Ana I. Morales: “Astintzen zaituzten ipuinak dira, baina uste dut astinduak ondo datozela gauzez jabetua egoteko”

0

Literatura mundura hurbiltzeko modurik zuzenean izan ohi da askotan, eta Ana Isabel Moralesek (Bilbo, 1969) itzulitako Kristo irakiarra liburuak (Pasazaite, 2017) Irakeko errealitatera gerturatzen gaitu, nahiz eta horretara soilik ez mugatu, Hassan Blasim idazle irakiarrak hari fantastiko bat ere erakusten baitigu hamahiru ipuin hauetan. Moralesek hainbat liburu itzuli ditu euskarara, eta Jasone Larrinagarekin batera Xerezaderen artxiboa sortu zuen duela bost urte. Orduz geroztik ehun audio inguru bildu dituzte web gune horretan, ipuinak irakurri ordez modu dramatizatu batean entzuteko aukera emanez.

Nola heldu zen Hassan Blasimen liburu hau zure eskuetara?
Nik ez nuen hautatu, editoreak aukeratu ninduen. Hassan Blasim ez nuen ezagutzen Pasazaite argitaletxeko Xabier Queiruga editoreak liburua itzultzeko proposamenarekin idatzi zidan arte. Zorte handia izan da niretzat, sekulako deskubrimendua izan baita.

Beste hainbat liburu ere itzuli duzu. Zeren arabera egiten duzu hautaketa?
Itzuli nuen lehenengo liburua neurri batean hautaketa bat izan zela esan daiteke, Literatura Unibertsala bildumakoa izan zelako. Programa horren barruan Eusko Jaurlaritzak zerrenda bat ateratzen du. Jendeak zertara aurkeztu nahi duen aukeratzen du, gero lagin bat aurkezteko. Lehiaketa bat da. Zerrenda horretan zegoen eta gustukoa nuen liburu bat aukeratu nuen: Jane Austenen Harrotasuna eta aurrejuzguak. Gero gertatzen da itzuli duzun liburu horren gisako beste eskaintza bat egiten dizutela, ildo berekoa edo autore beraren beste bat, esaterako. Dena dela, nahiz eta itzultzen ari zaren autorea ez gustatu edo esaten duenaren kontra egon, beti gustatzen zait itzultzea, hori ere erronka bat delako.

Publizitatea

Zein autore itzultzea gustatuko litzaizuke?
Jane Austenen liburu gehiago. Baina, aldi berean, desiratzen nago ezezagunak zaizkidan autore berriak deskubritzeko, Blasimen kasuan bezala.

Irakurleak zer nolako jarrera eduki behar du Kriston irakiarra liburuaren aurrean?
Beharbada, lagun bati gomendio bat egiten diozunean bezala, irakurleari ere abisatuko nioke aurkituko duen horren inguruan, tolerantzia gehiago edo gutxiago izango duelako era honetako literaturarako. Blasimen liburuan emozio fuerteak aurkituko ditu. Eta topatuko du halako hari fantastiko bat ere. Alde batetik, beraz, badaude ipuin batzuk kokatuta daudenak gehienetan oso testuinguru erreal eta konkretu batean, hau da, egungo Iraken, eta baten bat baita Finlandian ere. Horietan gertuko pertsonaiak aurkituko ditu: kazetariak, idazleak edo zerbitzariak. Baina, aldi berean, topatuko ditu oso pasarte gordinak, biolentzia handikoak. Gero badago hari fantastiko hori ere: bat-batean ezustekoak gertatzen dira, magikoak diren gauzak. Nik uste ipuin batean izan ezik beste guztietan gertatzen direla horrelako gauzak, esplikazio errazik ez daukatenak.

Inoiz irakurri ditudan liburu gogorrenetako bat da.
Baita niretzat ere. Baina ez da liburu sentsazionalista, nire ustez ez delako xehetasunetan sartzen. Batzuetan esaldia irakurri eta gero atzera egin behar duzu ikusteko ea ongi irakurri duzun, lau hitzetan sekulako zartakoa ematen baitizu aurpegian, eta esaten duzu: “Hau ondo irakurri al dut?”. Alde hori liburu honen bertuteetako bat dela uste dut, horrela erakusten duelako zein egunerokoa den biolentzia, ez baitu egiten parafernalia handiko kontaketa bat. Gauza bortitz bat kontatzen dizu ez dakit nor azokara joan dela azaltzen dizun bezala. Segida berean. Eta horrela egiteak oso ongi islatzen du biolentzia zein txertatua dagoen eguneroko bizitzan.

Gerra ere oso presente dago, ezta?
Bai, alde batetik eguneroko biolentzia hori dago, non-nahi aurki dezakezuna, baina badago hiru gerra arok markatutakoa ere: Iran-Iraken arteko gerra izan zen lehenengoa, 80ko hamarkadan eman zena. Saddam Husseinen diktadura ere garai hartan hasi zen. Golkoko lehenengo gerra izan zen hurrengoa, 90eko hamarkadan, Irak eta Estatu Batuen artean, Irakek Kuwait inbaditu eta Estatu Batuek Iraki gerra deklaratzean. Eta 2003an iritsi zen hirugarrena, Dorre Bikien kontrako erasoaren ostean, inbasio eta okupazio amerikarra, Irak “suntsipen handiko armak” izateaz akusatu ondoren. Belaunaldi batek ez du besterik ezagutu. Hala ere, eta hori ere liburu honen bertute bat dela iruditzen zait, Blasimek albistegietan agertzen ez den beste alde bat ere ematen du ezagutzera, gordintasun horren guztiaren aurrean ikusten baituzu futbol partidez gozatzeko elkartzen den jendea; beraien zaletasun bitxi eta esplikaezin bat partekatzeko elkartzen dena, aiztoen ipuinean gertatzen den bezala. Edo badago unibertsitateko irakasle bat ospitalean dagoena eta ospitaletik ateratzeko izugarrizko gogoa duena unibertsitatean zientzia fikziozko literaturari buruzko departamendu bat muntatu nahi duelako. Biolentziaz gain, beraz, askotariko interesak dituen jendea dago, eta ikusten da elkartasuna, maitasuna…

Baina horrelako pertsonaia asko daudela iruditzen al zaizu?
Aiztoen ipuinean, adibidez, badago futbol entrenatzaile bat umeak entrenatzen dituena. Gerrara ez joaten saiatu zen, baina joan eta hankak mutilatuta itzuli zen. Gero sekta batek atxilotzen du ustez pornografia salerosketan dabilelako, eta sekulako heriotza gogorra ematen diote. Hil aurretik gurpildun aulki batean entrenatzaile bezala zebilen: horrelako pertsonaia xamurrak badaude. Eta hori ere erakusten du liburu honek. Gainera, pertsonaia poliedrikoak dira, ez soilik erasotzaile suizidak, telebistak aurkezten digun irudi monokromo horretatik urrun.

Zein da gehien markatu zaituen ipuina?
Kristo irakiarra. Askotan akordatzen naiz ipuin horretaz, egia esan, eraso suizida bat egon dela entzuten dudan bakoitzean, hor ikusten duzulako eraso suizida baten inguru oso poliedrikoa. Ikusten duzu jendea jatetxe batean gustura bazkaltzen gu hemen edozein igandetan egon gaitezkeen bezala, ikusten duzu umore beltz ikaragarria daukan zerbitzari bat, jaki guztiak arma izenekin identifikatzen dituena. Eta gero ezagutzen duzu erasotzaile suizida, ezagutzen duzu zein testuingurutatik datorren ere, ezagutzen duzu bere ama salbatzeko sakrifizio hori egiteko prest dagoela, ama zahar eta ezindua, burua galduta daukana. Semeak, gero erasotzaile suizida izanen denak, zer nolako xamurtasunarekin zaintzen duen erakusten dizu Blasimek: nola biltzen dion janaria zaporeak konbinatzeko… Hor badago maitasun handiko pasarte bat. Kasu honetan erasotzaile suizida bihurtzea segundo bateko erabakia da. Astintzen zaituzten ipuinak dira, baina nik uste dut astinduak ondo datozela gauzez jabetua egoteko.

Erakukusten digun liburu bat da, beraz.
Bai. Nik uste dut osatuago geratzen zarela liburu hau irakurri eta gero, hasi aurretik zeundena baino.

Informazioaren aro honeta, komunikabideen eta literaturaren arteko eztabaidari erreparatuz, ni gertuago sentitu naiz liburuak eskaintzen duen Irakeko errealitate horretatik albisteek ematen dizkiguten piluletatik baino.
Jakina, dudarik gabe. Pilula horien atzean gauza gehiago daude. Eta uste dut pertsona heldu bezala erakusten dituela Blasimek, zeren komunikabideek askotan aipatzen dute erasotzaile suizida eta hiltzen den jendea, eta badirudi horiek silueta batzuk besterik ez direla, baina liburuan trataera duin bat hartzen duten pertsonak dira. Eta nola gerrara joatea eta ez joatea beraien esku ere ez dagoen, hori ere ikusten da.

Istorioak kontatzeko beharrak protagonismo handia du ipuin hauetan, ezta?
Bai, oso gauza nabarmena da gainera kontatzeko grina obsesibo hori. Liburua istorioz beteta dago, istorioak kontatzen dituzten pertsonen istorioz. Ipuin bat hasten den bakoitzean agertzen dira pertsonaia batzuk eta bakoitzak istorio bat kontatzen du. Kontatzen dute animaliek, kontatzen dute hildakoek, hildakoak beste munduan elkartzen direnean ere elkarri istorioak kontatzen dizkiote eta norbait hiltzen denean, beste bizidun baten gorpuan sartzen da eta bere istorioa kontatzen dio.

Bere elkarrizketetan ere horren inguruan mintzatu da Hassan Blasim.
Bai. Blasimek esaten du irakiar bakoitzak gutxienez bost edo sei istorio dauzkala kontatzeko, eta atentatu bad dagoenean eta 70 pertsona hil direnean, titularra hori izan arren, horrekin 70 bizitza joan direla, bakoitza bere istorioekin. Istorio horiek kontatzeke daude, baina kontatu behar dira. Horregatik liburu honetan azaltzen da kontatzeko premia obsesiboa. Nonbait irakurri nuen liburu honek erakusten duela Irak okupatua egongo dela, baina ez, ordea, bertako istorioak. Badirudi liburu honetan autoreak ez duela amore eman nahi hitzaren okupazioan: lurralde hau gerrak inarrosita dago, gure etxean sartu dira, gugatik hitz egiten dute albisteetan, gure irudi monokolore bat erakusten dute, baina ez dut amore emango narrazioaren okupazioan.

Liburuek ipuin hauetan daukaten garrantzia ere azpimarragarria da.
Bai, liburuek eta jakinduriak. Hassan Blasimi elkarrizketa batean entzun diot Irakeko jendearentzat liburu nolabait bakearen sinboloa dela, liburuak irakurri ahal ziren garaia gogoratzen dutela garai baketsu bezala, eta gerra garaian hori babesleku bat dela. Errespetu handia zaie liburuei, jakituria eta bakea sinbolizatzen dute.

Kristo irakiarra ipuinean badago esaldi bat honakoa dioena: “Zelan bateratu ditzaket nire bizitza pribatua eta mundu bat nire begien aurrean hondoratzen ari den kontzientzia?”. Liburua laburbiltzen duela iruditzen zaizu?
Nik uste dut hor autorea ari dela hitz egiten. Gizon honek ihes egin zuen Bagdadetik. Berak zinemagintza ikasi zuen han eta ikasle zen garaian nabarmendu zen: dokumental batzuk egin eta sari batzuk irabazi zituen. Sadam Husseinen garaia zen eta berehala hasi zitzaion polizia aztetik bere dokumentaletan agertzen zelako pobrezia, agintearentzat gustukoa ez zen Iraken irudia, alegia. Irakeko Kurdistanera ihes egin zuen eta han jarraitu zuen zinema egiten, baina izena aldatuta. Bere familia arriskuan zegoenez, ihesean jarraitu zuen, eta orduan ibilbide penagarri bati ekin zion: herrialdez herrialde mugak zeharkatzeari. Esaldi horretara itzuliz, iruditzen zait liburuan ikusten dela egoera gordin batetik joandakoek barruan zauri bat daramatela, nolabaiteko erru sentimendu bat: han gelditu direnengatik, edo bidean egin behar izan dituzten gauzengatik.

XXI. mendeko erreuxiatuen istorioa da, ezta?
Bai. Leku batera heltzen zen eta lan negargarrietan aritzen zen muga pasatzeko laguntzeko mafia bat ordaintzeko dirua bildu arte. Horrela ibili zen Irakeko Kurdistanetik Iranera, Iranetik Turkiara, Turkiatik Bulgariara, eta Bulgariatik berriro bidali zuten atzera Turkiara.

Liburuan aipatzen dena, beraz, erreala da.
Ez dakit berari hori konkretuki gertatu zaion, baina argi dago, Blasimi entzun diodalako, horiek direla berak bizi izan dituen egoerak. Adibidez, esaten du mugak gauez pasatzen ahalegintzen zirela errazagoa zelako eta neguan egiten saiatzen zirela, hotza egiten dudnez soldaduak ez daudelako hain gainean. Baina baldintzak askoz ere gogorragoak dira. Berak aipatzen du, uste dut Bulgariatik Turkiara bueltan bidali zituztenean, egoera horietan mugako poliziek krudelkeria mugagabea daukatela: gaua da, ez dago kamerarik, ez dago kazetaririk, eta edozer egiten dute sadismoz.

Bagdadetik Finlandiara oinez joan al zen?
Finlandiara nola iritsi zen galdetzen diotenean zera esaten du: “Oinez joan nintzen eta lau urte igaro nituen bidean”. Oso gizon umoretsua da. Harrigarria da benetan berak ezagutu dituen eta kontatzen dituen gauzek halako umorea izatea.

Iraken askorentzat pertsona gorrotatua al da Hassam Blasim?
Bai, tabu asko apurtzen baititu. Politikoki etsai asko ditu, berba egiten duelako ez bakarrik Sadam Husseinen kontra, baita amerikanoen okupazioaren kontra eta hierarkia eklesiastikoaren eta egungo gobernuaren ustelkeriaren aurka ere. Horrez gain, kultura arabiarreko tabu asko hausten ditu: sexua, adibidez, eta erlijioa. Hizkuntzaren aldetik ere tabu asko apurtzen ditu. Horregatik, idazle zikina dela leporatzen diote. Aldi berean, jarraitzaile arabiar asko ditu, eta irakiarrak, baina aginteak ez du gustuko: ez erlijiosoak, ezta politikoak ere.

Jainkoari buruzko Otsoa izeneko ipuinean zera dio: “Jainkoa basamortu itzela baino ez da”.
Bada, pentsa ezazu, hori botatzea sekulakoa da. Berak azaltzen du Iraken bizi zenean mehatxatua eta zentsuratua sentitzen zela polizia atzetik izaten zuelako, eta baita bertako kontserbadurismoagatik ere: ezin zuen idatzi berak nahi zuen gauzei buruz eta nahi zuen hizkuntza mota erabiliz. Zentsura hori jasanezina egin zitzaiola dio, beldurra sartu ziotela gorputzean. Ihes egin zuenean Interneten idazteari ekin zion eta lehendabiziko aldiz askatasun osoa han aurkitu zuela esaten du. Zazpi urte eman zituen bakarrik Interneten idazten. Horrela diasporako irakiarrekin jartzen zen harremanetan eta truke horrek arnasa ematen omen zion.

“Ezin daiteke edertasuna ulertu barruko sosegurik gabe eta ezin daiteke egiara hurbildu beldurrik gabe”. Gogoeta hau ere irakurri dezakegu Beto maitea ipuinean. 
Aipatu duzun lehenengo esaldiaren oso paraleloa da. Nola bilatu dezaket bakea nire aurrean erortzen ari den mundu baten aurrean? Nola barnebildu naiteke? Baina hori barik, zer egin dezaket? Nola kontatuko dizkiot istorio hauek munduari ez badut sosegua hartzen, ez banaiz Finlandiara joaten? Eta ez dut nahi biografiara pasatu, baina uste dut oreka hori zaila dela, errudun sentitzea bakea bilatzeagatik, inguruan zer gertatzen ari den badakizunean. Baina bestalde, ez baduzu zure superbibentzia bermatzen ezin izango duzu ezer kontatu. Nik esango nioke: “Zuri esker dakizkigu gauza horiek guztiak”.

Iruzkina idatzi

Izan zaitez lehena iruzkina uzten!

Harpidetu
avatar
wpDiscuz