Ertzetan jartzen du erdigunea

0

Izenburua: Argia, lurra, zuhaitza, zerua
Idazlea: Jon Gerediaga
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2015

Batzuek pentsatuko dute poesia irakurtzeko tarte berezia hartu behar dela. Poemari irakurlearen barruan arnasa hartzen utziko dion tartea. Batzuek pentsatuko dute, nolabait, tratu esklusiboagoa eskatzen duela poesiaren irakurketak. Eguneroko presa eta hutsalkerietatik at egin behar zaiola lekua lirikari. Eta akaso, hori da poemen egilearen desioa ere.

Hori hala bada, Lehenbailehen aitortuko dut nire bekatua: Berlingo metroan bidaiatuz irakurri nuen Jon Gerediagaren Argia, lurra, zuhaitza, zerua. Eta neu izanik liburuari, poema bildumari, luxuzko tarterik eskaini ez ziona, egilearen ahotsarena da, oso-osorik, poema horiek nire baitan eragiteko izan zuten gaitasunaren meritua.

Eta bigarren aitorpenak, agian, lehenengoaren erruagatik libratuko nau. Izan ere, eta meritua idazlearena izan zela errepikatuz, metroan eserita nindoala, krak egin nuen, eta negar batean hasi nintzen. Irakurtzen ari nintzenaren indarrak gainditu, danba batekin eraitsi zuen kanpoko mundua. Eta hortxe nengoen, liburua eskutan eta begiak malkotan, ingurutik abstraiturik, buruz buru barruko munduarekin.

Zergatik hasi naizen nire erreakzioez idazten, eta ez poemen gaiez edo hizkera motaz? Asmoa ez da nire burua erdigunean jartzea, Gerediagaren poemek hunkitura sakona sortzen duten ahalmena azpimarratzea baizik.

Eta nola egiten duten? Bada, literatur kritikaria ez naizenez, eta asko sinplifikatuz: Naturari begira egindako ohar zoliekin. Bazterretan lore urdin / txiki-txikiak bizi dira bizi, bukatuko du Gerediagak poema bat, eta hiru ahapaldiko poemaren amaierara iristerako, lore urdin txiki-txiki horien bizi nahiak irakurlearen bularra beteko du. Esan dezadan bere poemak ez direla luzeak, ahapaldi pare bat nahikoa dute esan beharrekoa garden esateko.

Eta lore urdinekin batera, zuriak ere bai, garaiz kanpo. Sasitzak. kalatxoriak eta garrasi egiten duten hontzak. Kostaldetik hurbil, batzuetan itsasoari begira. Halako elementuekin eraikitakoa da bilduma honetako unibertsoa. Errepikakorrak eta askotarikoak dira elementuok, biak. Izenburuak berak premiazkoenak aipatzen ditu jada: Argia, lurra, zuhaitza, zerua. Eta ez erratu, zertzelada gutxirekin irudikaturiko paisaiek ez dute unibertso idiliko bat islatzen: Min ematen dute.

Mendian, hiriaren gainean dabil poeta. Zain dago, isilik, begira, bila doa, bizirik dago. Artxanda ingurutik paseatuz, naturari adituz egindako ohar horiek hirian zehar doan honen barruan oihartzun egin dute. Ahots horrengandik oso gertu sentitu naiz, hauskor. Paseatzailea, egilea, Izatearen ertz batean kokatuta dago, eta hauskorra da, oso-osorik bizidun denaren antzeko. Poema hauek irakurketaz gozatzeko zerbait eskatzen badute, agian horixe da: Irakurleari, bere burua ere ertz horretantxe kokatzea eskatzen diote. Nik uste merezi duela.

Argitaratu berri den (eta artean nire eskuetara iritsi ez den) Hilda dago poesia? ¿La poesía está muerta? liburuaren hitzaurrean, poesia irakurtzea korrontearen kontra joatea dela idatzi du Sarrionandiak. Gerediagak ere uraren aroan harri izan nahi izatea aitortzen du bere liburuan. Denboraren kontra egiteko modua ere ote da poesia idaztea eta irakurtzea?

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu