Pello Ramirez: “Musika bizitzen laguntzen duen elikagaia da”

0

Musikaria da Pello Ramirez (Ordizia, 1966), musikaria, hitzaren adierarik zabalenean: esku-soinu, biolontxelo eta piano-jotzailea, konposatzailea, beste hainbat musikariren laguntzailea… 9 urte zeuzkanetik instrumentu bat alboan eduki duen gizona; eta, egun, musika irakasle lanetan dabilena. Orain, Uxue Alberdirekin eta Andoni Egañarekin batera bertsoak, musika eta literatura uztartzen dituen Kafkaren aulkia egitasmoaren parte da. Emanaldi bakoitzean idazle batek idazten du saioa gidatuko duen testua: “Emanaldi hauen berezitasuna da hori, bakoitza dela bakarra eta ez dela errepikatuko: idazle bakoitzarekin egiten da behin, eta kito. Eta hori da bere balioetako bat”. Errepikaezinak dira saioak.

Ia-ia derrigor egin beharreko galdera: zergatik Kafkaren aulkia? Hain berezia al zen, bada, aulki hori?
Kafkaren aulkiak, nonbait, hiru hanka zeuzkan: Kafkarentzat aulki hori deseroso xamarra zen eta deserosotasun horrek ematen zion Kafkari sormenerako puntua. Proiektuan ere ideia horri tiraka aritu gara, erosotasunetik atera nahian.

Bertsoa, musika eta literatura uztartzen ditu proiektuak.
Hiru hanka dauzkan proiektua da: bertsolariak, idazleak eta musikaria; hau da, beraiek bi –Alberdi eta Egaña–, emanaldi bakoitzeko idazle bat eta ni, musikatzen. Idazleak niri pasatzen dit testua, aste pare bateko epearekin, lasai irakurri eta ikusteko nondik nora musikatuko dudan. Gero, saioan bertan idazleak jartzen die gaia bertsolariei zazpi-hamar bertsoalditan.

Publizitatea

Zuk bi eratan parte hartzen duzu emanaldian: batetik, bertsolariei laguntzen diezu, kantatu bitartean bertsoari musika jarriz; bestetik, bakarkako pieza batzuk jotzen dituzu, bertsoaldien artean.
Testua irakurtzen dut eta testuaren izaeraren arabera hasten naiz pentsatzen zein musika jarri. Batzuetan jotzen ditut eginda dauzkadan piezak, baina, aldi berean, izaten da erabat momentuko gauza, momentuan sortzen den energia edo kolore horietan. “Orain zer etor liteke?”, galdetzen diot neure buruari, unean-unean, nahiz eta askotan idazlearen testua irakurtzerakoan jada hasten naizen pentsatzen nondik jo dezakedan.

Bat-batean aritzen dira bertsolariak, inprobisatu egiten dute; zuk, musikaren kolorea etxetik erdi pentsatuta daramazun arren, animatzen al zara unean-unean musika sortzera?
Saiatzen naiz bertsolarien bat-batekotasunaz kutsatzen, elikatzen, hori hartzen eta musikan ere antzeko zerbait egiten; haiek bertsoarekin egiten dutena musikan ere sartzen. Behintzat jarrera horrekin edo energia horrekin armonian egotea, armonia bat sortzea.
Haiekin, egia esan, asko ikasi dut, beraien ondoan arituz. Duten jarrera ikaragarria da; nik askotan beraiengandik hain hurbil egonda, hori oso nabarmen sentitu dut, duten intentsitatea. Idazleak gaia jartzen dienean, dagoen indarra ikaragarria da.

Ohiko bertso saio musikatuetan baino garrantzi handiagoa hartzen du musikak zuenean. Propio bilatutako efektua al da?
Hemen –Ramirezen etxean– egon ginen bilera batzuk egiten eta ikusten genuen musikak eduki behar zuela bere nortasuna, bere lekua, bere garrantzia izan behar zuela. Egia da ez dugula beti lortzen, ekitaldi bakoitza oso berezia baita eta ez baitago prestatuta eta entseatuta.
Dinamika da harantz joatea, eta idazlearekin hitz egin, ordubete edo bi lehenago, eta idazleak askotan ez daki non sartu behar duen ere. Orduan, hor dago malgutasun hori, ea idazleak harrapatzen duen istorio hau nondik nora doan… Horrez gain, batzuekin errazagoa da, beste batzuekin agian ez hainbeste. Idazle batzuekin aritzen naiz testua irakurtzen ari diren bitartean musika egiten, eta ez die batere molestatzen. Beste batzuek nahiago dute testua, testua eta musika, musika aparte joatea. Nabaritzen da batzuek musika gehiago entzuten dutela, eta ea eramaten dituen saiatzen dira. Beste batzuk aldiz gogorragoak edo trinkoagoak dira, ez dira hainbeste mugitzen, musikak ez die hainbeste eragiten.
Emanaldi hauen berezitasuna da hori, bakoitza dela bakarra eta ez dela errepikatuko: idazle bakoitzarekin egiten da behin, eta kito. Eta hori da bere balioetako bat.

Nolako sentsazioa sortzen dizu bertsolari batek kantatu bitartean musika sortzeak? Ardura ote da haren sorkuntza prozesua ez oztopatzea?
Batzuetan iruditzen zait bere terrenoan sartzen naizela. Nik, beharbada, badut tendentzia, musika egiteko orduan, doinuaren barruan sartzeko. Badakit horrek harrapatu egiten duela, eta kasu hauetan ez zait gustatzen hori gertatzea, bertsoa baita. Beraz, saiatzen naiz ahalik eta modu xumeenean eta soilenean laguntzen eta bertsolariaren terrenoan ez sartzen. Askotan gaia badator, eta intro bat egiten badut, hutsune bat utzita, pentsatzen dut: “Hutsune honekin beraiek kantatzera behartzen ari naiz”. Halako kontuak hausnartzen ditut.

Zu ere oholtzan zaude eta, nahi ala ez, batzuetan bertsotan aipatzen zaituzte, erreferentziak egiten dizkizute. Ez da musikari baten ohiko jardunean gertatzen den zerbait izango, ezta?
Ez, ez da normalean musikari baten bizitzan gertatzen den zerbait. Saiatzen gara izan dadila hiruron arteko harreman bat, ez dadila izan hau aitzakia bat, baizik eta izan dadila parte oso bat. Musikak esaten duena, zein musika egiten den, horrek esan dezala zerbait, erantsi dezala zerbait.

Badira urte batzuk Kafkaren aulkia sortu zenutela. Zein asmorekin abiatu zenuten proiektua?
Hiru elementu horien artean sormen puntua uztartzea litzateke helburua, hiru diziplina horien artean harreman bat egon dadin.

Zer nolako harrera izan duzue?
Publikoa sartzen da istorioan erabat, berea da. Egia da hor idazleak baduela zeregin handia, narratzailea da, zuzendari lana ere egiten du. Egon izan dira emanaldiak oso-oso-oso bereziak eta publikoa sartzen da ikaragarri.

Musikari zaildua zara eta hamaika proiektutan zabiltza. Kafkaren aulkia-z gain, zein egitasmotan parte hartzen ari zara orain?
Sortu dugu beste talde bat, Artxipielagoa izena duena: Andoni (Egaña) bera, Ainhoa Garmendia kantaria, Garikoitz Mendizabal txistularia, German Ormazabal piano-jotzailea eta ni neu. Euskal kanta klasikoak egiten ditugu, jendeak abestu dezan, dena soprano baten abiapuntutik. Emanaldiak bi parte dauzka: lehenengoa euskal kanta klasikoek osatzen dute, eta bigarrena oso ezagunak diren kanta batzuen moldaketek.
Bestalde, Benito Lertxundirekin ere banabil; Alos Quartet laukotean ere ari naiz. Eta bakarka aritzea asko gustatzen zait: ekitaldietan dezente aritzen naiz, bakarka aritzeko libertatea asko eskertzen dut.

Askotariko lanak egin dituzu: konposaketak, kolaborazioak, bakarkako lanak… Zer ematen dizu horietako bakoitzak?
Konposaketa da alderdirik intentsuena, indartsuena, baita zorrotzena ere, gehien eskatzen duena. Asko gustatzen zait instrumentuekin inprobisatzea, batez ere pianoarekin zerbait konposatu behar dudanean, materiala sortu behar dudanean: buru-belarri sartzen naiz, nolabait, alor hori koipeztatzen, eman eta eman eta eman. Azkenean ideiak etortzen dira, grabaketak egiten dira eta grabaketa hori landu egiten da; pixkanaka joan behar da lantzen, leuntzen, fintzen… Istorio horretan sartu behar duzu. Zorrotza da burua puntu-puntuan jartzen delako, eta, sarri, beste lan batzuekin ez da oso bateragarria. Konposatzerakoan, sentitzen duzunean doinu bat atera duzula, sentimendu hori oso berezia da, ez dago beste inon, niretzat behintzat: emozio hori…, badakizu doinu horrek baduela zerbait.
Kolaborazioei dagokienez, laguntzaile bezala aritu naiz eta estudioan ere egin ditut nire moldaketak. Kantari bati laguntzen diozunean, bere abestira atxikitzen zara. Kasu horretan, abesti hori findu eta barneratu behar duzu, eta abesti horrek zer behar duen ikusi, zein ekarpen egin diezaiokezun jakiteko. Askotan, hauxe egin izan dut: kantari batek bidaltzen dit bere abestia eta esan: “Hemen ikusten dut esku-soinua”. Beste batzuetan, zuzenean estudiora joan eta bat-batean sortu izan dut, eta batzuetan oso emaitza onak eman ditu! Eta bakarkako lana oso berezia da.

Beharbada, zure lanik gogokoena?
Oso berezia da. Bakarkakoetan oso poliki joaten naiz doinuak pixkanaka biltzen, eta gero denbora asko pasatzen dut doinu horiek jotzen, behin eta berriz; eta gero erabaki dezaket grabatzea. Hiru urte eman ditzaket horrekin. Egiten ditudan musikak, kaleratzen ditudanak, oso ondo ezagutu behar ditut, eta horrek bere denbora behar du. Egiten denetik, lantzen denetik, bere bilakaera dauka, behintzat nire barnean. Hori da beste arte klase bat: interpretazioa. Horrek daukan gozotasuna. Zuk musika egiten duzu, eta gero nabaritu egiten da zein harreman duzun musika horrekin. Horrek bere denbora behar du. Niri lasai lan egitea gustatzen zait.

Beraz, konposizioa edo interpretazioa?
Beste bati laguntzen ari zarenean hura da, nolabait, tiraka ari dena, eta zuk sortzen duzunean zurea da ardura. Nik neurri batean inpultsoka sortzen dut. Doinu bat edo ideia bat daukadanean, grabatu egiten dut: grabaketa hori asko entzuten dut eta pentsatzen dut: “Hau nola izan liteke? Zein instrumenturekin?”. Beti abiatzen da dena grabaketa batetik.

Badira helburu politiko batekin musika sortzen dutenak; mezu bat transmititu nahi dutenak; edertasunaren bila aritzeko egiten dutenak… Zuk helburu zehatzen bat ba al duzu sortzerakoan?
Ez dut horretan pentsatzen, egia esan. Egia da doinu bakoitzak bere sentsazioak transmititzen dituela, baina iruditzen zait doinu bakoitzak pertsona bakoitzarengan eragiten duela, bakoitzak bere mundura eramaten duela. Ez zait gustatzen zuzenean hau erlazionatzea horrekin. Gainera, bat-bateko doinuak dira, eta misterio hori gustatzen zait bere horretan uztea, ahalik eta gehien.

Urteak daramatzazu musika sortzen. Musikari gisa bilakaera sumatuko zenuen, ezta?
Bederatzi urte nituela hasi nintzen eta, noski, gauza asko aldatu dira: adibidez, musikaren ezaugarri bat gustatzen zaidana da nola denbora pasatu ahala interpretazio bat aldatzen den. Bada beste kontu bat ere: gero eta kontzienteago naiz ekitaldi bakoitza berezia dela, eta horri bere balioa ematen eta hor ahalik eta kontzienteen izaten ahalegintzen naiz. Urte askoan ez dut hori gehiegi baloratu, baina orain gero eta garrantzi gehiago ematen diot.

Musikaria bai, baina musika irakaslea ere bazara. Alderdi horrek zer ematen dizu?
Biolontxeloa eta esku-soinua irakasten ditut Ordiziako eta Zumarragako musika eskoletan, haurrei eta helduei, eta asko gustatzen zait lan hori. Asko gustatzen zait instrumentuarekiko harremana, kontziente izatea, zure gorputza asko behatzea. Instrumentu bat jotzen ikasteko teknika asko eta lan asko behar da, eta nahiko nuke ikasleak izatea horren ahalik eta kontzienteen. Lan egin dezatela barnera begiratuta eta pentsatuz zer sentsazio sortzen duen jotzeak. Esanez: “Instrumentua zuk zeuk jotzen duzu eta ikus ezazu zure buruan zer gertatzen den instrumentua jotzen duzun bitartean”. Erakutsi digute “ondo jo behar da, ondo jo behar da”, baina ondo jotzea zer da? Noski, ondo jo behar da: afinatuta. Baina ez da hori bakarrik. “Zu nola zaude?”. Ez da kanporako lana bakarrik, baita barrura begirakoa ere. Alor hori ikasleekin lantzea asko gustatzen zait, bakoitza mundu bat da. Gainera, biolontxeloa bezalako instrumentu batek hainbeste eskatzen dizu, eta batzuetan hain da basatia… Jarrera asko landu behar da, eta zuzenean jotzeko orduan ere, ez da hainbeste hobetoxeago zauden edo ez, baizik eta nola zauden jotzen duzun bitartean, eta zuk barruan duzun hori ateratzea: musika bide bat da, baina benetan iturria non dago? Musika bizitzen laguntzen duen elikagaia da”.

 

Iruzkina idatzi

Izan zaitez lehena iruzkina uzten!

Harpidetu
avatar