Jon Arretxe, idazle kamaleoia

0

Euskal literaturaren herrena edo zulo beltza da generoko literatura. Argi eta garbi esan daiteke euskal idazleek askogatik hobesten dutela literatura errealista, modu batean dramatikoa, beste inolako adjektiborik onartzen ez duena. Ez umorezkoa, ez poliziakoa, ez fantastikoa, ez zientzia fikziozkoa: euskal idazleek ez dute generoak sor litzakeen zamarik edo, okerragoa dena, estigmarik nahi. Joera horretatik aparte, kasik ardi beltzaren pare dabil Jon Arretxe basauriarra. Hasi, bidaia-literaturarekin hasi, eta bada urte mordoxka genero beltzari emana bizi dela. 111 Akademiak harekin hitzordua egin du, literaturaren belztasunaz eta belztasunez jarduteko mintzakide hobeagorik irudikatzea, arras zaila delako.

Haurra besoetan daukala egin digu harrera Jon Arretxek, Arbizuko Karrika tabernan, eta elkar betitik ezagutuko bagenu bezala berriketan hasi gara segituan, haur kasik jaio berriaz (bi dauzka), aitatasunaz, liburuez eta Sakanako bizitzaz. Lehenagorik ezaguna genuen Arretxe, idazleok elkar ezagutzen dugun gisan, han eta hemen topo egin eta lankideen moduan hizketan jardun izanagatik. Baina gutxitan izan da. Ez da idazle plantak eginez ibiltzen den horietakoa, bere buruari garrantzia emanez, berri-paperetan eta sare-sozialetan lardaskan ibiliz eta abar, baizik eta aurkakoa. Jertse polarra darama, galtza bakero zabalak, ileak Jack Nicholsonen erara desorraztuak. Ezagutuko ez bagenu, igeltseroa dela pentsatuko genuke, edo banatzailea, edo mekanikaria akaso. Zerikusirik ez daukana munduko mila bazter ezagutu dituen eta operan kantuan aritzen den idazlearekin, zeinak, bide batez esan dezagun, bi baititu orain arte egindako karrerak, horien artean euskal filologia, non doktorea ere baden.

Mai txikia hartuta bagoaz Jonen Arbizuko etxera, han lasaitasun handiagoz jardun asmoz. Izatez basauriarra da, baina Gasteizen ikasi zuen eta han bizi izan zen luzaroan. Duela 13 urte, ordea, triatloi bat lehiatzeko izan zen Arbizun, eta hantxe eraiki zuen aterpea, Aralarren eta Urbasaren arteko bailara ederrean.

Etxerantz goazela hasi naiz bere azken liburuaz galdezka, duela aste gutxi Erein argitaletxearekin plazaratu duen Sator lokatzak, Touré detektibe sasi-igarlearen azken alea. “Touré sortu nuenean, ordurako baneukan harekin saga bat edo sail bat sortzeko asmoa, eta ia oharkabean, bostgarrenera iritsi naiz”, aitortu du. Euskaraz helduentzat dagoen pentalogia bakarra da, baina ez da halako estatistikekin zoratzen den idazlea: “Baten batek esan du Europako lehen ikerlari beltza dela. Harrituta geratu nintzen: lehena? Beno, agian izango da, ez dakit. Hala bada, ba ederki!”. Euskaraz literatura beltzaren errege izan zen Xabier Gereñok ere sortu zituen liburu batetik bestera ibiltzeko pertsonaiak, literatura beltzean behin eta berriz egin izan den moduan. Izan zuen Kikili izeneko pertsonaia bat, eta baita Jurgi kapitaina ere, baina ez zuen sekula pentalogiarik osatu.

“Detektibe beltzarena asmatu nuen egin nahi nuelako zerbait ezberdina. Idaztean beti nahi izaten duzu zerbait ekarri besteek ekarri ez dutena, eta ordurako bazeuden ehunka detektibe zuri alkohol zale, eta handik atera nahi nuen. Hortik etorri zen detektibe beltzaren ideia”. Chester Himes idazle beltza gustuko duela azpimarratu du Arretxek, eta hark AEBetako literaturari aspaldi eman zizkiola ikerlari beltzak, baina ez dago seguru ideia zinez handik ote datorkion, eta bere bizitzan egin dituen ehunka bidaietatik, non Afrika beltza askotan zeharkatu baituen.

Ez da detektibe beltza bakarrik, ordea, Arretxeren Touré maitagarri hau. Paperik gabeko etorkina da, mila ofiziotan ibili behar izan duena bizimodua ateratzeko, poliziaren jazarpen gogaikarria pairatu duena, eta bere inguruan dauzkana arloteak, jonkiak, putak eta, oro har, bazterreko jendea. “Bazterrekotasun hori erakusteko Euskal Herrian nekez aurkituko duzu Bilboko San Franzisko baino auzo egokiagorik”, dio. Auzoaren izena hartu eta hura erabili zezakeen Arretxek, beste idazleek egiten duten moduan, aipatzen duten hura gutxi gorabehera ezagututa, edo Internet bidez informazioa lortuta. Arretxek, ordea, beste modus operandi bati jarraitu izan dio idazten hasi zenez geroztik: kontatzen dituen toki horietan bizitzea, haien gutxi gorabeherako irudia bainoago, hango esentzia transmititzeko. “Touréren istorioak kontatzen hasi nintzenez geroztik, beti egin izan ditut egonaldi luzeak San Franziskon, hano elkarteek lagunduta, eta lagun bati esker, hark etxea utzi zidalako: kasik hango auzotar bat gehiago bilakatu naiz azkenean”. Arretxe, izan ere, idazle kamaleoia da, eta edozein taberna zokotan (edo beste edonon) esertzen da, hango joan-etorriak zelatatu eta bere koadernotxoan apuntatzeko: hala gizendu du bere obra ezin oparoagoa.

Etxera ailegatu eta ikusi dugun lehen gauza ate ondoan dagoen Arretxeren triatloi bizikleta da, Vitus markako aluminiozko bizikleta zaharra, Campagnoko osagaiez hornitua. Delta modeloko galgak dituela esan diot, bere garaian Miguel Indurainek erabili zituen horiexek: “Badira urte batzuk denek iseka egiten didatela, oso bizikleta zaharra delako, baina niretzat oraindik oso ongi dabil”.

Sukaldean eseri eta Viet Namgo kafea eskaini dit, bere azken liburuaz berriketan segi aurretik. Tchaikovskyren Eugene Onegin opera jarri du, Gremin printzearen aria zehazki, haren gustuko operaren bat jar dezan eskatu diodanean, kantari baxuentzako opera zoragarria. Une batez isilik iraun dugu hura entzunaz: “Ikusi duzu nola kantatzen duen bularrarekin? Tenoreek buruarekin kantatzen dute”. Ez dut azalpena oso ongi ulertu, baina ez naiz galdetzen ausartu.

Azken nobelaren hasieran azaltzen den liburutegiaz hasi gara gero, San Franziskon bertan dagoena, eta Arretxek oso ongi ezagutzen duena, han aritzen baita tarteka idazten Bilboko egonaldiak egiten dituenean. “Liburu hasieran aipatzen da arlote bat, liburutegira sartzen dena gauez egin ahal izan ez duen kuluxka egitera: ba huraxe egunero ikusten nuen. Beste pertsonaietako bat, flamenkoa kantatuz txaloka hasten den hura ere, liburutegiko bezeroetakoa zen: azkenean, han egon eta begiak zabaldu hutsez, milaka istorio eta pertsonaia atera ditzakezu”. Bada beste bat, ISISarekin harremana daukan pertsonaia bat, gaurkotasun handikoa, Arretxek abilidadez sartzen duena azken nobelaren traman: “Hura ere ikusi nuen, ez dakit oso ongi zertan zebilen, baina beti artzen zen errezeloz atzera begira, ordenagailuan ikusten ari zena legez kontrakoa balitz bezala”.

Esan daiteke San Franziskoko komunitatea ezagutzeak bizitza aldatu diola Arretxeri, liburuez gain, bigarren aberri txiki bat ere eskaini diolako, egotearen egoteaz sortu zaiona, eta harro aldarrikatzen duena. “Liburuak argitaratzea parte bat da, baina gero joaten naiz hara eta aurkezpenean bertan aretoa lepo betetzen da, jendeak liburuak eramaten ditu, eta gero oharrak egiten dizkidate, hau edo beste hori zuzen idatzi ez dudala esateko. Beti izaten dira txikikeriak lotura daukatenak nik fikzioa eraikitzeko hartzen dudan askatasunarekin, badakizu, idazleak errealitatea bere gustura moldatzen duelako. Irakurleek, ordea, seriotan hartzen dute, eta hura esatera etortzen dira”.

Mai txikia Altsasuko haur-eskolara eraman behar du Arretxek, eta hirurak autoan sartu gara. Nabari da jada 13 urte direla Sakanan bizi dela, kaletik agurtzen dute denek eta kalexkak ondo ezagutzen ditu. Bidean azken nobelan ageri den eta orain arte aipatu ez dugun gentrifikazioaz mintzatu gara, urterik urtera nabarmen handitzen ari dena San Franzisko auzoan Arretxeren irudiko, eta baita ere mintzatu gara idazlearen bizitzaz, eta Arretxek alde horretatik izan duen abilidadeaz, lehen ez dugulako esan, baina idazle profesionala baita, nahiz eta gehiago lotzen duen “zoriarekin”, merituarekin baino. “Lehen liburuak, Tubabu-k, harrera ona izan zuen, artean nik nire burua idazle sentitzen ez nuela, beharbada Euskal Herria oso herri bidaia zalea delako. Urteak neramatzan bidaiatzen, oso gazterik hasi bainintzen, 18 urterekin, eta halako esperientzia eta anekdota mordoa neukan, ze haiek paperean agertzea erabaki bainuen”. Hala hasi zen dena, ia istripuz, edo kasualitatez, baina harez geroztik ibilbide ikaragarri oparoa izan du Arretxek, eta dagoeneko 22 liburu eman ditu plazara. “Urtero liburu bat plazaratzeko ohitura hartu dut, dagoeneko tamaina hartua diot lanari; argitaratzen ditut liburu ez oso luzeak, egitura aldetik menperagarriak”, dio. Ez da idazle arrunta. Idazleek, gehienetan, hutsuneak, blokeoak, orri zuriarekin ezin ikusiak, paniko aldiak eta uzkur aroak izaten dituzte. Mutu geratzen dira. Ez da Arretxeren kasua: “Liburu bat amaitu orduko asteak ematen ditut ezer egin gabe, orri bakarra idatzi gabe, baina jartzen naizenean disziplina handia daukat, kasik egunero egiten dut”. Gutxik esan dezakete hori.

Etxera bueltan txorizo muturrak eta arrautzak jarri ditu zartaginean, hamaiketakorako, eta berriz hasi gara berriketan. Bere emazte eta itzultzailea etorri da, Cristina Fernandez, Atikilt seme nagusiarekin.

Denak mahaian jarri, eta etxeko idazlearen gaztelaniazko bertsioez mintzatu gara. “Nire liburuak itzultzen hasi nintzenean jabetu nintzen ongi itzultzea zinez zein zaila den, orduan besteen esku utzi nuen, baina ez dut sekula Cristina bezalako itzultzaile egokirik aurkitu: liburuak hobetzen ditu!”. Konplizitatea, elkarrenganako ezagutza daukate, horrek laguntzen die. “Itzultzen hasi aurretik mila bider hitz egiten dugu liburuez, eta itzultzeko orduan izugarri laguntzen du horrek”, esan du Arretxek.

Azken nobela honetako berrikuntzarik handiena Touréren izatearen garapena da, orain arte anti-heroi positiboa izan dena, pittin bat lizuntzen eta usteltzen hasi baita.”Orain arte Touré ona izan da, baina azken honetan zertxobait harago eraman nahi nuen, eta poliziaren salatari bilakatu dut, baita hiltzaile ere”. Patricia Highsmithen Ripley mitikoa bezala, moraltasunaren bidea utzi, eta krimenaren lorratzean sartuko da, baina ez da, horregatik, irakurleentzat antipatikoa bilakatuko: “Joko hori interesgarria da, ez da lehen zen bezain ona, baina irakurleak bere motibazioak ulertuko ditu, poliziaren xantaiaren erruz hasten baita lehen egiten ez zuen hori egiten, egoera muturreko batean”.

Oharkabean gai batetik bestera saltoka hasi gara, Atikilt txikia ere sartu dugu elkarrizketan eta, konturatu gabe, literaturaren terrenoa utzi eta bizitzarenean sartu gara. Gutxika nire presentzia izatez arrotza geroz eta etxekoagoa dela pentsatu dut eta, ni ere, pittin bat kamaleoi sentitu naiz Arretxe-Fernandez familiaren etxeko sukaldean. Beti ikasten da zerbait.

Oinez egiten da bidea (edo bizikletaz)

Literaturaren zurrunbilo ofizialetik edo hegemonikotik at bizi izan da beti Arretxe, akaso orain lehen baino gehiago. Ez da idazleek eta kritikariek harro-harro eginda aipatzen duten idazlea, ez da besteak liluratzeko eta estatus hobea biltzeko aldarrikatzen den izena. Baina idazten hasi zenez geroztik, loria alferrikako eta faltsu samarreko hori guztia baino garrantzitsuagoa den zerbait lortu zuen: irakurleen faborea. Arretxe idazle efektiboa da, erritmo bizikoa, irakurlea batetik bestera abilidadez eramaten duena, trantsizioetan eta deskribapen mantsoetan galtzen ez dena. Eta irakurleek soiltasun hori eskertu egiten diote, haren liburuak trumilka erosiz. Hasi, bidaia kronikak idazten hasi zen idazten, eta zorabiatzerainoko paisaiak ekarri zituen euskal letren mundu txiki honetara: Txina, Nepal, Mali, Sumatra, Tailandia, Turkia, Algeria, Sahara, Laos, Birmania, Brasil… konta ezinezko bide, pertsonaia, ohitura, gertakari, poz, zailtasun eta misterio ezagutu genuen basauriarraren lumari… eta bizikletari esker. Izan ere, hasiera batean behintzat, bizikletaz bidaiatzen zuen, horrek bidaiari (eta kronikari) ematen zion gertutasun eta benetakotasunarekin, jakina baita bizikletaz dabilenak derrigor ezagutzen duela dabilen herria. Bizikletarekiko pasioa, bidaiatzeko grinaz aparte kirolarekiko pasiotik datorkio, eta ez dezala inork pentsatu erdipurdiko kirolaria denik, bere bizitzako 20 urte eman baititu triatloiak lehiatzen, haien artean Iron-man ezaguna, zeina, izenak salatzen duenez, burdinazko gizon-emakumeek soilik lehiatzen baituten.

Touré detektibearen pentalogia

19 kamera. Erein, 2012.

612 euro. Erein, 2013.

Hutsaren itzalak. Erein, 2014.

Estolda jolasak. Eren, 2015.

Sator lokatzak. Erein, 2016.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu