Joxe Azurmendik lan berria aurkeztuko du otsailaren 2an

0

Multikulturalismoa eta mestizajea edota herri zapalduek izan duten autogorrotorako joera landu ditu Zemagako idazleak saiakera laburren bilduma honetan

Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk titulupean kaleratu du Joxe Azurmendik bere lan berria. Lau saiakera labur bildu ditu Zegamako idazleak ale berri honetan. Elkar argitaletxeak otsailaren 2rako iragarri du liburuaren aurkezpena, goizeko 11:00etan Donostiako Elkar aretoan.

Sinopsia
Liburu hau osatzen duten saioetako bat multikulturalismoaz eta mestizajeaz ari da, globalizazioaz eta unibertsaltasunaz, négritude mugimenduaren historiatik abiatuz eta gaur egungo hirietaraino etorriz; beste batean, herri zapalduek oro har autogorrotorako izan duten joera erakusten zaigu, judu zenbaitek bere jatorriaz izan duten jokabidearen argitan: dela mespretxu eta ukoa, dela itxurazko goratze baina izatezko ahaztura; hurrengo batek historiaren objektua beti eraikuntza bat dela gogorarazten digu, eta iragan asmatuak herri baten sorreran eta bilakaeran daukan garrantzia azpimarratu, hainbat adibide erabiliz: Asterix galiarraren balentriak, Karlos V.a enperadorearen genealogiak, mito zaharrak eta utopia berriak…

Publizitatea

Lau saiakera labur, egileak ohi duen estilo ñabar eta bizian, edukietan jantzia eta tonuan zirikatzailea, arrazoiketan malgu baina usteetan finko, erreferentzietan kosmopolita eta keinuetan etxeko. Izan ere, zernahitaz ari dela ere, gutaz ari baita beti Azurmendi, oroipenez eta itxaropenez bizirik jarraitu nahi duen euskal herri baldar baina hala ere maite honetaz.

 

Iruzkina idatzi

Izan zaitez lehena iruzkina uzten!

Harpidetu
avatar