Leire Bilbao: “Poesia da nire genero naturala”

0

Poesiagintzan sentitzen da bere terrenoan Leire Bilbao (Ondarroa, 1978). Bi poema liburu ditu kalean –Ezkatak (Susa, 2011) eta Scanner (Susa, 2011)–, eta azken urteetan, haur eta gazte literaturaren eremuan jarraitu du obra osatzen. Haurrentzako poesiari heldu zion iaz estreinakoz, proiektu bakarra osatzen duen argitalpen bikoitzarekin: Xomorropoemak eta beste piztia batzuk eta Piztiapoemak eta beste xomorro batzuk. Haur txikiagoentzat pentsatuak dira lehenengoko poemak, eta helduxeagoentzat bigarrenak. Euskadi Saria irabazi du lehen lanarekin –liburu bakarra saritu daitekeela diote oinarriek–, eta Espainiako Sari Nazionala irabaztetik boto bakarrera gelditu da. Maite Mutuberria ilustratzailearekin osatu du proiektua, eta Pamiela etxeak argitaratu du. Laster helduko dira lehen itzulpenak: Bilbaok berak eta Miren Agur Meabek eraman dituzte poemak gaztelaniara, eta galegora eramango ditu Isaac Xubinek.

Xomorropoemak eta beste piztia batzuk lanarekin Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi saria irabazi duzu. Nola jaso duzu saria?
2006an atera nintzen literaturaren plazara; 11 urte pasa dira, eta horren aitortza bezala jaso dut. Errekonozimendu bezala batetik, baina baita proiektu baten defentsa gisara ere: sinetsita nago umeek literaturarekin duten lehen kontaktua poesiarekin dela. Hitzaren bitartez hurbiltzen gara haiengana, baita jaio aurretik ere. Adibidez, lo kantuak kantatzen dizkiegunean, ez al dira horiek poesia? Hitzarekin erakusten diegu gertutasuna, eta hitzarekin egiten dugu lehenengo jolas. Horren defentsan nago.

Haurrak irakurle bihurtzen direnean, ordea, poesiaren katea hausten dela diozu. 
Bai. Irakurtzen irakasten diegunean, normalean, sei urtetik aurrera, narratiba eskaintzen zaie. Hasiera, garapena eta amaiera duen narrazio bat ematen zaie; hari logiko bat izango duen istorio itxi bat, horrekin errazago esplikatzeko mundua. Eta hor alde batera uzten dugu mundu berriak sortzeko aukera eta hitzaren jolasa.
Kasu bat pasatu zitzaidan, haur nagusiak hiru urte zituenean, ipuinak kontatzen ari nintzaiola, “ama, argia piztu” esan nahi zidan, baina bere hizkuntza garatzen ari zen, eta esan zidan “ama, amatatu iluna”. Hor bi gauzez konturatu nintzen; bata, umeak beti izango direla gu baino poeta hobeak, eta bestea, poesiak beti mundu ikuskera berriak irekitzen dituela.

Poesiaren katea ez eteteko nahi horretan kokatzen da xomorro eta piztien proiektu hau?
Bai, batez ere, poesiarekiko beldurrak uxatzeko asmoan. Nagusitzen goazen ahala, jende askok erabiltzen du aitzakia moduan poesia oso gauza zaila dela. Pertzepzioa dago poesia zerbait metafisikoa dela, ezin dena eskuekin ukitu, jende jasoago batentzat dela. Baina ez; poesia izan daiteke zerbait ludikoa, jostagarria. Azkenean, hainbat eta hainbat kantu poemak dira, eta eurekin bizi gara. Badago hor hari fin bat.

Nola eragin dezake poesiak haur batengan?
Hizkuntza garatzeko baliabide bat da haurrarentzat, hiztegia zabaltzekoa. Poema guztiek ez dute zertan, baina errima eta erritmoa dutenek lantzen dute oratoria, eta baita memoria ere. Eta hor sartzen da ahozko tradizioa, mendeetan egon dena. Euskal Herrian bertsolaritza daukagu gertu. Poesiak balio dio haurrari ez mugatzeko dena hari logiko batera. Irudimena elikatzeko balio du.

Nolakoa izan da sormen prozesua, oro har?
Testuak pilatzen joan ahala hasi nintzen forma ematen. Argi nuen haurrentzako poesia idaztera ausartuko nintzela, eta animaliak baliatuko nituela; tradizio literario askotan animaliek hitz egiten dute, baita euskal tradizioan ere. Egitura ere argi neukan, eta sortu ahala konturatu nintzen poema batzuk txikiagoentzako zirela eta beste batzuk nagusiagoentzako. Keinu asko daukate bata bestearekin, eta proiektu bakar bezala sentitzen dut.
Hasieratik neukan garbi Maite Mutuberriarekin lan egin nahi nuela. Aurretik egina genuen Gerrak ez du izenik, konexio ona izan genuen. Bera izan da denbora luzean poemon irakurle bakarra. Gogoratzen dut batu ginela neguko egun euritsu batez, banan-banan buruan genituen ideiak paperean biltzen. Lan zoragarria egin du.

Maite Mutuberria elkarrizketatu zen, hain justu, aldizkari honen aurreko zenbakian. Bertan aldarrikatzen zuen idazleak askotan nahi izaten duela ilustratzaileak egitea berak buruan duena, baina ezinezkoa dela.
Hala da, ezinezkoa da. Ilustratzaileari aske laga behar zaio, izan behar du askatasun hori liburuari bere begirada jartzeko. Testuak nireak dira, baina hau bion arteko proiektu bezala defendatzen dut. Nik kontatzen dut, baina berak ere kontatzen du.

Errima, erritmoa, onomatopeiak… jostaria eta bizi-bizia da proiektua hizkuntza aldetik. Ahozko tradizioa nolabait zaintzeko eremua izan daiteke haur poesiarena?
Niretzat garrantzitsua zen liburu hauek egiterakoan tradizioa baliatzea transmisiorako, gaur egungo kontuak kontatzeko. Poesiak ere balio du, begietatik ez ezik, belarrietatik ere irakurtzeko. Hori ere garrantzitsua da; denoi ahaztu zaigu belarrietatik irakurtzen. Zentzu horretan musikalitate bat bilatu dut poemetan.

Animalien bidez eta tonu jostariz, baina eguneroko bizitzaren gaiak lantzen dira, azken finean.
Bi liburuak oinarritzen dira bestiario poetiko batean; animaliak jarri nahi nituen bizitzaz hitz egiten: maitasunaz, heriotzaz… Egitura erraz etorri zitzaidan; hegaztiak, narrastiak, orrolariak eta uretakoak. Hori baliatu dut bi liburuetan.
Adibidez, heriotza bada gai bat ez dena erraza haurrei azaltzen. Badago poema bat oso laburra, Errepidea deitzen dena, eta esaten du: Igelak zeharkatu du errepidea. / Errepideak zeharkatu du igela. Eta kitto. Edo, zer da denbora umeentzat? Leihoaren bestaldetik aldentzen den eulia da denbora. Edo badago tximeletak dituen sinonimo guztiekin osatutako poema bat; nola joaten diren igela, tximeleta, armiarma, eta herriz herri hartzen du izen berri bat eta hautsa bere hegoetan. Hau da, ibilian ibiliak ematen duela ezagutza.

Haur eta gazte literaturan baduzu ibilbide bat jada. Zertan izan da ezberdina lan hau?
Nik poesia idatzi nahi nuela sentitu nuen. Orduan hamalau hileko ume bat neukan, eta ez neukan astirik nagusientzako poesia idazteko, berez egitera ohitua nagoena. Poesia da nire genero naturala, uste dut. Nire buruari esan nion umea banuen eta poesia idatzi nahi banuen, beti errespetu handia eman zidan horretan, haurrentzako poesian, ausartu behar nuela. Momentua zela ikusi nuen. Bigarren haurra ere etorri zen, eta euren bidetik asko ikasi dut.

Haur eta gazte literaturan guraso, irakasle eta inguruko eragileen papera nola ikusten duzu?
Helduen inplikazioa beharrezkoa da, irakurtzen ikasteko laguntza behar du umeak. Baina aurretik irakurri behar zaio, belarritik jaso behar du lehenago hizkuntza. Garrantzitsua da umea altzoan hartu eta mundua beste batzuen hitzetatik erakustea, jolaserako eta transmisiorako. Ume bati ez badiozu eskuan baloi bat jartzen nekez arituko da baloiarekin gero. Eta horri erraz egiten du jendeak. Ume bati badiozu liburu bat ipintzen, ba berdin.

Jartzen zaie, oro har?
Haurrentzako poesiarekiko egia da beti izan dela beldur bat edo erresistentzia bat. Haur literatura ari da ikastetxeetan lantzen, baina tira. Galtzagorri elkartean, adibidez, badaude proiektu oso politak, Bularretik Mintzora, esaterako; liburutegiz liburutegi joaten dira umeekin saioak egiten. Beharrezkoa da, baina sekula ez da nahikoa. Literatura beti izan da kontu minoritario bat, ez dago, esaterako, kirolaren mailan, inondik ere.

Nolabaiteko infantilizazioa izan dezake arrisku haur eta gazte literaturak, ez hartzea kontu serio eta asketzat.
Askotan galdetzen dizute haurrei zein mezu nahi diezun transmititu. Eta askotan ez duzu mezurik. Ni ez naiz inor hau edo beste esateko haurrari. Lan hau hitzaren jolasaren eta mundu ikuskera baten aldarrikapen bat da. Ez dago mezurik. Norberak norbere begietatik pasa dezala, eta interpretatzen duen horrekin gera dadila.

Idazle moduan, zer eman dizu haurrentzako sortzeak?
Poztasun asko. Mundua umeen begiekin ikustea, hitzekin jolastea, gaur egunetik gogoratzea ni nintzen ume horrek nola ikusten zuen mundua. Aurretik dugun tradizioa erabili, eta norbere sorreretara bueltatze bat.

Helduen literaturatik haur literaturara igarotzeagatik sentiarazi dizute inoiz bigarren mailako literatura egitera igaro izanaren antzekorik?
Ez. Poesia idazten dugunok defendatzen dugu poesia 0 urtetik 99ra dela. Niri denbora eskatzen dit poesia idazteak. Sentitzen dut hitzen ekonomia bat dela, kentzea, kentzea, soiltasunaren bila. Hau sortu nuenean, benetan, helduentzako poemak egin nahi nituen, baina egoera pertsonalak bideratu ninduen haurrentzako poemak egitera. Orain ere ari naiz nagusientzako poemak idazten, baina esan dezaket helduentzako poemak idatzi bitartean haurrentzako poemak eta ipuinak sortu ditudala, eta neuri batak ez didala bestea kentzen. Sentitzen dut tempo ezberdina dutela. Pausaleku ezberdin bat eskaintzen didate. Prestigio gutxiago dauka haur literaturak, baina etorkizuneko irakurleak sortzen ari gara, eta nik ondo pasatzen dut haur literatura egiten. Salto egiten dut batetik bestera, kontatu nahi dudanaren arabera betiere.

Tonu jostaria umeentzako poemetan eta gordinagoa helduentzat?
Pertsonalki hala ateratzen zait. Haurrentzako poemetan nire tonua alaia eta ludikoa da, eta onartzen dut helduentzat idazten direnak intimoagoak direla, odoltsuagoak, gorputzetik idatzitakoak.

Bazabiltza horrekin orduan?
Bai, aterako dira. Noizbait luze batean.

Banketxe batean egiten duzu lan. Euskadi Sarien banaketan aipatu zenuen ez duzula leihorik lan lekuan, eta literatura dela zuretzat leiho.
Bai. Banketxeek ez daukate leihorik, eta izatekotan, barrote batzuekin, segurtasunagatik. Nolabait esateko, ekonomian poesia bilatzen dut, eta poesian ekonomia. Poesian ahalik eta hitz gutxienekin gehiena esaten saiatzen naiz, eta banketxe baten eguneroko lanean tarteka egoten diren une poetikoak bilatzen. Horiei eutsi behar.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu