Irakurle inteligenteen sortzaile

0

Koldo Izagirre idazleak eta Irrimarra osatzen duten Karmele Gorroño eta Irene Irureta ilustratzaileek Altzoko Handia protagonista duen bildumaren lehen bi liburuak kaleratu dituzte, Erein argitaletxearen eskutik.

Antzerki-opera iritsi zen lehenbizi, eta ondoren zinema. Bereziki azken honekin izandako harrera eta lorpenei esker, Migel Joakin Eleizegiren bizitza lehen lerrora igaro da. Etengabe haztearen ondorioz 2 metro eta 41 zentimetro neurtzera iritsi zen pertsonaia honetaz entzundako istorioak, askorentzat mitoak zirenak, irudikatu ahal izan dituzte herritarrek Handia filmaren bitartez. Bada, literaturara eman du saltoa orain Altzoko Handiak. Zehazki, haur literaturara. Album formatuan argitaratuko da bera protagonista den bilduma, eta lehen bi liburuek ikusi berri dute argia: Altzoko Handia eta Kutixiren gezurrak eta Altzoko Handia eta Kutixiren pianoa.

Erein argitaletxea dago lanaren atzean, Koldo Izagirre da testuen egilea eta Irene Iruretak eta Karmele Gorroñok osatzen duten Irrimarra markarenak dira irudiak. Badu nabarmentzeko desberdintasunik taularatutako eta zinemaratutako lanetatik. Izan ere, Altzoko Handia da ipuinen protagonista, baina, kasu honetan ez da bere bizitza kontuan hartu, eta ez dira Altzoko pertsonaia ezagunenaren bizipenak kontatuko. Atzera begiratu ordez, gaur egunean kokatzen da Koldo Izagirre & Irrimarra kontakizuna, eta Handiaren eta bere lagun Kutixiren arteko abenturak dira paperean agertzen direnak.

Ez da kasualitatea Koldo Izagirre (Pasaia, Gipuzkoa, 1953) bildumaren idazlea izatea. David Azurza musikari altzotarrak Altzoko Handiari buruzko antzerki-opera egiteko ideia izan zuen orain zazpi urte, eta Izagirreri eskatu zion operarako libretoa egiteko. Bestalde, Handiaren istorioa erakusteko Gure Haundie izeneko ikus-entzunezkoa sortu zuten, eta Izagirrek idatzi zuen gidoia. Eta bada hirugarren lan bat ere. Altzoko Udalak pertsonaiaren inguruko ibilbide bat osatu du herrian. Ibilbidean zehar, Migel Joakin Eleizegiren bizitzaren leku adierazgarrietan panel batzuk jarri dituzte, eta horietan dauden testuak idazle pasaitarrarenak dira.

Hain juxtu, Izagirrek berak kontatzen duenez, Altzoko Udaletik bertatik jaio zen ipuin bat sortzearen ideia: “Oso bere sentitzen dute pertsonaia, eta ondo ari dira kudeatzen haren inguruko guztia. Ipuin batzuk egiteko ideiarekin nirekin jarri ziren harremanetan, eta hurbileko norbaitek egitea gustatuko litzaiekeela esan zidaten”. Izagirreri Handia ipuinetako protagonista bihurtzea ideia polita iruditu zitzaion.

Hala ere, hasierako ideia asko aldendu da azken emaitzatik. Izan ere, altzotarrek Handiaren bizitza kontatu nahi zuten ipuinen bitartez. Ipuin biografikoena ez zuen oso garbi ikusi, ordea, Izagirrek: “Nire ideia Altzoko Handia oinarri hartuta abentura batzuk sortzea zen, gaur egungo erreferentzia bat izan zedin, eta ez beti iraganeko zerbait”. Altzoko Udalekoei buruan zuena azaldu zien, eta gustura jaso zuten proposamena. Argitaletxera jo zuen proiektuarekin, eta baiezkoa jaso ostean, martxan jarri zen.

Irudia, elementu narratibo
Ipuinerako protagonista egokia da Handia Izagirreren arabera, dituen ezaugarriengatik: “Heroi interesgarria da, batik bat duen proportzio desproportzioarengatik”. Gaztetxoei zuzendutako album formatuan pentsatu zuen. Horretarako, irudigileak behar zituen, eta Fito Rodriguezek Irrimarrakoengana jotzeko gomendatu zion. “Ez nituen ezagutzen, beraien lana ikusi nuen eta izugarri polita iruditu zitzaidan”, dio.

Irene Irureta zumaiarrak eta Karmele Gorroño galdakaotarrak osatzen dute Irrimarra. Unibertsitatean ezagutu zuten elkar, Arte Ederrak ikasten ari zirela. Ordutik, denetariko lanak burutu dituzte elkarrekin, muralak edota kartelak, kasu. Baina, estreinako aldia dute album ilustratu baten osaketan. Iruretak azaldu duenez esperientzia badute album ilustratuetan, baina, ez modu honetan: “Galdakaoko Udalak haurrei oparitzeko ipuinak egiten ditu, eta horietarako marrazkiak eginak ditugu. Baina, idazle batekin eta argitaletxe batekin lan egin dugun lehendabiziko aldia izan da”. Eta “oso gustura” daude, esperientzia “oso ona” izaten ari delako.

Izagirrek “oinarri modukoa” bidali zien ilustratzaileei, “zerbait irekia”. Eta Irrimarrakoak horren gainean hasi ziren lanean. Aurretik, ordea, Handiaren unibertsoan murgiltzeko beharra sentitu zuten. “Koldok ideia kontatu zigunean, artean pelikula aurkeztu gabe zegoen, eta guk Altzoko Handia ez genuen ezagutzen. Horregatik, lanean hasi aurretik, istorio guztia ezagutu nahi genuen, eta Altzora ere joan ginen Koldoren laguntzarekin gehiago jakitera”. Hori bai, Gorroñok dioenez, “oso interesgarria” izan da pertsonaia deskubritzea.

Bada, prozesuaren hasierako unean ikusi zuten narrazioa irudiak eraman behar zuela eta hori jarri zuten helburu moduan: “Testuari dagokionean, ezinbestekoa baino ez jasotzea hobetsi genuen, eta gainera, testu narratiboa baino onomatopeiak, kantuak eta elkarrizketekin osatua izatea”, azaltzen du Izagirrek. Beraz, lekua edota egoera, esaterako, irudiek kontatzen dute, eta gertaera edo gertaeren garapena protagonisten elkarrizketen bitartez azaltzen da. “Irudia ez dadila izan testuaren apaingarri, baizik eta elementu narratibo bat, hori izan da funtsa”, dio idazleak.

Horrek berarekin zailtasuna dakarrela dio Izagirrek. Zailtasuna helduentzat. “Ohituta gauden testuetatik aldentzen da, alegia ez dugu irakurriko ‘Behin batean herri txiki batean’ bezalakorik. Norberak asmatu edo irudikatu behar du”. Irudiaren eta testuaren arteko batasuna azaltzeko musika jartzen du idazleak adibide moduan: “Zer da kantua letra edo musika? Ezin dira bereizi. Laboaren Txoria txori beste musika batekin ez dugu imajinatzen. Musika horrek agian ez du interes handirik letrarik gabe, eta letra horrek irabazi egin du musikarekin. Hori da, hain juxtu, lortu nahi izan duguna, bien arteko batasun perfektua”.

Gorroñok eta Iruretak benetako pertsonaia batean oinarrituta sortu dute ipuinerako protagonista. Eta, horrekin ere zailtasunak izan dituztela argitzen dute: “Batetik, benetakoa izanik, errespetuz jokatu behar duzu, jendea ez mintzeko, kontuan izanik beti ere, fikzioa dela. Izan ere, bere bizitzan oinarrituko balitz bestelako zerbait egingo genuke, eta agian beste kolore batzuk aukeratuko genituzke”, diote. Bestalde, benetako pertsonaia izatearekin pertsonaia oinarri hartuta irudia sortzea pentsatu zuten, baina, azkenean, era librean sortu dute Handia. “Ez dago Handiaren argazkirik, bada eskultura bat, badira marrazkiak baina hauek bata bestearen artean desberdinak dira, beraz, azkenean guretik jo dugu”, diote.

Handiaren ezaugarriak dituen pertsonaia sortu dute, argi izanik ez zutela “itsusi” egin nahi: “Askotan gauzak esajeratzen dituzunean pertsonaiak itsusteko arriskua egoten da, eta guk ez genuen munstro bat bezala agertzerik nahi. Itxuraz ezezik, bere jarreretan igertzen da ez dela horrela, pertsona atsegina, sentimentala dirudi”. Izagirrek ideia horri eutsiz, Handiak, handi izate hutsagatik, sentimenduak sorrarazten dituela nabarmentzen du, hau da, aurreiritziak dituztela berekiko: “Handia da, baina ez munstroa, eta hala ere beldurra sortzen du. Proportzio handiak ditu, baina, ez da biolentoa, eta jendeak edozer egozten dio. Ideia hori interesgarria da”.

Irudimena zikiratua
Elkarlanean burutu dute lana idazleak nahiz ilustratzaileek hasieratik bukaerara arte. “Irudiak egin eta Koldorengana jotzen genuen, ondoren Koldok testua aldatzen zuen, gero guk berriro irudiak aldatu… Elkar aberastu dugu”, azaltzen du Gorroñok. Idazlearen testua aldatuz eta murriztuz joan bada, irudiek ere bilakaera izan dute. “Hasierako irudiak literalagoak ziren, eta testuaren dependentzia handiagoa zuten. Orain, berriz, askoz ere narratiboagoak dira”, zehazten du ilustratzaileak.

Koloreen bitartez ere zerbait gehiago kontatu nahi izan dutela gehitzen du Iruretak: “Gurasoak, eta oro har, helduen munduko elementu guztiak txuri beltzean ageri dira”. Ezaugarri horrekin desberdindu nahi izan dituzte nolabait bi munduak. “Agian helduak konturatu ere ez dira egingo detaile horretaz, baina, ziur haurrak baietz, eta marrazteko dela pentsatu eta koloreztatzen hasiko dira”.

Albumaren orrietan zabaltzen diren mezuei dagokienez, asko direla zehazten dute egileek. Izagirrek kontatzen duenez, musikaren pedagogia izan daiteke gaietako bat: “Amak pianoa jotzen ikasi behar duela esaten dio Kutixiri, berak sufritu zuen bezala sufritu behar duela hark ere, baina, gaizki aterako zaio. Musikaren tortura da, eta musikaren pedagogia landu beharreko zerbait da”.

Handia, bere lagun Kutixi eta honen ama eta aitaren bueltan sortuko diren abenturak dira ilustrazio album hauetan kontatzen direnak. “Ohituta ez gauden formatua” dela diote. “Oso narrazio literalak ditugu gurean, album ilustratu gutxi sortzen da, eta nahiko klasikoak dira. Hemendik ateratzen bagara, ordea, askotariko formatuak topatzen dituzu, argazkiekin soilik eginak, hitz gutxi eta irudi ugarirekin… Eredu asko daude”, dio Gorroñok. Ipuinak hasiera bat izatea eta umeari erakutsi beharreko mezua agerian egotea espero duela hemen jendeak diote, eta horregatik harridura sor dezakeela euren proposamenak. Hasieran “pixka bat zailago” egingo dela irakurtzea onartzen dute, baina, hori aldatzen joango dela espero dute.

Zailtasun hori ulertzeko adibideak ere ematen dituzte: “Ipuinaren lehen orrian, esaterako, herriko etxeak ageri dira, eta leihoak itxita. Leiho batean begi bat ikusten da. Haur gehienak, ziurrenik, konturatuko dira Handiaren begia dela, baina, helduak testura joko dute zuzenean azalpen bila. Eta, haurra konturatuko da mendia Handiaren bizkarra dela, guri oharkabean pasako zaigun bitartean”.

Baina, zergatik gertatzen da hori? “Irudiak testuaren apaingarri moduan ulertzen ditugulako”, diote. Eta, ipuin hauetan proposamena bestelakoa da: “Irudietan herria ikusten baldin bada ez dago testuan jarri beharrik herri batean daudela, edo aurpegiaren jarreran bihurri dagoela atzematen bada, ez dago testuan errepikatu beharrik”. Irudimena eta sorkuntza hezkuntzan landu ez izanagatik gertatzen dela hori helduengan arrazoitzen du Izagirrek: “Hezkuntza penagarri bat daukagu, eta irudimenaren zikiratze bat ematen da, ez baitago ia kanturik, ez jolasik… Eta emaitza da heldu garenean guztia azalduta, garbi eta frogatuta nahi eta behar dugula”.

Horiek horrela, gurasoek eta haurrek elkarrekin irakurtzeko “oso egokitzat” jotzen dute lana. “Behin eta berriro irakurtzeko aproposa da, irakurketa bat baino gehiago izan dezakeelako. Horregatik, album hauek irakurle inteligenteak sortzen dituzte”, dio idazleak. Halaber, irakurtzen ez dakien haurrarentzat ere egoki ikusten du Izagirrek: “Irudien bitartez jarraituko du hasieran kontakizuna, eta denbora bat igarota berriro esku artean duenean, aurrekoan baino gauza gehiago ulertuko ditu. Oso polita da hori”.

Sei liburuz osatutako bilduma
Altzoko Handia eta Kutixiren gezurrak eta Altzoko Handia eta Kutixiren pianoa bildumaren lehen bi liburuak dira. Une honetan hurrengo biak izango direnekin ari dira lanean. Irudi konkretu batetik abiatuko dute afera. Abentura gehiagorekin, egoera desberdinekin jarraituko dute eta Handia, Kutixi, ama eta aitarekin batera, amona ere sartuko da.

Hasierako fasean daude, eta hori dela “zailena” diote: “Guztia erabaki behar duzu hasieran, eta horrek baldintzatzen zaitu ipuin osorako”. Izagirrek istorioa gutxi gorabehera nondik joango den izaten du buruan, eta ilustratzaileek horren arabera ideia desberdinak garatzen dituzte. Hala, etorriko direnetan “pertsonaia aztoragarri” bat ere gehituko zaiela kontatzen dute, eta baita “egoera berezi” bat. “Hori guztia definitzen eta finkatzen ari gara orain. Baina, interesgarria da bai guretzat, bai eta irakurleentzat ere bilduma bat izanik protagonistak mantendu egiten direlako”.

Udaberrian argitaratuko dira hurrengo biak, eta aurreikusten dutenez, 2019 urtearen amaieran ikusiko dute argia hurrengo biek. Horrela borobilduko dute bilduma, sei ipuinez osatuko baita. Protagonisten abenturek, ordea, jarraipena izango dute agian: “Nork daki hemendik urte batzuetara Kutixirekin bilduma propio bat sortuko den”, dio Koldo Izagirrek.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu