IEk biluzik eta apaingarririk gabe kontatzearen misteriora itzuli gaitu

0

Iratxe Esnaolak 111 aldizkarirako idatzi digun liburu gomendioa: Fernando Morilloren Santiago bidearen misterioa

 

Irakurketa erraza

Euskal Herrira iritsi berri den etorkina. Hezkuntza arautuan ikasteko zailtasunak dituen nerabea. Autismodun emakumea. Hamar urte duela jubilatutako andrea. Zer dute horiek guztiek komunean? Zer dela eta bata bestearen segidan zerrendatu? IE edo Irakurketa Erraza kontzeptua Suedian sortu zen 1976. urtean eta gugana iritsi 2012an, Euskadi IE elkartearen zuzendari, sortzaile eta sustatzaile den Blanca Mataren eskutik. Irakurtzeko zein irakurritakoa ulertzeko zailtasunak dituztenentzat pentsatutako testuak dira IE eta IFLAren nazioarteko gidalerroek forma eta eduki aldetik beharrezko diren irizpideak jartzen dizkiete. Batzuk aipatzearren: zehatza izan hizkuntza zuzen eta laua baliatuz, ez aurreikusi irakurleak gaiari buruz ezer dakienik, esaldiak modu aktiboan egituratu eta abar. Agidanez, mendebaldar jendarteen baitan %50era ere hel daiteke irakurle tipologia hori. Ez zenuke portzentaje horretan sailkatu zure burua. Ezta nik ere.

Hainbat ikastarotan Blanca Matarekin egoteko zortea izan nuen haren jakintzatik eta pasiotik edanez. Ikasitako lehen lezioa: letrak maite zituen eta idazmen zein irakurmen maila altuen jabe izanagatik halakorik ez zuenari begira jarri zen. Erraza da ahaztea irakurtzeak dakarkigun onura bidean zailtasunik nozitu izan ez dugunontzat. Zalantzarik gabe, zaila dena erraztea miresgarriago da erraza zailtzea baino. Sinplea eta arrazoizkoa. Alde erantzirako joera dugu gehienok, ordea. Matazaz eta behaztopaz mukurututako testuak omen gorenak, nola diren kategorikoak itzulipurdiz eta korapiloz betetako azalpenak. Euskal IEren zelai agorrean lehen hazia landatu duena Fernando Morillo sortzaile duen Gaumin argitaletxea izan da, eta aipatu egileak berak idatzi du gaur hizketara dakarkidan Santiago bidearen misterioa.

Ulises narratzailea Norvegiako itsasoan naufragatutako marinela da, bizirautea lortu ostean, bidea gauzatzeko promesa egin diona bere buruari. Baiki, arketipoz jositako narrazioa da: bada promesa bat, badira bideko beldurrak eta bidaideak, bada borroka beldurra gainditzeko, bada amaiera. Erraza. Ulerterraza. Klasikoa. Borondate indarraz eta erabakimenaren garrantziaz diharduen istorio bat gehiago. Zein du, bada, misterioa? Ulises pertsonaiaren beldurra eta irakurtzeko zailtasunak dituenaren beldurra erkatzera garamatza IEk. Irakurtzeko zailtasunak dituenaren lekuan jar gaitezen une batez. Pentsa liburutegi bateko apalategien aurrean ezker-eskuin mehatxuz so dauzkagun liburuetan. Nondik hasi? Irizpide gutxi. Segurtasunik ez. Eta irakurketa baztertzera garamatzan porrot sentipena, beste behin. Ulisesek bere bideari beldur dion bezala zaio beldur irakurketari. Beldur ez ulertzeari. Besteak adina ez izateari. Beldurra ez da berehalakoan aienatzen. Irakurketa Erraza literatur zale guztioi deika ari zaigula uste dut, idazle zein irakurleei. Zer emana badugu, behin onartuta IE ez dela soilik behar bereziak dituzten irakurleentzat. IEk biluzik eta apaingarririk gabe kontatzearen misteriora itzuli gaitu. Santiago bideak xumetasunera garamatzan bezala.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments