Mikel Ayllonek Igartza Saria eman zion nobela aurkeztu berri du

0

Donostiako Elkar aretoan eta Beasaingo Igartza jauregian egin ditu aurkezpenak martxoaren 4an

Igartza Saria eman zion Ez tiro egin anbulantziei liburua aurkeztu berri du Mikel Ayllon laudioarrak. “Esatera noanak esaldi huts bat dirudi, baina uste dut esan egin behar dela ez dela nobela arrunta”, adierazi zuen Ayllonek prentsaurrekoan. “Nobela honetako istorioa ez-leku eta ez-denbora batean gertatzen da, ez daude zehaztuta ez lekua ez denbora, eta ekintza oso gutxi dago, argazki finko moduko bat da. Horrek ez du esan nahi, ordea, istoriorik ez dagoenik. Istorio nagusi bat badago, baina normalean istorio nagusi hori lehenengo planoan aurkitu ohi dugu, liburuko protagonista istorio nagusi hori izaten da. Kasu honetan beharbada hori ez dago hain garbi; horregatik iruditzen zait ez dela nobela arrunt bat. Istorio nagusi hori kontakizunaren azpitik doa eta beste alderdi batzuk azpimarratzen dira. Nolabait irudi batekin ilustratzearren, film bat egiteko mozten eta zakarretara botatzen dituzten metraje zati horiek guztiak hartu eta horiekin egin dut pelikula”.

Antonio Gramsci pentsalari italiarraren zita bat du liburuak hasieran: ‘Mundu zaharra hiltzen ari da eta ez dator berririk, argi-ilun horretan jaiotzen dira munstroak’. Ayllonek azaldu zuenez, esaldi horrek laburbiltzen du nobelaren eduki guztia, zentzua. “Uste dut oso argia dela, eta denok nola edo hala ikusten dugula, orain arte balio izan dizkiguten paradigmak (kulturalak, ekonomikoak, politikoak…) gainbeheran doazela, bukatzen ari dela mundua ulertzeko eta antolatzeko orain arte izan dugun modua. Liburuaren erabiltzen den irudia da errealitatea arrakalaz betetzen ari zaigula, gero eta pitzatuago dagoela gure mundu hau. Nolabait, gero eta larriagoa da bizi dugun egoera, oso agerikoa da bizitza antolatzeko modu berrien premian gaudela. Nire irudiko, pertsonak baino, ez dakit ez ote garen arraza berri bat sortzen ari. Liburuan munstro hitza agertzen da pertsona gris horiek aipatzeko: etxetik lanera korrika bizian doazen pertsona horiek, gero eta gutxiago geratzen direnak kalean, dena gero eta abiada biziagoan doalako”.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments