Zazpigarren Bizitza

0

Izenburua: Zazpigarren Heriotza
Idazlea: Juan Gorostidi
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2016

Erein argitaletxeak 2016ko udaberrian Juan Gorostidiren Zazpigarren Heriotza liburua plazaratu zuen. Ez zen baitezpada autobiografikoa, are gutxiago hausnarketa hutsez osatua, baina bietatik zerbait bazuen, lekukotasuna arras originala izateko moduan. Eta egia erran, aurreneko irakurketan bertan intrigatu bezain pasionatu ninduen, lehen aldia zelako, euskaraz horrelako lan bat leitzen nuela: borroka armatuaz ari zen, ari da, ahoan bilorik gabe, bere ibilbide intimoa aipatuz eta munduan barnako kultura ekoizpenen argitan esperientzia horren mise en abyme burtzoragarria eginez.

Juan Gorostidi Berrondo, 1956an Altza-Pasaia herrian sortua, saiogilea da. Pamiela etxean, 2011n, Lau Kantari: Achiary, Laboa, Larzabal, Ordorika eman zuen argitara, Berrian eta badok.eus guneetan kolaboratzen jarraitzen duela, musikaren alorrean. Tai-Xi irakaslea da Donostian gaur egun. Idazlearen pentsamendua, erabiltzen duen euskara bezala, ez da soila, sakonera doa, behar duenean ez du iluntasunaren ekonomia egiten. Baina ez gara galtzen, Gorostidiren lekukotasunari esker, gure baitara jotzen dugulako, gaiaz hitz egitearen beldurraz haraindiko miraila bailitzan, borroka armatuaren naturari eta dogmari buruzko kezkak, zauriak, eskakizunak islatuak ikusteko.

Publizitatea

2011ko urriaren 20an abiatzen da prozesua. Gorostidik orduan erabakitzen du bere alabari gutun baten izkiriatzea, Nader y Simin filma ardatz, Euskal Herriari irekitzen zitzaion garai berriarekiko harreman kolektiboaren errotzeko, beranduegi baino lehen, egin beharreko gogoetaren promesarekin. Kasko zokoan orain hasten da zailena perpausa zebilkion biribilketari. ETA erakundearen armen uztea iragarria baldin bazen azken hilabeteetan, post-ETA aroen nolakotasuna ez zuen kasik nehork jorratu. Sei-zazpi urte geroago ez nago ziur adrenalinez itotzen (akuilatzen) gintuen borroka horren dolua ekartzera ausartu garenik.

Hiru zatitan banatzen da Juan Gorostidiren lan mamitsua: Errenterian sortzearen eta haztearen patu-zorionaz ari zaigu lehenean, dolu baterako arrasto bila doa bigarrenean eta hirugarrenean borroka armatuaren ondoriozko terra nullius batera iristen da, hortik, agian intelektualki eta moralki bizi-berriturik, etorkizuneko zeru-mugetara lehiatzeko. Hondarrean, norabide bat azpatzen digu, horretarako baliabideak oro premiazkoak dituelarik: oroitzapenak, lekuen izendapenak, Kafkaren Legearen Aurrean idazkia, Joseba Zulaikaren Liburu Zuria, Joshua Oppenheimeren The Look of Silence filmeko irudi gogorrak, (auto)kaltearen lekorako erresilientziaren xendretan ezinbestekoak diren damua, konbertsioa eta erreparazioaren kontzeptuak ere.

Iragan apirilaren 8an armak Baionan itzulirik, ETAk laster bere zeregina barne-eztabaidatuko du baina badirudi, ez duela interesik euskaldunon (abertzaleon) jendarteak berrogeita hamar urtez Euskadiren izenean egin eta pairatu ziren zaurien funtsaz galdekatzeari ekiteko. Juan Gorostidiren Zazpigarren Heriotza (Attila Jozsef poeta hungariarraren poema bat oihartzunez) obrak arrangura horren gaurkotasuna berresten digu, baliagarria bistan dena euskal sozietate aburuz anitza eraiki nahi baldin badugu behintzat.

Ados ala ez, irakurtzekoa derrigorrez.

Iruzkina idatzi

Izan zaitez lehena iruzkina uzten!

Harpidetu
avatar
wpDiscuz