Sargoriak jotzen gaituenean

0

Izenburua: Sargori
Idazlea: Pello Lizarralde
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2001

Pello Lizarralderen “Sargori liburua zine-kamera batek idatzia dirudi, izan ere, bere idazkeraren meritua baita irakurriz bat ikus ahal ditugula Ėabardurarik txikienak
ere. Istorio anitzak, koloretsu —usaintsu ere ausartzen naiz esatera —betetzen dituzte hamar narrazioak xx. mendeko udan, Euskal Herriko edozein herritan kokatuak.

Neurri handi batean eguraldia da protagonista, ondo baitakigu sargoriak mundua leku arrotza eta gizakiak “ez gure baitakoak” bihur ditzakeela. Ametsak, desio izkutuak
zein apeta zoroak azaleratzen omen dira siestaren orduan.Literatura klasikoak arriskuen ordua dela, Pan jainkoaren txirulak tentagarria zaigulako. Antzeko zerbait diosku J.B.
Agirrek alberdaniaz.

Hamar atalak haize hegoaren mende daude; bero sapa, sargori, andraize-ko egun horietan, gizakiok zenbateraino aldatzen garen gure desio izkutuenik, malenkoniak edota asperdurak, azaleratzen zaizkigunean.

Uda betea herriko plaza hustuan. Arratsaldeko lehen ordua (bazkalondoa); lantegiak itxita, langile kanpotarrak oporretan euren jaioterrietan, bertakoak hondartzan, neska-mutil nerabeak asper-asper eginda abenturekin amesten pretilen kontra eserita. Beste zer eginik otutzen ez zaie eta, para-ba-pa-pa gogaitu bat errepikan.

Ustekabean iritsiko zaie aukera: “Agure bat desagertu da” entzun orduko, mendian gora abiatuko dira eta gorpu urkatua garraiatzen duen gizon koadrilarekin egingo dute topo.
Gazte menturazaleei tragedia atera zaie bidera bizitzaren metafora gisa.

Uda-betea landetxe batean. Jabeak andregaiarekin hondartzan, logelak oraindik gordetzen du emakumeak utzitako perfumea. Arrasto tentagarria, (madarikatua?) lanean gelditu
behar izan duen etxezainarentzat. Lorategian norbait dabil, neskatila bat masustak biltzen (lapurtzen?) . Gizonak bere amorrua lasaitzeko, bere ezinegona arintzeko, mixerableki,
morroiaren botere fanfarroiaz baliatuz, sei masusta ale lortu dituen neskatoa uxatzen du petriletik.

Beste irudi bat: Mutil koadrila errekan jolasten. Gorputzen biluziak jolasteko gogoa kilikatzen, nerabeen artean ohi den moduan, jolasak sesio itxurapean mozorrotuak. Finean, elkarri ukitzeko, zakarki badaere, balio die. Baina basoan bertan antzemango dute bikote bat larrua jotzen. Ezin eramanezko irudia oraindik misterio zaien mutilentzat. Ezin eramanezkoa denez, gazte sentiminen koadrila harrika hasten da sexualitatearen
misterioan sartu direnen kontra. Harrikada inozoa? Desio debekatuen aurrean biolentziaz erantzun, ezin besterik?

Pello Lizarralde era honetako pasadizoak deskribatzen dizkigu Sargori liburuan, desio izkutuen menpe bizi direnen erantzunak, euren erreakzioak eta aldarteak. Istorio xamurrek
agerian jartzen dizkigute bero sapak jotzen duenean zein aldakor bihur gaitezkeen adin zein jenero guztietakook. Istorio xamurrak luma arinez eta begirada kupidatsuez deskribatuak dira liburu hau osatzen dituzten hamar istoriok.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments