Aingeru Epaltzaren eta Xabier Mendigurenen lan berriak, Elkarreko udazkeneko nobedadeen artean

0

Ane Irazabal, Mikel Ayestaran eta Karlos Zurutuza kazetariek ondutako Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak liburua ere badakar Donostiako argitaletxeak

Haizeari begira – Jon Ariza de Miguel
Gizon bat Europako hiri txiki bateko hotel zahar batera iritsi da, egun batzuk oporretan pasatzeko asmoz. Iritsi bezain laster emakume baten errainua sumatzen du bere leihoaren pareko etxean, eta emakume hori berriro noiz ikusiko geratuko da… Literatura-ariketa liluragarri bat, umorez eta dotoreziaz idatzia.

Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak – Nikos Kazantzakis – Itzul.: Luis Berrizbeitia
XX. mendeko eleberri ospetsuenetako bat (zinema eta musikako egokitzapenei esker, besteak beste), euskaraz lehenengoz ezagutuko duguna. Intelektual zalantzatiaren eta pasioz gainezka dagoen bizizalearen arteko harremana, bizi eskola miresgarri bihurtua.

Publizitatea

Mendi-joak – Aingeru Epaltza
Eleberri-sorta gogoangarri bat egin ondoren (Erresuma eta Fedea trilogia historikoa), ipuin-bilduma batekin datorkigu Epaltza: 10 istorio, era askotako gai eta pertsonaiak dituztenak, baina inguru jakin baten jiran girotuak: mendia. Idazle iruindarraren luma bikaina piolet baten airostasun eta zorroztasunez mugitzen da aldapan gora nahiz maldan behera, giza miseriak agerian uzteko.

Neguko hondartzak – Xabier Mendiguren Elizegi
Ipuingintzara itzuli da Mendiguren, bi istorio luzez eta bi laburrez osaturiko bilduma honetan. Batetik, gure gatazka zaharraren alderdi ilun batzuk argitara dakartza, ezusteko ikuspegiz; bestetik, giza arimaren beste min batzuetan ere arakatzen du: norbere ona bilatzearen edo beste norbaiten alde sakrifikatzearen arteko zalantza, bakardadea, heriotza…

ATEKO BANDAN

Ametsondoa – Peru Magdalena
Mikroipuinen mundura egin du jauzi Magdalenak, beste literatur genero guztietan egin duen moduan: sakonean murgilduz, askatasunez, eta itsas zola horren hondotik edertasun, egia eta ontasun printzak atera nahian. Pentsarazi eta amets eginarazteko liburua, egileak berak apaindua.

Mendien Jainkoa (behin-behineko izenburua) – Alberto Ladron Arana
Bi anaia baxenabartar, Peio eta Olivier Idiart, erailik agertu dira Bortzirietako Mendaur gailurrean, biluzik eta bihotza erauzita, azteken giza sakrifizio bat bailitzan. Leire Asiain Foruzaingoko inspektorearen kasu berri bat, gure thrillergile trebeenak ohi duen maisutasunez idatzia.

URREZKO BIBLIOTEKA

Hotsa eta ardaila – William Faulkner – Itzul.: Asun Garikano
Nobela modernoaren izen handietakoa da Faulkner, eta eleberri hauxe da haren ospearen zutabe nagusietakoa: abentura baten kontakizunaren ordez, edo horren gainetik, kontakizuna bera da hemen abentura. Amerikako Estatu Batuetako hegoaldean girotua, XX. mendearen hasieran, zuriak eta beltzak beren izaera eta hizkera propioekin erretratatuak.

POESIA

Elurra ikusi dut – Xabier Lete – Koldo Izagirreren edizioa
Lete izan da gure poesia garaikidean izen nagusietako bat, bai idatziz aritu denean, bai kantuan. Alderdi biak hartu ditu kontuan Koldo Izagirrek antologia hau prestatzean. Poemak kontestualizatu ditu, batzuk besteekin harreman dialektikoan jarri, eta epilogo gogoangarri bat idatzi ere bai, Leteren alderdi eztabaidagarrienei ixkin egin gabe, poeta oiartzuarra bere osoan eta barnetasun minenean ulertzeko.

100 kanta (Jokin Zaitegi saria) – Bob Dylan – Itzul.: Gartxot Unsain
2016ko Literaturako Nobel sariak eztabaida luzea ekarri zuen, Dylan sari horrek adierazten duen bezain poeta handia den ala ez. Nolanahi ere, ez dago zalantzarik XX. mendeko musika aldatu duen artista izan dugula, eta haren kantagintzak nortasun eta edertasun berezia duela. Horren guztiaren erakusgarri ederra da 100 kantako sorta elebidun hau, Gartxot Unsainek euskaratua Jokin Zaitegi bekaren laguntzari esker.

LIBURU ILUSTRATUA

Tigre batekin bizi – Harkaitz Cano / Maite Gurrutxaga
Helduentzako ipuin edota poema grafiko bat osatu dute egileek. Metafora iradokitzaile eta indartsu baten bitartez, testuek eta marrazkiek helburutzat dute tigre batekin bizitzeak sorrarazten duen egonezina eta zirrara batetik, eta eragiten dituen hainbat galdera argitara ekartzea bestetik.

KOMIKIA

De Remur Natura 7  – Zaldieroa
Patxi Huarte “Zaldieroak” egunero marrazten dituen komiki-tiren antologia, azken bi urteei dagokiena. Gure gizartearen termometro sentimentala dira komiki xumeok, euskal jendearen bihotzaren taupadekin bat egiten duena, eta azken ale honetan leku berezia izango du Kataluniak.

ESKAFANDRA

Demokraziaren pribatizazioa – Jule Goikoetxea
Galdera nagusia bati erantzun nahi dio Goikoetxea politologoak liburu berri honetan: zer behar du herriak, aro kapitalista globalean, demokrazia gisa irauteko? Lehen kapituluetan globalizazioa,kapitalismoa eta Europar demokrazia aztertzen dira, eta azken kapituluetan, berriz, Euskal lurraldeak, federazioa eta nazioa.

Inozo etnikoak (behin-behineko izenburua) – Joxe Manuel Odriozola
Ohi duen luma zorrotzaz, euskaldunok herri gisa aurrera egiteko dugun kinka aztertzen du Odriozolak. Mendetan zehar euskalduntasun etniko bati eutsi diogu, nola-hala, gure lurraldearen zati batean, baina euskalduntasun nazional batera igaro ezean ez daukagu egiazko etorkizunik.

ALEKA

Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak – Mikel Ayestaran, Ane Irazabal, Karlos Zurutuza
Udaberri arabiarra izenpean, 2011an, herrialde arabiarrak askatasun politikoaren eta justizia sozialaren izenean altxatu ziren, bata bestearen atzetik. Baina indarkeriak demokraziak baino azkarrago egin du aurrera, eta eremu antzu bihurtu da berriz ere eremu hura. Zein testuingurutan piztu ziren iraultzak? Zer gertatu zen aldi berean eta eremu berean bata bestearen ondoren kateatzeko? Zein da herrialde horien gaur egungo argazkia? Zerk baldintzatu du iraultza kontrairaultza bihurtzea? Galdera horiei erantzutera dator liburu hau. Horretarako hiru kazetari aditurengana jo dugu: Mikel Ayestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuzak Ekialde Hurbilaren erradiografia mamitsua eskaintzen dute Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak liburuan.

LEKUKO

Haragikeria – Alberto Barandiaran, Iñigo Astiz, Miren Rubio
Urtetan ezkutuan mantendu den errealitate iluna izan da eliza barruko pederastiarena, azken urteetan argitara ateratzen ari dena munduan zehar, baita Euskal Herrian ere. Liburuaren egileek gure artean izan diren kasurik nabarmenenak ikertu dituzte, baita oso gutxi ezagutzen ziren batzuk ere. Elkarrizketa sakonak egin dituzte, nazioarteko testuingurua jaso… Kazetaritza lan bikain bezain beharrezkoa.

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Sara – Jabi Elortza
Irakaskuntza ertaineko ikastetxe batean dena ez da ikasketa, badira gertaera larriagoak ere: gazte batzuen droga-menpekotasuna, bortxaketak, abortuak… Gazteak protagonista diren nobela gordin bat, gazteek irakurtzeko.

Kastinga – Jasone Osoro
Bildumaren hasiera arrakastatsuaren ondotik, jarraipena idatzi du Jasone Osorok. Beire, Baba eta institutuko kide guztiak ikusiko ditugu berriz ere, baina oraingoan leku berezia izango du telebista saio berri baterako kastingak.

Behi zoriontsuaren errezeta – Karmelo Bizkarra, Myiriam Cordón
(Elkar-Zuhaizpe)
Gea eta Leo pozez zoratzen ibiltzen dira Lore behiarekin. Halako batean Leo gaixotu egin da, baina Loreren argibideei esker, Geak osasuna berreskuratuko du. Liburu hau, ipuin itxura duen 0-100 urte bitarteko haur, gazte eta adinekoei zuzendutako osasun-gida bat da. Osasunerako Zuhaizpe bizi-zentroan sortua izan da Karmelo Bizkarra medikuaren eskutik.

Mila bidaia munduko sukaldeetara – Txiliku / Eider Eibar (Il.)
(Mugaritz jatetxean ondutako errezeta liburuarekin)
Liburuak mila bidaia egitera eramango du irakurlea, mila bidaia horietan mila abentura bizi eta mila sukalde bisitatuz. Liburuan atalez atal josota dauden kontakizunak, ipuinak, argibideak eta errezetak, ondorengo pertsonaia hauen eskutik ezagutuko ditugu: Izaro, Izaroren familia, osaba Manex, susma ezinezko abilidadeak dituen Fifi Izaroren loroa, miss Victoria emakume dotorea, desertuaren erdian izozkiak eskainiko dituen izozki-saltzailea…

Munstro txikiak 2: Mamutxo bere gurasoen bila – Xabier Mendiguren eta Alaine Agirre / Belatz (Il.)
Munstro txikien abentura berri honetan, Mamutxok kasualitatez deskubrituko du hiltzat jotzen zituen gurasoak benetan Parisen daudela, jolas-parke batean esklabo. Bidaia horretan bizi izandako abenturak jasotzen dira ipuin honetan.

Limoiondoaren loreak – Lur Gallastegi / Susana Martin (Il.)
Luna eta Violeta, Claudia eta Daniela ama-alabek, Iñaxirekin batera familia bat osatzen dute. Elkarrekin bizitzen jarri ziren, Iñaki gaixotu ondoren. Violetak, ordea, ustekabean bidaia egin behar du sorterrira, Nikaraguara. Bien bitartean, Lunak Nikaraguako amona ezezagunak idatzita utzitako egunerokoa irakurtzeko aukera izango du, eta horrela deskubritu ahal izango du bere familiaren eta haren herriaren historia.

Errekak oiloari – Antton Kazabon / Enrique Morente (Il.)
Zubia errekaren inbidiatan bizi da. Astoa eta oilarra, beti sesioan. Otsoak zakurra izan nahi du eta zakurrak otso. Euria eta elurra, berriz, ez daude gustura daukatenarekin. Katua eta sagua ez dira betere ondo moldatzen elkarrekin. Jolas eginez eta disfrutatuz pentsarazten duten ipuin-sorta bat aurkeztu digu oraingoan Antton Kazabonek.

Akatsa lehenengo lerroan – Garazi Kamio / Eider Eibar (Il.)
Ingek bere buruari Gartxot izena jarri dio. Eta horregatik, Inge bere plastikozko izena dela dio, eta Gartxot benetakoa. Izan ere, Gartxot sinetsita dago bere bizitzaren lehenengo lerroan akats bat dagoela, eta hori zuzendu nahi izan du.

Printzesa eta ergela – Antxiñe Mendizabal / Mai Egurza (Il.)
Kariñeri aitak beti deitu izan dio printzesa, eta amamak ere, jaio zenean, printzesa-izena jarri ziotela esan zien gurasoei. Horregatik jakin nahi izan du betidanik Kariñek benetako printzesa bat ote den.

Lapatza – Paddy Rekalde / Jokin Mitxelena (Il.)
Garazik, itsasertzean bakarrik dabilela, txorikume itsusi samar bat aurkitu du galduta. Berekin eraman eta zaintzen hasiko da. Halere, jolasa baino zerbait gehiago bihurtuko harremana. Ikasgai garrantzitsua izango da neskatilarentzat.

Pio Martzianoa – Pello Añorga eta Iñaki G. Holgado / Jorge Madejón 
Errepide batean, asfaltoaren erdian paratu dituzte pibot batzuk, zein baino zein ikusgarriagoak. Gauez, ordea, ibilgailu batek aurrean hartu eta Pioren baserriko belar-sorora bidali du pibotetako bat. Baserriko abere guztiak aztoratu ditu tramankulu ezezagunak.

Nork agintzen du hemen? – Uxue Alberdi / Julen Tokero (Il.)
Elkarbizitza zer den eta zein zailtasun eragiten dizkigun agerian uzten duten lau liburu, erabakiak biribilean nola hartu ere proposatuko digutenak.

Iruzkina idatzi

Izan zaitez lehena iruzkina uzten!

Harpidetu
avatar
wpDiscuz