Izana eta irudia

0

Eta hara non liburu fresko, arin eta, aldi berean, sakon bat ekarri digun Danele Sarriugartek: Azala erre, idazlearen bigarren eleberria, 2018an argitaratua. Ikus-entzunezkoetan dabiltzan bi sortzaileren arteko auzi baten inguruan harilkatzen da
istorioa. Auzia zer den argitzeko jakin-minak irakurlearen arreta bukaerara arte erakartzen badu ere, ororen buru, pertsonen arteko harremanak eta gure eguneroko ekintza
isilduak kontatzeko modua da liburuaren indargune nagusietako bat.

Oraindik guztiz famatu egin ez diren baina pixkanaka izen bat lortzen ari diren artista gazteen bizipenak eta inpresioa deskribatzen ditu, finezia handiz. Adibidez,
nola jokatu Twitterren edo Facebooken. Zer dago txio bat orain edo geroago bertxiotzeko erabakiaren atzean? zer pentsamendu, zer taktika? Zer kezka edo esperantza sortzen du Facebooken norbaiten jarraitzaile bihurtzeak? Edo noiz sentitzen gara behartuak? Nola erabiltzen da Facebookeko “lagunen” jarduna, haien sentimenduez interpretazioak egiteko edo haien egoeraz ondorioak ateratzeko? Sarriugarteren sare sozialekiko begirada argi eta zehatzaren indarra ez dago sareko mezuen aipamenean edo azterketan, baizik eta, mezuetatik harago, mundu “birtual” horren analisi psikologikoan. Maisuki azaltzen du nola islatzen diren sarean pertsonen arteko harremanak eta harremanen konplexutasuna.

Mundu “birtualetik” mundu “errealera” dabil jauzika, biak mundu beraren parte direla ederki erakutsiz. Sare sozialeko ekintza batek, email bat gisa batera edo bestera idazteak, erantzuteak edo ez, noiz erantzuten den… horiek guztiek eragin zuzena dute hezur-haragizko harremanetan, liburu honetan ageri den bezala. Funtsean, hori da ardatza: pertsonen arteko harreman errealak. Eta hor, pertsonaien arteko harremanei buruzko
zehaztasun gutxi ematen du idazleak, baina ez du gehiago errate eta zehazte beharrik, ulertzeko zer dagoen lerroen gibelean. Botere-harremanak ere badaude, edo botere-harremanak daude bereziki. Horiek ere disimulatuak. Azeri zaharren laudorioen benetako
intentzioari buruzko zalantzak nahasten dira koktelgintzaren itzalekin.

Giro kultural jakin batean dabiltza pertsonaiak. Mundu birtualean eta errealean, kanpo irudi bat zaintzen dute. Kanpo irudi behartu horren kritika diskretu bezain zorrotzarekin, irudi hori zaindu beharrak sortzen duen presioaz ere gogoeta eginarazten du.

Hainbat geruzako liburua da Azala erre. Geruza guztiak elkarri lotuta daude, baina geruza bakoitzagatik ere merezi duen liburua da. Idazlearen kritika sotilek gogoeta sakonerako bidea proposatzen digute, pertsonaia nagusiarekin eskuz esku garamatzan eta oharkabean
irakurtzen den liburu honetan.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu