Kirmen Uribe: «Agertu behar ziren belaunaldi hartan erresistentzian aritu zirenen izen-abizenak»

0

Nobela sarituak Letamendi-Urresti familiaren istorioa kontatu arren, liburua irakurtzean irakurle asko norbere familiarekin gogoratu izana oso polita izan dela azpimarratu zuen Kirmen Uribek

Audience talde gernikarraren doinuek ezin hobeto girotu zuten Elkarrekin esnatzeko ordua liburuko pasarteen irakurketa. Idazle sarituaren baimenarekin, beste behin ere irakurleak izan ziren protagonista 2016ko 111 Akademiaren Saria emateko maiatzaren 11n Andoaingo Bastero kulturgunean ospatutako ekitaldian eta irakurraldi musikatu horiek, sari-ematearen hari gidari.

Ekitaldian izan ziren Andoaingo alkate Ana Carrere, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaran eta Bizkaiko Euskara eta Kulturako foru diputatu Lorea Bilbao. Hiruen eskutik jaso zituen Kirmen Uribek larru bereziz koadernaturiko liburu sarituaren alea eta izendapenaren egiaztagiria.

111 Akademiaren saria jasotzeak ilusio handia egin ziola aitortu zuen Kirmen Uribek, “herritik sortutako zerbait delako”. Saria jaso osteko hitzaldian euskal literaturan eta euskararen munduan egin den lan guztia gogora ekarri nahi izan zuen. “Gaur hemen nago nire aurretik lan asko egin delako euskal literaturaren munduan, baita euskararen munduan ere. Portugaleteko irakurle batek esan zidan nola beraiek txikitan ikastolan ikasten zuten eta geratzen ziren etxe batean gaur eta beste etxe batean bihar, alegia, egoitza finkorik gabe. Nik haurtzaro hori izan dut, euskara maite duen familia batetik nator. Pentsa, legezkoa ez zen egoera hartan jaio nintzen, diktadura bizirik zegoela, eta orain hemen nago euskaraz idazten eta euskara mundura zabaldu nahian”.

Bere aurretik egon diren idazleak izan zituen gogoan ondarroarrak, baita atzetik datozen gaztetxoak ere. “Azkenean, ni katebegi bat naiz euskal literaturaren munduan eta umiltasun hori beharrezkoa dugu idazleok. Askotan pentsatzen dugu gu garela munduaren zentroa, eta ez da hala. Liburu onak ateratzen dira beste hainbat eta hainbat liburu publikatzen direlako. Euskal literatura ez du salbatuko idazle batek edo liburu bakar batek, salbatuko dute etengabe ateratzen diren liburu horiek, lanean dauden idazle horiek, argitaletxeek, prentsak, zuek bezalako irakurleek. Denok dugu balio bera, denok gara taldekide euskal literaturaren mundutxoan”.

Letamendi-Urresti familiaz ere gogoratu zen Uribe saria jaso ostean, bere istorioa kontatzeko aukera emateagatik eskerrak emanez. “Politena izan da jendeak bere egin duela liburua, eta bere familiarekin gogoratu dela nahiz eta familia jakin baten historia kontatu. Jendea gogoratu da bere aitonarekin, amonarekin edo antzeko istorioekin”. Irakurle batek zioen Kirmen Uriberen familia eta Uribe bera agertzen zirela liburuan, eta Ondarroako idazleak gaineratu zuen uste duela hurrengoetan ere agertuko direla, “hori baita nire estiloa! Hainbat idazle daude mundu mailan benetako istorioak erabiltzen dituztenak gero nobelak idazteko, eta nik jarraituko dut bide horretatik. Beste alde batetik pentsatzen dut Letamendi-Urrestitarren istorioarekin ez neukala beste irtenbiderik, ezin nuen Letamendi kendu eta, esaterako, Lete jarri, edo Urresti kendu eta Unanue jarri, adibidez. Ezin nuen. Agertu behar ziren belaunaldi hartan erresistentzian aritu zirenen izen-abizenak eta baita belaunaldi hura zapaltzen aritu zirenenak ere, horiek ere agertzen baitira”.

Eskerrak emanez amaitu zuen bere agerraldia Kirmen Uribek, “hemen daudenei eta ez daudenei. Aita ez dago, Joxan Lizarribar ez dago, Aitzol Aramaio ez dago… Baina hemen ere bazaudete: ama, nire umeak, Nerea. Nik bi amets izan ditut bizitzan: bat idazle izatea, bete dena edo, behintzat, betetzen ari dena; eta bigarrena izan da Nerearekin ibiltzea. Hori ere bete da, eta hori beti izan da idaztea baino amets handiagoa. Eskerrik asko”.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments