Beatriz Chivite: “Pekinen euskaraz idazteak intimitatea ematen zidan, nire lagunek ez zuten ezer ulertzen, eta nire erroetara itzultzen nintzen”

0

Hamasei urterekin atera zituen oinak Euskal Herritik Beatriz Chivite Ezkietak (Iruñea, 1991), eta ibilian ibilian, Italia, Txina, Nepal, Eskozia, Taiwan, Londres izan ditu bizileku azken urteetan. Kanpora joan aurretik irabazi zuen lehen literatur saria Galdutako ispiluaknarrazioarekin 2007an. Errenkadan etorri dira ondorengoak: Pekineko kea (Iruñeko Udalaren egile berrientzako poesia-saria, 2012), Metro (2014ko Arabako Foru Aldundiaren Ernestina Champourcin saria eta 2015eko Lauaxeta saria) eta Biennale (Blas de Otero saria, 2016) lanekin. Pekineko keaPamielarekin argitaratu du aurten, eta Biennale ere udazkenean plazaratuko du Erein argitaletxeak.

Iruñarra zara jaiotzez, baina gaztetatik munduan barrena zabiltza.
Jada hamaika urte dira Iruñetik joan nintzenetik. Lehenengo Italiara joan nintzen batxilergo internazionala egitera, eta nire hango klase kide bat Nepalekoa zenez, Nepalen bukatu nuen batxilergoa. Gero, Londresera joan nintzen Txinatar Filolofia eta Ekialdeko Arte Historia egitera. Ordutik aurrera Asian ibili naiz, batik bat.

Hortik datorkizu ekialdeko kulturarekiko zaletasuna?
Aurretik ere baneukan. 17 urte ingururekin izugarri gustatzen zitzaidan budismoa eta hango kultura eta artea. Orain ere asko maite dut ekialdeko kultura, baina zama bat ere bada: Bea=Aisia da. Nire curriculum osoak badauka asiar azpititulua, edozein lanetarako beti esaten didate: zu hobeto Txinara, Erromara baino.

Eta Indonesiara zoaz orain.
Bai, Espainiako enbaxadan lan egitera, kultur kudeatzaile postu batean. Kultur diplomazian sartuko naiz. Ez dakit Indonesiari buruz asko, Indonesia eta Filipinetan neskame pila bat daudela, Hong Kong, Israel eta Abu Dabira joaten direnak; hori da dakidan bakarra, master amaierako lana horretaz egin nuelako.

Aipatu duzu ekialdeko kulturen marka daramazula. Guraso biak –Fernando Chivite eta Isabel Ezkieta– idazle izatea izan daiteke beste marka bat?
Agian. Txkitatik gustatu izan zait irakurtzea, nire etxea liburuz beteta dago, nire gurasoen lagun guztiak dira itzultzaileak, idazleak… Mundu horretan hazi naiz.

Zure testu propioak idazten bidaietako egunerokoen bide hasi zinela irakurri dut.
Bai. 14-15 urterekin, Italiara joan aurretik ipuintxoak idazten nituen. Italian ez nuen deus idatzi, eta Nepalen bai, egunerokoak, eskutitzak… Pekinen hasi nintzen olerkiak idazten, eta euskaraz, galtzen ari nintzelako. Euskaraz idazteak intimitatea ematen zidan, nire lagunek ez zuten ezer ulertzen, eta nire erroetara itzultzen nintzen. Kanpoan izanda, nire etxe pertsonala hizkuntza izan da. Agian, hamasei urterekin hemen geratu izan banintz, orain ez nukeen euskaraz idatziko.

Gaztetatik lortu dituzu sariak, lehenengoa narratibarekin, gainontzean poesiarekin. Segitu duzu narratiba idazten?
Ez, eta uste dut erritmo sozialak ere baduela eragina. Lehen gauza nintzen hiru orduz jarraian irakurtzeko, eta orain ez. Internetekin ere gero eta gauza laburragoak irakurtzen ditut, eta pazientzia gutxiago eta laburrerako joera nabaritzen ditut.

Zer izan dira zuretzat sariak? Idazten jarraitzeko bultzada, akaso?
Oso garrantzitsuak izan dira, hiru arrazoiengatik. Batetik, diru saria dutelako. Gazteok dirua behar dugu: lan prekarioak dauzkagu, beti alde batetik bestera, festibaletan, praktiketan, ordainsaririk gabe… Beraz, sariak asko eskertzen ditut. Bestetik, saritua izateak esan nahi du zure izena agertu gabe, lana bakarrik defenditu dela, eta jende bati gustatu zaiola. Eta hirugarrena, argitaratzeko posibilitatea ematen dutela.

Metro (2015) eta Pekineko kea (Pamiela, 2017) dituzu kalean, eta Biennale udazkenean aterako da. Antzematen duzu garapenik batetik bestera?
Beti hiriek ematen didate inspirazioa; horko pertsonek eta eszenek. Metro Londresen idatzi nuen eta erritmo azkarragoa du, beat moduko bat. Mendebaldekoagoa da, eta nahiko underground-a. Metroan idatzi nuen. Hirugarren zonan bizi nintzen. Egunero unibertsitatera joateko 50 minutu egiten nituen metroan, eta beste hainbeste itzultzeko, eta poemak guztiak hor idatzi nituen.Pekineko kea orientalagoa da, ekialdeko kulturak asko inspiratu ninduen, hango literatura asko irakurtzen ari nintzelako. Estilo hori argi ikusten da gero nire olerkietan. Eta Biennale Venezian idatzi nuen. Arte munduari eta gure errealitate prekarioari buruz hitz egiten du.

Ezegonkortasuna eta gazte prekarietatea zure gaietako bat da egun?
Bai, nire barruan bi munstro dauzkat elkarren aurka. Batek dio: abentura, beti alde batetik bestera, noraeza, aukeren bila. Eta besteak: agian finkatzeko leku bat bilatu beharko nuke, komunitate bat osatu. Ez dakit inoiz geldituko dudan bizimodu hau.

Hiriak zure musak direla esan izan duzu. Zerk egiten ditu hain erakargarri zure begietara?
Hirietan kontraste handiko eszenak ikusten dira, denetarik daukatenak, eta ezer ez daukatenak. Poesia urbano hori asko interesatzen zait, itsusiak diren gauzak, baina krudeltasunean argi bat dutenak. Hiritik kanpo, udan Esloveniako herrixka batean egon naiz Donostia Kulturak antolatzen duen Beste Hitzak programarekin, bi hilabetez. Mugei buruz idatzi dut han, Mediterraneoa eta Europako hegoaldea sufritzen ari den egoerari buruz. Poesiak ere horretaz hitz egin behar du; edertasunaz, baina baita garaiko arazoez ere.

Pekineko kea liburura itzulita, orain dela bost urte Iruñeko Udalaren egile berriendako lehiaketa irabazi zuen. Nola izan da orain argitaratzearena?
Iruñeko Udalak ez zuen argitaratu, euskal literatura batere ez zitzaion inporta orduko talde eskuindarrari. Orain, liburura eramanda, asko gustatu zait poemak berrirakurtzea. Eguneroko bat bezalakoa da poema-liburua; batzuetan lotsatzen zara, eta bestetan asko gustatzen zaizu oroitzea.

Giro hartatik urrunduta, nola gogoratzen duzu Pekin?
Pekin izugarri gustatu zitzaidan, baina kaos hutsa da, oso zikina, oso kutsatua. Baina zoriontsua nintzen. Hiria bera oso handia da, baina badaude auzo txikiak. Gogoratzen dut lagun talde handia etxetik ateratzen ginela, taxia hartu eta tabernetara joaten ginela, dantzatu, edan, eta bueltatzerakoan auzoko lakua izoztuta egoten zela, 30 gradu zero azpitik egiten zuelako. Oso hotz lehorra zen, berezia.
Mutil-lagun txinatar bat izan nuen, eta 60. hamarkadan egindako bunker batean bizi zen. Krisi sino-sobietikoa zela-eta, gerra nuklearraren beldur ziren eta bunker pila bat eraiki zituzten eraikin askotan. Oraindik ere han bizi dira probintzietatik joaten diren asko. Beste errealitate hori ikusteko aukera izan nuen lagun txinatarrarekin. Oso gaztea nintzen, hogei urte, eta asko ikasi nuen. Lagun pila bat neuzkan, eta asko edaten nuen. Festa pilabat egiten genituen. Kea da hori ere.

Esango nuke poetaren eta hiriaren arteko elkarrizketa bat ageri dela liburuan, nolabait.
Pekinen kanpokoak erakartzen ninduen, eta hiriari buruz, besteei buruz, idatzi nuen. Nire begiekin, baina kanpoko mundua. Momentuan sentitzen nuen nik ez neukala arazorik nitaz idazteko. Orain barrurako begirada gehiago daukat.

Oso motzak dira poemak gehienak. Haikuen eragina da?
Unearen eta hiriaren arabera estiloa aldatzen joan naiz. Nire olerkietan Tang dinastiako olerkiek izan dute eragina, X. mendekoek. Poema motzak dira, naturari buruzkoak, beti mozketa bat egiten dutenak. Oso xumeak dirudite, baina sakontasuna dute, ez dute errimarik, erritmoa dute. Hona iritsi zaizkigun haikuak XVII. mendeko Japoniako poesia dira, baina poeta horiek X. mendeko Txinako poesian daude oinarrituta.

Soiltasuna da beste ezaugarri bat, hizkuntzan nola gaietan.
Guztiok ezagutzen ditugun uneak dira. Agian oso eszena normala ikusten dugu, eta ez dugu ezer gehiago pentsatzen, baina ni itzaletako horren bila nabil. Eta hizkuntzarekin berdin. Erraza izan daiteke orri askoko olerkia idaztea, baina niretzat zaila murriztea da, xumetasuna aurkitzea. Dena destilatzea, ardoa bezala, esentzia ateratzea.

Still life poeman une zehatz batean hiri ezberdinetan den orduan gertatzen ari dena jaso duzu. Handik hona ibiltzeak, begirada mundura zabaldu dizu?
Komunitate globala seinalatu nahi nuen poeman. 91 herrialde ezberdinetako jendearekin ikasi nuen batxilergoa, eta mundu osoan dauzkat lagunak. Egunkaria irakurtzerakoan, berri bakoitzak aurpegi bat du niretzat. Nongoa naizen? Iruñeakoa, noski, Euskal Herrikoa, baina ikusten dut beste osotasun bat ere. Adibidez, orain Kataluniari buruz ari dira egunkariak etengabe, baina ez dituzte ikusten munduko beste auzi batzuk.

Confusión(e)/nahasmena poema hizkuntzen hibridazioaz diharduzu.
Nire buruak nola pentsatzen duen islatzen du. Hizkuntza bakoitzean errealitate ezberdinak bizi ditut: gurasoekin beti gaztelaniaz, ingelesa da nire hizkuntza akademikoa, euskara haurtzaroko lagunen hizkuntza, hor ditut txinatarra, italiera, frantsesa. Badago kontrastea, ingelesa eta txinatarra bezalako hizkuntza handietatik euskara bezalako txikietara. Baina guztiek ematen dizute aberastasun bat. Orain bahasa ikasten ari naiz, Indonesiako hizkuntza. Jende pila batek hitz egiten du, baina ez dakigu hartaz deus.

Ez al dago, oro har, ezjakintasun handia hemen Ekialdeko kulturarekiko?
Uste dugu Ekialdeko jendea oso urrunekoa eta ezberdina dela gugandik, baina berdintasun gehiago ditugu urruntasunak baino. Gero eta gehiago. Ez dakit euren jatorrizko literaturaren, zinemaren xumetasun hori ez ote den ari gugana hurbiltzen, eta Mendebaldeko ponpa amerikanizatu hau euren kulturara.

Han ere aldaketa sasoia?
Komunismotik kapitalismorako aldaketan, 1980. hamarkadan herrialde itxi batetik, herrialde irekiago batera pasatzeko tarte horretan, beste belaunaldi batzuk tartean geratu dira. Jada ez dira mundu horretakoak, ez dira Txinakoak sentitzen. Haien bilobak badituzte Iphonak eta oso teknologizatuak daude, eta eurak beste Txinan geratu dira. Kontraste handia dago. Orain txintarrek Hollywoodekoek baino diru gehiago mugitzen dute, eta hango merkatuan sartzea oso garrantzitsua da hemengo zuzendarientzat. Uste dut gero eta gehiago ikusiko dugula Txinako artea eta zinema.

Eta literatura?
Ez hainbeste, literaturak ez du hainbeste saltzen.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu