Infernuaz

0

Izenburua: Katilinarenak
Idazlea: Amélie Nothomb
Itzultzailea: Joxan Elosegi
Argitaletxea: Igela
Urtea: 2006

Mundu arraro batean bizi gara. Mundu arraro bat non, oro komunikazioa izan arren, inkomunikaturik sentitzen garen. Mundu arraro bat non harresiak eraikitzen ditugun gure inguruan.

Harresi gardenak, arrotzek ondo ikus gaitzaten.

Harresi sendoak, arrotzak hurbil ez daitezen.

Badirudi denok geureganatu dugula behinola Jean-Paul Sartrek idatzitako esaldi ospetsu hura, halako moldez non nahiago dugun Australian dagoen ezezagunarekin berriketan aritu, pareko bizilagunari atea zabaldu baino. Zer gerta ere.

Bai, ene lagunok, Sartrek arrazoi: infernua beti dira besteak.

“Pareko bizilagunari atea zabaldu” aipatu dut arestian eta ez alferrik. Izan ere,horixe baita Emilie eta Juliette senar-emazteen bekatua, Etxeko atea zabaldu izana. Zer egin behar zuten bestela? Norbaitek atea jo duela entzun eta, gizalegeak hala aginduta, xalo-xalo hurbildu dira Etxeko atea zabaltzera. Gainera, arratsaldeko laurak dira, gaueko ordu txikitan jo izan balute sikiera…

Baina ez, arratsaldeko laurak dira, eta badakigu gaizkileek ez dutela atea jotzen ordu horietan, badakigu gaizkileek aberaskiloen ondasunak irrikatzen dituztela eta ez zaizkiela erretiroa hartu berri duten bi irakaslek bildutako oroitzapenak interesatzen.

Kax-kax-kax.

Atea jo, eta Etxeko atea zabaltzera joan dira. Etxea, hizki larriz idatzita. Frantziako mapan nekez topatuko dugun herrixka batean isolatutakoa, bizitzako hondar-urteak pasatzeko propio aukeratua. Horrelakoak dira Emilie eta Juliette. Elkar ikusi zuten eskolako lehen egunean eta elkar maitatu zuten une hartan bertan. Eta orain, 60 urte pasa ostean, elkar maite dute. Ez dute besterik behar.

Eta orain, arratsaldeko laurak direlarik, atea jo dute eta Emiliek Etxeko atea zabaldu du.

Atearen beste aldean, gizon lodikote bat. Ibaiaren beste aldeko etxean bizi den auzokoa da, kortesiazko bisita bat egitera datorrena, noski.

Palamedes.

Palamedes Bernardin.

Pentsatzekoa da Emiliek –azken batean, hizkuntza klasikoen irakaslea da, pertsona jantzia eta asko irakurritakoa- Jean-Paul Sartreren lanak ezagutzen dituela. Jakin beharko luke infernua besteak direla. Eta hala ere, atea ireki dio auzokoari.

Pentsatzekoa da Sartrek –azken batean, idazle bikaina zen, idazlan mamitsuak idatzitakoa- bazekiela zein garrantzitsua den idazleontzat ahalik eta zehatzen idaztea, ahalik eta hitzik egokiena aukeratzea lerro bakoitzean. Eta hala ere, “infernua besteak dira” idatzi zuen.

Bernardin jauna naiz. Zure auzokoa.

Bai, Sartrek arrazoia zuen, baina zehatzago idatziko zukeen Palamedes ezagutzeko aukera izan balu.

“Infernua Palamedes Bernardin jauna da”.

Eta orain, infernua ezagutu nahi baduzue, etxeko atea ez, Amelie Nothomb idazle frantziarrak idatzi eta Igela argitaletxeak euskara ekarri zuen liburu zoragarri honen orriak zabaldu beharko dituzue…

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu