Mikel Martinez: “Dramarekin baino gauza serioagoak transmititu daitezke umorearekin”

0

Euskal antzerkiaren aurpegi ezagunenetariko bat da Mikel Martinez: EHUko Irakaslego Eskolan medikuntzari buruz eman beharreko klaseak utzi eta, euskararen aldeko militantziatik, Maskarada taldera salto egin zuena; egun, Tartean eta Ez Dok Hiru bikoteatroko partaidea. Ez Dok Hiru euskal kantutegiari buruzko antzerki musikatua plazaratu du berriki, baita Dario Foren eta Franca Rameren omenez, Biba Voi! lana ere. Eta ez dira horiek esku artean dauzka proiektu bakarrak.

Antzezlanen afixek betetzen dituzte Café Bilbao tabernako goiko pisuko paretak. Mikel Martinezen (Arinzano, Nafarroa, 1955) ibilbidearen lekuko isilak dira, antzeztutako obra kutunenen zerrenda grafikoa: Kontrabajua, Munstro sakratuak, Larru Haizetara, Lingua Nabajorum, Zergatik, Jamil?, Euskarazetamol… Bilbo Plaza Barriko kafetegi mitikoaren jabea da Martinez, baina, batez ere antzezlea da, antzezlea eta euskararen aldeko militantea. “Ni hasi nintzen antzerkia egiten euskararengatik. Zer egin behar da? Antzerkia? Bada, egingo dugu antzerkia. Lehenengo iparra zen euskara, guztiz; gero, zaletu egiten zara antzerkiarekin. Gustatzen zait jendeari istorioak kontatzea, jendea emozionatzea”.

Arinzanon jaio eta Bilbora ume garaian joana, familia erdaldunean hazi zen, baina, hala ere, unibertsitate aroak “beste mundu bat” ezagutzeko aukera eskaini zion. “Hasi nintzen euskara ikasten bertan zegoen mintegi klandestino batean. Hitz egiten ari gara Francoren garaiaz”. Medikuntza ikasi zuen; ordea, bukatu eta, “honengatik edo horregatik”, iskin egin zion mediku izateari; euskararekiko tserak presente jarraitu zuen, nolanahi ere, eta antzerkiraino eraman zuen. Garai hartan, medikuntza arloan unibertsitatean baino ez baitzen aritzen, irakasle lanetan. Orduan, ikasle batek luzatu zion Maskarada antzerki taldean sartzeko gonbita. Mundu berri baterako atea izan zen hura: “Hasieran, denak ginen euskaldun berriak eta oso militanteak. Talde profesionala ginen, edozein momentutan gure funtzioak emateko prest geundelako, baina ‘komuna’ bateko kideak eginen. Egiten genuen edozer gauza, eta ia-ia musu-truk. Profesionala esaten duzunean, ematen du soldata bat duzula, baina baldintzak ziren guztiz prekarioak”, gogoratu du, orduko obra baten zuri-beltzeko argazkia seinalatzearekin bat.

Publizitatea

Profesionalak izan baziren Maskarada taldean, obra mordoa ekoitzi zuten-eta: Danbor magikoa, Pistoralen begi zuri beltzak (Dario Fo), Gastibeltzaren Karabinak (Marck Legasse), Kontrabajua (Patrick Suskind) eta Anarkista baten ezusteko heriotza (Dario Fo – Tanttaka), besteak beste. “Euskal antzerkigintza oso eskasa zen orduan. Ez zegoen publikorik. ETB ez zegoen. Antzerkia, telebista, zinema… ez ziren existitzen. Zaila zen egiteko eta ikusleek onartzeko; guk nahiko lan egiten genuen. Gutaz aparte oso gauza gutxi zegoen euskaraz”. 1980ko hamarkadari buruz ari da, denboran atzera eginda.

Emankorrak eta uzta handikoak bai, baina zailak ere izan ziren hastapeneko urte horiek. “Lehen, entzuleei kostatzen zitzaien gehiago; ez zegoen euskara baturik. Orain, jendea ohitu egin da zinema, telebista… bere etxeko euskara ez den euskara batean entzuten. Guk bide horretan lagundu genuen, euskaldunen belarri hori sortzen”. Umiltasunez egin du solas, baina desertuan oasia sortu duenaren kontzientziaz: “Lan dezente egiten genuen. Obra bat sortu eta egiten genituen 120 emanaldi; gaur egun, egiten duzu obra arrakastatsu bat eta 50 aldiz eskaintzen baduzu, asko da!”.

Garaiak aldatu dira. Hala da Martinezen irudiko. “Orain, bada laguntza instituzional gehiago, badaude antzokiak, baina, bestalde, diru guztia dago instituzioetan; lehen, lan militantea zegoen auzoetan, elkarteetan… Jendea mugitzen zen gauza horiek antolatzeko eta jai batzordeak deitzen zintuen eskolako aretoan, txosnetan-edo antzezlanak egiteko. Baldintza hobeak dauzkagu, baina gauza batzuk galdu egin dira”. Badaki zertaz ari den: 2002. urtera arte aritu zen Maskaradan, urte luzez, eta testuinguruaren lekuko zuzena izan da, lehen mailako iturria.

Bakarrizketak jendetza erakarri zuenekoa
Luzea bezain plurala da Martinezen emankizun bilduma, sasoi batetik bestera aldatu eta transformatu dena. Aldaketaz ari dela, ingurua behatu du, egindako guztia akorduan. Eta jarraian, obra kutunenak aipatu, zer edo zerengatik bereziki mugarritzat izan dituen horiek, memorian iltzatuak dauzkanak. Argi du izen bat: Kontrabajua. Patrick Suskinden bakarrizketa da, Euskal Herria puntarik punta gurutzatzeko aitzakia eman zion lana. “Monologoek beti erakarri naute, ikusle edo egile bezala. Monologo hura mota guztietako txokoetan egin nuen, eta izan nuen euskaldun asko harritzeko aukera, euskararekin eta antzerkiarekin”.

Harritzea. Hori da behin eta berriz errepikatu duen hitza: “Asko gustatzen zait jendea harritzea, dibertitzea. Esatea: ‘Zein ondo pasatzen ari naizen eta… euskarari esker! Zeinen ondo: euskalduna naiz honekin gozatzeko!’. Kontrabajuarekin aukera hori izan nuen”. Eta bakarrizketa izateak erraztasuna eman zion, gainera: “Monologo batean, aktore bakarrarekin, aukera gehiago dauzkazu hamar aktorerekin baino. Gero, lana txarra bada, abantaila hori guztia galdu egiten duzu, jakina!”.

Beste lan batekin ere oroitu da. “Gastibeltzaren karabinak ere oso inportantea izan zen; Mark Legasseren opereta bat”, eta alde bietara begiratu du, publiko aurrean bezala, orduko hura berriz gogora ekarrita-edo.

Umoreari buruz seriotasunez
“Zenbat eta gauza dramatikoagoa eta arraroagoa egin, ahalik eta gutxien ulertzen bada, orduan eta arrakasta handiagoa izango duzu; inor ez da ausartuko esatera: ‘Hori da hori kaka zaharra!’. Egiten duzuna jendeak ulertzen badu, barre egiten badu, orduan edozeinek merkea eta erraza dela usteko du”. Umorea ez dela aintzat hartzen uste du Martinezek, seriotasunik ez zaiola aitortzen, oraindik ere batzuentzat ez dela gainontzeko generoen parekoa. Berak argi du baietz, umorea baliagarria dela, baliagarria oso: “Umorearekin transmititu daitezke dramarekin baino gauza serioagoak”.

Barre eginez eta eginaraziz gauzatu du haren ibilbidearen zati handi bat, eta hor ez du bidelagunik faltan izan. Mikel Martinez aipatzerakoan, Patxo Telleriaren izena dator arrapaladan, ia ezinbestean. “Umore marxiano xamarra” egiten dute biek ala biek: Marx anaien umoretik tiraka, “absurdo xamarra, martzianoa, guztiz ironikoa”.

Maskaradan elkar ezagutu eta Marxkarada umorezko obra sortu zuten beste aktore batzuekin batera. Orduantxe ohartu ziren bazutela bien artean konexio berezia eta halaxe jaio zen batera sortu zuten lehen proiektua: Munstro sakratua. Gerora, “AEKren erruz” euskararen gaia lantzen hasi ziren beren obretan eta hori bide luze baten hasiera izan zen, euren label ikurraren sorkuntza: Euskara Sencilloaren Manifestoa, Larru Haizetara, Euskarazetamol, Lingua Nabajorum…

Laguna eta lankidea du Patxo Telleria, eskutik helduta egin dute biek bidea hainbat lanetan, eta harekiko miresmena suma daiteke Martinezen hitzetan: “Patxo Euskal Herrian daukagun dramaturgorik onenetarikoa da, ez bakarrik istorio harrigarriak asmatzen dituelako, baizik eta oso ondo dakielako istorio horiek antzerkian zelan kontatu”. Telleriaren idazketa hartu du ardatz: “Patxok izugarri ondo maneiatzen du antzerkirako euskara, erraz ulertzeko moduko testu zailak idazten ditu. Eta hori oso oso inportantea da gure publiko euskaldun berri edo zaharrarentzat”.

Umorea euskara. Horra Telleriaren eta Martinezen bi ardatzak. Ikus-entzuleek harrera ona egiten diote uztarketari: “Jendeak oso ondo hartzen du. Batzuetan, kontatzen ditugu gauza mingarriak: zein nekeza den euskaldun berria izatea… Ateratzen ditugu mina ematen duten gauzak eta horrekin, horretaz, barre egiten dugu. Askatzailea da neke horiez, miseria horiez barre egitea”.

Askatasunaren karietara ere hitz egin du Tartean eta Ez Dok Hiru teatroko kideak. “1980ko hamarkadan askoz ere irreberenteagoa izan ahal zinen eta gizartea, antzerkia, zinema, telebista… askoz ere irreberenteagoak ziren”. Beltz ikusten du oraingo panorama: “Egun, eskumatik, Espainiatik, batzuetan ezkerretik, oso kontrolatuta gaude; interes politikoengatik oso erraz jaso ahal duzu zentsura”.

Zentsura ez da bakarrik alde bakarrekoa izaten, eta familiaren tabernako paretei begira beste gai bat paratu du mahai gainean Martinezek: autozentsura. “Batzuetan, autozentsuratzen zarenean ez zara konturatzen egiten ari zarenik ere; dena den, gu ez dut uste autozentsuratzen garenik. Egia da Ez Dok Hirun ez ditugula gai potoloak tratatzen, gai ustez txikiak erabiltzen ditugu, baina gai txiki horiek oso oinarrizkoak, inportanteak izan daitezke. Tartean Teatroan taldean gai potoloagoak erabiltzen ditugu (Pankreas, Zergatik, Jamil?) eta hor ere saiatzen gara sentitzen duguna esaten. Abantaila daukagu, agian: Antzerkian eta euskaraz libreagoak gara”, adierazi du barrez.

Atsedenik ez, antzerkirik gabe
Ez Dok Hiru lanarekin aretoak eta gelak betetzen dituzte orain Martinezek eta Telleriak, euskal kantak oinarritzat hartuta, horien inguruko esketxak eginda. Adibide bat eman nahi du Martinezek eta pasarte bat antzeztu du, Café Bilbao tabernan, grabagailuaren aurrean: “Barre egiten dugu euskal kantetan erabiltzen diren metaforekin edo letren sakontasunarekin. Pena da jendea ez konturatzea sakontasun horretaz: Anteron Txamarrotia, Sinkerren bibotia…“, eskuak mugituz abestu du kanta, keinuera serioan, ingurukoak barrez hasi bitartean. Arriagan estreinatu zuten Telleriak eta berak Ez Dok Hiru, hainbat musikarirekin batera, eta herriz herri dabiltza orain.

Dario Fo eta Franca Rame akorduan, Biba Voi! lana da jendaurrean lantzen ari den beste sorkuntzetako bat, Irati Agirreazkuenaga aktorearekin batera taularatzen duena. Foren eta Rameren hainbat antzezlan zati aukeratu eta horiek dramatizatzen eta antzezten dituzte. Pistolaren begi zuri beltzaken pasarte bat, Mistero Bufforen ataltxo bat, Rameren bakarrizketa zenbait… Fo hil zen egunean otu zitzaion Martinezi zerbait egitea, eta obra labur itxura hartu du burutazio hark. Areto txikietarako emankizuna izanik, batetik bestera eskaintzen dabiltza orain aktore biak.

Hamaika proiektu esku artean, argi dagoena da oholtzara igotzeko grinarik ez duela falta antzezleak. Aurrera begirako asmoak, zerumugan; erretiroa urruti dago. “Ez daukat jubilatzeko inolako gogorik, ezta inolako asmorik ere. Imajinatzen dut egunen batean gorputzak behartuko nauela, baina gorputza daukadan artean, ilusio handiarekin segituko dut. Egiten dudana gustatzen zait pila bat: euskara eta antzerkia. Bizitza honetan ipar txiki-handiak izatea inportantea da, horiek dira nireak; ez dira munduko iparrik onenak izango, baina nireak dira”.

Iruzkina idatzi

Izan zaitez lehena iruzkina uzten!

Harpidetu
avatar
wpDiscuz