektuaren arabera.

Nola hasi zinen antzerkiaren munduan lanean?
Fakultatearen ondoren izan zen. Nire belaunaldian askok egiten genuen hori: karrera bat edo zerbait ikasi etxekoak lasai egoteko. Nire anaia Koldo duela 3 urte hil zen. Hark ere hasieran gauza bera egin zuen: biologia ikasi zuen. Nik, berriz, pedagogia, eta amaitu genuenean antzerkiaren munduan hasi ginen lanean. Gure hazia, hitz hori aipatzen dut bidea oso elkarrekin egin genuelako, txikitatik dator neurri batean; auzoko umeentzat antzezlanak egiten genituen eta sarrera kobratzen genien. Baina nik ez nuen inoiz pentsatu ogibide bat zenik fakultatera iritsi nintzen arte. Han ikusi nuen antzerki munduan zebilen jendea, edo beste diziplina artistiko batzuetan. Eta honetatik bizi zitekeela.

Donostian hasi zen dena, beraz.
Bai, karrera ikasten ari nintzela, bosgarren urtean Ttanttakan hasi nintzen eta gaur arte dihardut antzerkiaren munduan lanean. Ez nuen inoiz pedagogiarekin zerikusia zuen ezer egin. Nire anaiak, karrera amaitu ondoren, Donostiako laborategi batean egin zuen lan hiru hilabetez, eta utzi egin zuen antzerkiaren munduan hasteko.

Gelditu gabe egin duzu lan orduz geroztik, beraz?
Bai, baina gurea desorekaren ogibidea da, lana inoiz ez dagoela ongi banatuta esan daiteke. Nire ustez askotan aktoreek lan zuloak izaten dituzte: batzuetan gauza asko dituzte edo aldi berean egin ezin ditzakezun lanak ateratzen zaizkizu, eta gero lanik gabeko zuloetan sartzen zara, hilabeteak iraun ditzaketen zuloetan. Niri dagokidanez, beti egon naiz konpainia edo antzerki enpresa bati lotua, beraz, kasu honetan lana ez da soilik antzeztea edo zuzentzea. Enpresa bati lotuta egoteak proiektu bat amaitzean beste batekin hastea dakar; horregatik da etengabea lanarekin dudan harremana. Batzuetan beharko nukeena baino lan gehiago dudala ere esan dezaket, ordaindua den edo ez kontuan hartu gabe; baina, bestalde, uste dut enpresa bat izateak lan mota hau sortzen duela.

Testu bat aukeratzeko orduan zertan oinarritzen zara?
Guk gai eta estilo ezberdinak jorratzen ditugu. Nondik ateratzen diren? Behar pertsonal batetik lehenengo. Koldo eta biok zinemaren jarraitzaile sutsuak izan gara, eta literatura ere asko gustatu zaigu, ia antzerkia baino gehiago. Behar horiek batzuetan ideia batetik sortzen dira eta gero gidoia lantzen dugu. Behin Dora Salazarren lan piktorikoan oinarritutako emankizun bat egin nuen. Hortik abiatu eta alzheimerrari buruzko istorio bat jorratu nuen. Ideiak leku askotatik datoz. Zinematik ere istorio bat baino gehiago egokitu ditugu. Guri interesatzen zaigun edo gu hunkitzen gaituzten istorioak hartzen ditugu, jendeari ere hunkigarriak egingo zaizkiola pentsatzen dugun horiek, azkenean helburu nagusia komunikatzea baita. Egiten duzun hori jendearentzat egiten duzu. Zentzu horretan betebehar bat dago: ez da zuk zure buruarentzat egiten duzun zerbait, gero besteak zuri begira egon daitezen.

Zuzendari bezala, zein da zure lana?
Orokorrean, beti lan bera egiten dut. Normalean egokitzapena egiten dut, gidoia alegia, azken finean zuzentzea berridaztea bezala baita. Eta gero beti da lan bera, batzuetan aldatzen den arren, estiloa ere ezberdina denean, adibidez. Niri istorioak asko gustatzen zaizkit, istorioen irakurle sutsua naiz, intelektual bat ez izan arren, eta nire burua ere istorio kontalaritzat daukat.

Eszenografian ere zuek parte hartzen duzue?
Bai, baina eszenografoekin ere egiten dugu lan. Orokorrean oso antzezlan gutxi egin ditugu kokapen errealista edo konbentzional batean gertatzen direnak.

Dublindarrak antzezlanaren kasuan, eszenaratzea nolakoa da?
Ez da errealista. Suposatzen da etxe bat dela, baina ez da ohikoa. Bideoa ere asko erabiltzen dugu, hizkuntza ezberdinak sartuz. Espazio ezberdin asko sortzen dituzten gortina batzuk ere badaude, lanparak… Altzariak eskasak dira, baina horiekin etxe barruko eta kanpoko espazio ezberdinak sortu ditugu.

Zuzendari bezala antzezpen askotara joaten al zara?
Ez. Orain, gainera, antzezlan bat baino gehiago dauzkagu biran: Dublindarrak, Zapatila gorridun mutikoa, duela gutxi beste bat amaitu dugu, eta Idiot Txou ere hor dugu, irratian kokatutako komedia bat. Horrez gain, Koldo hil zenean erabaki genuen proiektuak beste leku batetik abiatzea, ez soilik emanaldiak egiteko asmoarekin edo helburu ekonomiko batekin, baizik eta gizartea jomugatzat hartzea, antzerkia elementu transformatzaile bezala erabiliz. Orain hori oinarritzat duen beste antzezlan bat estreinatu behar dugu.

Koldoren heriotzaren ondoren nola ekin zenioten bide berri horri?
‘Altruista’ beharbada handiegia den hitza da, baina pertsonalki Koldoren heriotza eta gero behar nuen ogibidearen zentzua errekuperatu, zentzua beti duen arren. Bi proiektu egin ditugu. Bat giza-eskubideei buruzkoa da. Orain eskuartean duguna, berriz, oso polita da: dantza espektakulu bat da eta, laburbilduz, tesia da gizarteak pertsona helduak baztertu egiten dituela, baina belaunaldi ezberdinen arteko interakzioak hobeto funtzionatzen duela ikusi dugu. Bidea oso polita izaten ari da eta uste dut ikuskizuna ere horrelakoa izango dela.

Bira baten ondoren, nolakoa izaten da azkeneko emanaldia?
Askotan ez dakigu azkenekoa izango denik. Batzuetan bai, argi eta garbi dago, eta hori oso hunkigarria izaten da, mundu guztiak baitaki ixtera doala. Horrelakoetan batzuetan aktoreek txantxaren bat egingo dutela esan ohi dute… Beste batzuetan, aldiz, birak desegin edo diluitu egiten dira. Ikuskizun batzuek oso bira handiak dituzte, bizpahiru urtekoak. Tarte horretan aktoreak ere aldatu egiten dira batzuetan, beste lan proposamen batzuk dituztelako. Amaiera poliki eta tantaka iristen den zerbait ere izan daiteke. Beste batzuetan tristea da, uste duzulako antzezlan baten bidea luzeagoa izan zitekeela. Noizean behin, berriz, nekea ere nozitzen du lan batek. Antzezlan baten amaiera izan duen bidearen araberakoa da: izaki biziak bezalakoak dira, inoiz ez dakizu zen bide hartuko duen bakoitzak.

Aurrera atera ez diren proiektu asko izan al dituzu?
Batzuk bai, noski. Arrazoi ezberdinengatik aurrera eraman ahal izan ez direnak. Gero, badaude beste zenbait aurrera atera diren arren guk uste bezalakoak izan ez direnak. Batzuk hobeto ateratzen dira, besteak okerrago. Dena den, guztiei maitasuna hartzen diezu. Orokorrean uste dut aurrera atera ez diren proiektu horietan testuak huts egin duela, edo proposamena ez zela erakargarria. Inoiz ez da izan aktoreen lanarengatik.

Zure ibilbideko momentu ederren bat aipa dezakezu?
Asko dauzkat. Prozesuak oso politak dira. Lehenengo ilusio hori dago: obra bat muntatu behar dugu. Bidaia baten antzekoa da, non dena den posible. Nahiko momentu idilikoa da. Gero produkzioan une zail asko daude, modu intentsu batean bizitzen dituzu eta horregatik nik ogibide honetan lagun asko dauzkat. Lan prozesu asko partekatu ditugun pertsona askoren laguna naizela sentitzen dut, nik uste dut hori dela hunkigarriena. Gero zailtasun guztiak gainditzen direnean eta obra estreinatzen denean, iritsi zarenaren sentsazio hori nahiko berezia da, ezkontza batera edo festa batera joatea bezala da, beldur asko pasatzen duzu baina aldi berean emozio asko dago.

Zein izan da egin duzun antzezlanik bereziena?
El amigo de John Wayne egitea asko gustatu zitzaidan. Testua nik idatzi nuen. Ez zen batere komertziala, protagonista ezindu intelektual bat zen eta antzerkiaren barruko antzerkiaren inguruan ere hitz egiten zen lan horretan. Konpainia bat Frankenstein antzezten ari zen eta protagonistaren heroia John Wayne zen, baina Frankensteinekin identifikatzen zen. Satisfazio handiak eman zizkigun. Protagonista nire anaia Koldo zen, eta bere pertsonaia oso ederra zen. Antzezlan horrek leku berezi bat daukala esan dezaket.

Zein paper betetzen du antzerkiak gizartean gaur egun?
Antzerkia zuzenean ematen den une bat da, eta nire ustez balio zehatz hori du. Zuzenean egiten den edozein espektakuluk balio ezberdin bat dauka, jendearekin topaketa bat dago; horrek indarrean jarraitzen duela uste dut, eta beti izango dela horrela, nahiz eta formak eta euskarri eszenografikoak aldatu, teknologia ere gero eta gehiago erabiltzen baita. Hizkuntzak aldatu egiten dira. Gu daukagun horren ondorio ere bagara, eta teknologia gure bizitzan existitzen bada, guk ere antzezlanetan gure bizitzetan daukaguna jartzen dugu.

Antzerkia ez dago galzorian, beraz?
Arte bezala nik uste teatroak iraun egingo duela, gertuagoko elkarbizitzaren behar horrengati. Disko bat bezala da, oso ona izan daiteke, baina zuzeneko kontzertu batek beste balio bat dauka, ezta? Batzuetan joatea kosta egiten da, bain gero jendea pozik dago eta topaketa hori garrantzitsua da.

Eta zerbait estetikoa izan behar duela uste duzu, edo mezua da garrantzitsuagoa?
Nik uste dut edozein funtzio dela garrantzitsua. Batzuetan ikuskizun bati buruz esan dezakezu entretenimendu hutsa dela, baina ni oso eskertua sentituko nintzateke norbait ordu t’erdiz entretenitzeko gai izango banintz. Gainera, emozio estetiko bat badago, hobe. Eta horrez gain, gogoetarako tarte bat badago, are hobeto, ezta? Ikuskizunari balioa eransten dioten gauzak dira, ez nuke bat bera ere kanpoan utziko. Barre eginaraztea oso garrantzitsua da, eta negar eginaraztea… edozein emozio sortzea. Ni eskertua sentitzen naiz antzezlan bat egin ondoren zerbait sortzen denean, eta publikoari zerbait komunikatzea lortu dugunean.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu