2017ko 111 Akademiaren Saria irabazteko bidean bost lanek egin dute aurrera

0

Agirre, Zubeldia, Ladron Arana, Alberdi eta Urdinagaren lanak pasatu dira bigarren bozketa txandara

2017. urteko 111 Akademiaren Saria erabaki ahal izateko 111 Akademiak amaitu du bere lehenengo bozketa txanda, urtarrilaren hasieran martxan jarri eta otsailaren 15era arte zabalik eduki duena. Lehenengo bozketa txanda horretan botorik gehien jaso duten obrak ondokoak izan dira:

  • Alaine Agirreren BI ALDIZ ERDITU ZINEN NITAZ, AMA.
  • Maddi Zubeldiaren DESERRIA HAURTZARO.
  • Alberto Ladron Aranaren JAINKOEN ZIGORRA.
  • Uxue Alberdiren JENISJOPLIN.
  • Iñigo Urdinagaren SURFLARIA ETA PARADISUA.

Beraz, 2017. urtean euskal literaturak utzitako uzta zabaletik bost horiek izan dira urteko libururik gogokoena hautatzeko bidean lehenengo bozketa txanda gainditu eta bigarrenera igaro direnak. Martxoaren 15a baino lehen bidali beharko dute akademiakideek horietako baten aldeko botoa. Bigarren buelta horretan libururen batek jasotako botoen %40a bereganatuko balu, 111 Akademiak huraxe izendatuko luke 2017ko saridun. Kopuru horretara iristen den lanik ez balego, berriz, bi bozkatuenak finalera pasako lirateke.

Lehenengo bozketa txanda 83 akademiakidek eman dute botoa. Urtero bezala bigarren eta, halakorik balego, hirugarren txandetan kopuru horrek gora egitea espero dute Akademiako arduradunek, bozketek aurrera egin ahala handitzen joaten baita irakurketan eta ondoriozko bozketan parte hartzen duten akademiakideen kopurua.

Akademiak, apirilaren azkenean emango du ezagutzera 2017ko 111 Akademiaren Saria, eta sari banaketa maiatzean egitea aurreikusten du, Andoainen.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu