Azpialdeko korronteak eramaten zaituenean

0

Izenburua: Baionak ez daki
Idazlea: Bea Salaberri
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2015

“Baionak ez daki” dugu Bea Salaberrik argitara eman duen lehen liburua, baina ez da idazten duen lehen literatur lana, eta aise atzematen zaio irakurtzen hasi eta atoan. Hats berezkoa dute 33 narrazio laburrek, istorio izatera ere hel daitezkeen narrazioak, lerro gutxitan konzentratzen baititu bizitza lihazkiak.

Une batean gogora etorri zait Virginia Woolf -ek Dorothy Richarson idazlearen estiloaren gainean esaten zuen hura: “esaldi femeninoa asmatu zuen edo, asmatu ez bazuen, garatu zuen; esaldi psikologikoa, esaldi zaharra baino malguagoa, nahi beste luzatzeko eta airean partikula haurskorrak suspentsioan eramateko gaitasuna duen esaldia, forma mugagaitzak biltzeko ahalmena duen esaldia”. Woolf-ek zioenez, pentsaera femeninoa deskribatzeko moduko esaldia ez da zurruna, ez da erabatekoa, ez da zuri-beltzekoa, ez da deskribatzaile hutsa. Esaldi femeninoak iradokitzen du esan bainoago.

Eta ideia hori sentiarazi dit Salaberriren idazkerak. Batetik, bere buruaren irudi malenkoniatsu eta tristea islaturik ikusten delako bere istorio nimiñoetan, trufa tristea egingo balio bezala bere izateko erari, umore mingotsaz, gordinaz. Bestetik, egileak badu ahots aldarrikatzailea, tarteka, intseguritatetik aldentzen den jarrera harroxkotxoa, “banaiz izan” esan nahi izango balu bezala. Dikotomia hori atzematen da ipuin hauetan, ezkutatu nahia eta ageriko agertu, egunerokotasunaren monotonia deskribatu eta baitaren sumendiaz mintzatu.

Dikotomia hori ez da bakarra Salaberriren liburuan. Ertzean mugiltzen da kalearen eta baserriaren artean, lehenean eroso, bigarrenean babes gosez. Ertzean dabil tradizioaren ahotsaren eta ahots gaztearen artean. Bietatik badu, biak bizi ditu, bietan ditu murgildurik oinak, eta biek osatzen dute bere kosmogonia, nahiz eta biak kontrajarriak izan sarri askotan.

Hogeita hamairu istorio hauek txikikeriez mintzatzen dira, ustez. Egunerokotasunaren huskeriez. Eta nahiz eta “ezer gertatzen ez den” ahotsaren azpialdean atzematen da pasioaren sugarra, desiraren atzaparra. Kontraste horrek erakartzen du, eta beldurtzen, aldi berean.

Hori guztia, baina, musikalitatearen baltsamoan urtzen da, hitzen indarrak energia nahikoa balute bezala desaktibatzeko deskribatzen duten egoera, ustez lasaia, baina izatez sugartua, itsaso barean bezala, non azalean olaturik ez dagoen arren, azpialdean korronteak eramaten zaituen.

Begi bistakoa da lexikoak duen garrantzia Salaberrirentzat, arrotza eta aberatsa mendebaldeko hizkera erabiltzen ohituago daudenentzat. Badu maitasunetik hizkera lantzea, eta badu ihesetik ere bai, hitzek lortuko balute bezala ezkutatzea pasarte askok duten zama emozionala.

Pultso literario indartsua du Salaberrik eta lan ederrak emango ditu, are ederragoak zenbat eta askeago sentitu.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu