Saiakera feministez osatutako LISIPE bilduma abian jarri du Susak

0

Borroka armatua eta kartzelak liburua izango da bildumako lehen alea

Susa argitaletxeak saiakera feministez osatutako Lisipe bilduma abian jarri du, Jule Goikoetxea editore dela, eta bilduma horretako lehenengo liburua aurkeztuko du urriaren 6an Donostian: Oihana Etxebarrietak eta Zuriñe Rodriguezek idatzitako Borroka armatua eta kartzelak. Euskal Herriko gatazka armatuaren eta haren ondorioen inguruko irakurketa feminista da Etxebarrietaren eta Rodriguezen lana. Patriarkatuaren dimentsio teoriko eta filosofikotik, eguneroko praktiketara doan analisia eskaintzen du lehen liburu honek.

Aurkezpena goizeko 11:00etan izango da Donostiako Udal Liburutegiko sotoan.

Lisipe

Erronka politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak aztertuko ditu Lisipe bildumak. Pentsamendu liburu sail bat da, baina itzulpenek eta elkarrizketek ere tokia izango dute. Akademia, kazetaritza, mugimendu sozial, alderdi eta elkarte ezberdinetako emakumeek idatziko dituzte Jule Goikoetxeak zuzendutako bilduma honetako liburuak. Mari Luz Esteban, Iratxe Retolaza, Lorea Agirre, Idurre Eskisabel, Irene Arrarats eta Danele Sarriugarte izango dira hurrengo aleen egileak.

“Gorpuztutako historia, ohiturak eta pentsamendu markoak zalantzan jartzea da bildumaren helburua. Eta aldi berean, patriarkalak ez diren tresna analitikoak sortzea. Orain arte patriarkatuaren aurka borrokatu direnak putak, traidoreak, etsaiak edo burgesak kontsideratuak izan dira tradizioz. Bada, tradizioaren joko arauak aldatzera dator Lisipe, eta emakumeen emantzipazioa da saria”, azaldu dute Susa etxetik.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu